Ondarearen arrastoak

Urtero bezala, martxan daude Aranzadi elkarteak antolatutako indusketak. Gipuzkoan sei indusketa gune dituzte, eta joan den astelehenean ireki zituzten hiru: Saseta, Lizarrate eta Munoaundi. Lanean ari diren bitartean, bisita gidatuak antolatuko dizkiete herritarrei.

June Romatet Ibarguren

“Mendietara igo ziren ez zutelako kolpistei aurre egiteko baliabiderik”

Manex Arrastoa Sasetako kidea

Saseta defentsa sistema 1936. urtean Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo Andatzako mendilerroan sortutako lubaki sistema bat da. Haien artean ikusi eta komunikatzea ahalbidetzen zuen sistema zen. 2013an hasi ziren han indusketak egiten, eta aurten izango da azken urtea. Astelehenean hasi ziren Aranzadi elkarteko Julien Blanco zuzendaria, Manex Arrastoa koordinatzailea eta zazpi boluntario zundaketak egiten.

2013an Adunan hasi ziren ikertzen, eta urtebete beranduago Asteasu eta Zizurkil batu ziren proiektura. Hiru herrietan lanean hasi zirenean, boluntarioak Euskal Herrikoak bakarrik izango zirela erabaki zuten. Urte batzuk induskatzen igaro ondoren, 2018an Larraulgo Udalak bat egin zuen. Ordutik hona, bertan gertatutakoaren aztarnak topatu eta aztertzen ari dira.

Ikerketen arabera, lubaki sistema Espainiako gerra zibilean sortu zuen Kandido Sasetak, Azpeitiko komandantziaren aginduz, Nafarroatik sartu ziren kolpistei aurka egiteko asmoz. Arrastoak azaldu du haiei aurre egiten saiatu zirela herrietan: “Kalean borroka egiten saiatu ziren arren, mendietara igo behar izan zuten, ez zutelako kolpisten aurka egiteko baliabiderik”. 1936ko abuztuaren 16tik irailaren 19 ingurura arte egon ziren lubakietan, ia armarik gabe eta formakuntza handirik gabe.

Gaur egun, historia hori lurpean dago, eta udaraero lurra kentzen dutela esan du Arrastoak: “Lur eremuak pribatuak dira. Beraz, urtero lurra kendu behar dugu, eta gero berriro jarri; hori adostu dugu jabeekin”. Astelehenean hasi ziren induskatzen, eta aurten Harripiletako muinoan dauden lubakietan dagoen informazioa biltzea da haien helburua.

Udaran biltzen duten informazioa hurrengo hilabeteetan aztertzen dutela azaldu du koordinatzaileak, nahiz eta gauza batzuen datak une bertan jakin ditzaketen. “Aurkitu izan ditugu bala zorroak, eta horietan egin ziren eguneko data eta ordua jartzen du, baita egin ziren lekua ere. Adibide bat emateko: PS jartzen badu, Pirotecnica de Sevilla esan nahi du”.

Aurtengo indusketetan ere horrelako piezak topatzea espero du Arrastoak. Gainera, aurkikuntza horiek erakusteko aukera ere izango dutela azaldu du, datorren larunbatean, 11:00etan bisita gidatua egingo baitute. “Beti gonbidatzen ditugu herritarrak, baina oinez etortzeko eskaera egiten diegu, mendian hainbeste auto ez ibiltzeko”. Koordinatzaileak gehitu du eskertzekoa dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta parte hartzen duten lau udalen laguntza.

SAN ADRIAN - INDUSKETA LANAK

“Tarteren batean ez da inor egon bertan, baina egon direnek aztarnak utzi dituzte”

Afredo Moraza Lizarrateko kidea

San Adrian-Lizarrateko tunela naturalki sortutakoa da, eta milioika urte ditu. Aizkorri-Arazko natura parkean dago pasabidea, eta Aranzadiko kideak bertan arituko dira uztailean lanean. Joan den astelehenean hasi ziren indusketarekin; Jesus Tapia, Manu Ceberio eta Alfredo Moraza Aranzadi elkarteko kideak ari dira prozesua koordinatzen, eta hamabi boluntario daude haiekin.

San Adrian-Lizarrateko tunelaren inguruan mito ugari daudela azaldu du Morazak, eta horiek argitzeko asmotan hasi zirela tunela ikertzen duela hamalau urte, 2008. urtean.

Ordutik hona egindako lanean, besteak beste, tresna eta pieza ugari aurkitu dituzte. Zaharrenak, Goi Paleolitoko Madeleine aldikoak dira, duela 14.000 urtekoak. Ikerketen arabera, garai hartatik 1915. urtera arte gizakiak bizitoki modura erabiltzen zuela esan du koordinatzaileak: “Lehen arrastoen arabera, tunelean kanpalekua jartzen zuten hilabeterako, inguruan ehizatzen zuten, eta gero mugitu egiten ziren”. Gainera, azaldu du etapa guztietan lekukoak utziz joan direla: “Tarteren batean ez da inor egon bertan, baina egon direnek aztarnak utzi dituzte”.

