Onena gure seme-alabentzat

Amaierarik gabeko eztabaidetarako gaia da eskolarena, eta pedagogiarena oro har. Alde batetik tira eginez gero beste alde batetik gabeziak sortzen dira, eta ikasle edo haur batzuentzat mesedegarri dena beste batzuentzat kaltegarri gerta daiteke.

Gizartean atzematen den edozein arazori buruz hitz egiten denean, berehala agertzen da hezkuntzak duen garrantziaren kontua, haurrei txikitatik eman beharreko azalpenena, kontzientzia piztu beharrarena, ohitura egokiak sortu beharrarena… Elikadura, osasuna, iraunkortasuna, pluraltasuna, kulturartekotasuna, elkarbizitza —matxismorik, lesbo-homo-transfobiarik, aporofobiarik, xenofobiarik eta kapazitismorik gabekoa—, ariketa fisikoaren premia, antzerkiaren onurak, dantzarenak, musikarenak, irakurzaletasunarenak… Zer ez?

Hori guztia eta gehiago eskatzen zaio eskolari, ikasle bakoitzari bere beharren araberako arreta emanez betiere, inon diren ikuspegi guztietatik begiratuta ere inklusiboa izanik, “inor atzean utzi gabe” eginez aurrera, politikarien hitzaldietan eta GKE askoren txostenetan gozo-gozo esan ohi den moduan.

Eskolak, ordea, ezer gutxi lagundu dezake horretan gizarteak justu kontrako bidetik jotzen badu, eta gizarteak, praktikan, justu kontrakoa eskatzen badio, maiz edo ia beti gertatzen den bezala. Ebaluazio sistematik hasita, ikasleak bereizi eta sailkatzea baitago eskolaren funtsezko zereginen artean, eskola utzitakoan irentsiko dituen sistema ekonomikoari begira, giza balioei baino gehiago, zenbat eta ikasketetan aurrerago orduan eta modu agerikoagoan.

Horri gehitu behar zaio eskolen arteko lehia ere badagoela, ahalik eta ikasle gehien bereganatzeko, eta kopuruari ez ezik ikasleen —eta beren familien— nolakotasunari ere erreparatuta. Azak ontzeko, hezkuntza ez da, gure inguruan behintzat, aurrekontu publikoek bereziki mimatutako arloa, ezta hurrik eman ere.

Panorama horretan, logikoa denez, gurasoen kezka nagusia da eskolak ezarritako sailkapen horietan seme-alabak ahalik eta ondoen kokatuta ikustea.

“Gure seme-alabentzako onena nahi dut”, esaten dute guraso batzuek beren seme-alaben hezkuntzarako egindako hautaketa garesti, elitista eta pribilegiatua zuritzeko. Guraso guztiek nahi dute beren seme-alabentzako onena. Akabo ba! Baina gehienetan esaldi horren sakoneko esanahia honako hau da: “Nik nire seme-alabak pribilegiatuen kastakoak izan daitezen nahi dut”. Edo, apalago izanda: “Nik ez dut nire seme-alabak zapalduen klasekoak izatea nahi”. Kasu gutxitan sumatzen da sakonean honako hau esan nahi denik: “Nik nire seme-alabentzako mundu hobea nahi dut, bidezkoagoa, iraunkorragoa eta osasuntsuagoa denontzat”.

Eskola kontraesan betean bizi da, gizartearen beraren ispilu den kontraesanean, eta, azken beltzean, geure ispilu ere baden kontraesanean. Mundu hobe baten alde gaude denok, baina gehienoi benetan axola diguna —oso da gizatiarra da, aitor dezagun apaltasunez— ondo bizitzea da.

New Yorkeko egunsentiaz ari zen, baina gaur egungo eskolari buruz ere ari zitekeen Federico García Lorca lerro hauek idatzi zituenean: “Batzuetan txanponek, erle-multzo suminduetan, / haur abandonatuak zulatu eta irensten dituzte. / Irteten diren lehenek beren hezurrekin ulertzen dute / ez dela ez paradisurik eta ez amodio hostobakandurik izango: / badakite zenbaki eta legeen lohira doazela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.