Pasabidearen inguruan mito asko daude; adibidez, bertatik erromatarrak pasatzen zirela, gaztelu bat zegoela, ostatu bat zegoela, eta abar. Horietako batzuk egiaztatuak dituzte ikerketen bidez; Erdi Aroko gaztelu bat zegoen bertan, eta baita ostatu bat ere. Morazak aipatu du San Adriango tunela ospetsua bihurtu zela, bertatik pasatzea zela modu bakarra kostaldetik Gaztelara igaro eta Nafarroa saihesteko : “Gaur egungo egoerarekin alderatuta, N-1aren antzekoa litzateke”. Gaineratu du ziurrenik erregeak, merkatari nagusiak eta enbaxadoreak igarotzen zirela, eta horrek gehiago ezagutarazi zuela: “Pasatzen zirenek bidaiako gauza nagusien inguruan idazten zuten, eta denek, idatzietan, San Adriango tunela aipatzen dute”.

Pixkanaka historia ezagutuz doazen heinean, helburuak ere aldatuz doaz. Aurten, bi xede nagusi dituzte: Madeleine aldiko aztarnategia ondo finkatzea eta Erdi Aroko gazteluaren harresiak aztertzea.

Lanean dabiltza astelehenetik, eta jendea pasatzen denean azalpenak ematen dizkietela kontatu du Morazak: “Bisita gidatuak ere izaten dira dena ikusi ahal izateko, baita aurkitzen dugun tresneria ukitzeko ere”.

Induskatzeko tartea bukatzen zaienean, hesi batez ixten dute aztarnategia. Hurrengo urtean jarraitu ahal izateko babestu behar dutela jakinarazi du Morazak. Gainera, esan du hiru metro inguru jaitsi direla gune batzuk, eta hesiekin jendea erortzea eragozten dutela.

Ikertzen duten bitartean, ikasteko baliatzen dute parte hartzaileek, eta Zegamako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jaso dute.

Munoaundiko indusketa

“Herritarrentzat ere badira ikerketa hauek, eta etortzeko gonbidapena egiten diegu”

Antxoka Martinez Munoaundiko zuzendaria

Munoaundi bigarren Burdin Aroko herri harresitua zen. Azpeiti eta Azkoiti artean dagoen aztarnategi hori joan den astelehenean ireki zuten berriro, eta uztailaren 30era arte arituko dira han. Aurten Aranzadiko lau zuzendari eta Euskal Herriko eta Espainiako hamaika boluntario inguru dabiltza. Horien artean, batzuk profesionalak dira; beste batzuk, berriz, ikasleak, ikasitakoa praktikara eramateko.

Munoaundi 1990eko aurkitu zuten, baina aztarnategia 2004an ireki zuten, Sonia San Joseren zuzendaritzapean. 2015etik aurrera Antxoka Martinezek zuzentzen du.

“Garaiaren aurretik [Kristo aurretik] 390. urtearen ingurukoa da egindako dataziorik zaharrena, eta horrekin zehaztu genuen Gipuzkoan noiz hasi zen Bigarren Burdin Aroa”, esan du Martinezek. Data horren ondoren, ez dute topatu Erdi Aroko aztarnarik, baina Lehen Karlistaldiaren inguruko tiroketa bateko munizioa topatu izan dute.

Azken urteetan bi helburu nagusi izan dituzte udan egiten dituzten indusketetan: lehena, harresia ikertzea, eta bigarrena, barruko etxebizitzena. Horrez gain, aurten hilerria aurkitu nahi dutela esan du Azpeiti eta Azkoiti arteko aztarnategiko zuzendariak: “Frustrazioa dut gai horrekin, hamazazpi urtean ez baitugu oraindik hilerria topatu, eta badakigu hor nonbait dagoela”. Beraz, toki berriak irekitzen hasiko dira uda honetan, eta horrek jakin-mina sortzen diela aitortu du Antxoka Martinezek.

Datozen egunetan lanean jarraituko dute Munoaundin, katak eginez, aurkikuntzak garbituz eta katalogatuz, besteak beste. Amaitzen dutenean eremua ondo kontserbatzeko estali egin behar izaten dutela azaldu du Martinezek, eta orain arte ez dutela modu perfektua aurkitu. Plastiko beltz batez estaltzen dute, eta izkinetan lurrez beteriko poltsak lotzen dizkiote. Hala, argirik eta hezetasunik ez sartzea lortzen dute, baina zuzendariak kontatu du noizean behin dena ondo dagoen begiratzera igo behar izaten duela.

Aztarnategian lana egiteko finantzaketa beharrezkoa izaten dela esan du Aranzadi elkarteko kideak. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalen laguntza dela azpimarratu du. Gaineratu du herritarren ondarea aztertzen dutela eta jendea bertara joan daitekeela: “Herritarrentzat ere badira ikerketa hauek, eta etortzeko gonbidapena egiten diegu. Gu bertan gaude gure ondarea ikusteko, eta horri buruz ikasteko aukera polita izaten da”.