Ismael Mondragon: “Gipuzkoan, suteen arrisku garaia negua izaten da batez ere”

Igaro berri den asteko beroak kolokan jarri ditu Gipuzkoako basoak. Horregatik, basozainak, baso suteen brigadak eta suhiltzaileak adi egon dira, baita haize boladengatik eta zegoen hezetasun mailagatik ere.

June Romatet Ibarguren

Foru Aldundiko Mendiko eta Natura Inguruneko zerbitzuak du suteak itzaltzen aritzen direnen ardura. Zerbitzu horren burua da Ismael Mondragon (Bergara, 1967), eta azaldu du azken asteko tenperatura altuen ondorioz lanpetuta ibili direla.

Kezkatuta al zaudete Gipuzkoan basoko suterik piztuko ote den?

Hemen gerta daitekeenagatik kezkatuta gaude, noski. Sute arriskua tenperaturaren, hezetasunaren eta haizearen parametroek baldintzatzen dute. 30aren parametroak dira ezagunak: haizearen abiadura 30 kilometro orduko baino gehiago, hezetasuna 30etik behera eta tenperatura 30 gradutik gora dira arrisku parametroak; eta azken asteetan, hezetasunarenaz gain, beste parametroetan ibili gara.

Zein izan ohi da sute garaia Gipuzkoan?

Nahiz eta udan bero egin eta jendeak uste duen garai hori dela arriskutsuena, Gipuzkoan suteen arrisku garaia negua izaten da batez ere. Abendutik hasita martxora arteko tartean izaten dira sute gehiago; arrisku handieneko hila martxoa izaten da, izozteek landaredia lehortzen duten garaia izaten baita.

Zergatik izaten da hori?

Neguan garoa ihartuta izaten da, lehor-lehor egoten da; udan, ordea, berde mantentzen da, eta hori bezala beste hainbat landare eta sastraka. Beraz, hego haizea dagoenean belar horiek errazago hartzen dute sua. Gainera, egia da neguan gehiago erabiltzen dela sua zenbait lanetarako, eta sua traidorea da: kontuz ibili behar da ez zabaltzeko.

Zerk eragiten ditu sute horiek?

Gipuzkoan sute probokatuak gutxi direla uste dut, nahiz eta askotan ez den erraza jakitea. Batzuk izaten badira ere, nire ustez gehienetan axolagabekeriak izaten dira: sua erabili, pentsatu ondo itzali duzula eta gero ihes egin. Beste asko linea elektrikoekin eta haizeteekin lotuta daude. Haizeak zuhaitzak botatzen ditu, horiek linea elektrikoen gainean erortzen dira, eta txispekin sua pizten da leku askotan. Horregatik, konpainia elektrikoak kableen inguruak garbi izaten saiatzen dira, zuhaitzak kimatzen eta horrelakoak. Badira beste batzuk baserri inguruetan lanean aritzen direnei gertatzen zaizkienak: hainbat lan egiteko sua pizten dute —lehenago basozainei baimenak eskatuta, noski—, eta nahi gabe sua zabaltzen hasten da, eta ezin izaten dute kontrolatu.

Basoak zikinak egoteak eragina du suteetan?

Jakina, beti baso azpia garbi izateak asko laguntzen du, suteak itzaltzeko garaian polikiago zabaltzen delako. Zuhaitzak kimatuta izatea ere garrantzitsua da, horrela ez baita sua zuhaitzetara igotzen eta baso osora zabaltzen. Gainera, ganadua izatea laguntza bat da, animaliek landaretza kontrolatzen baitute. Baso natural batzuetan apenas egiten den ezer, eta landaretza motagatik suteetarako ez dira arriskutsuak. Baina badago arriskua, bideak garbitzen ez badira eta suteak iritsiz gero lana zailtzen baita.

Zoritxarrez, ematen du badirela hainbat eremu nahiko abandonatuta daudenak, eta abandonu hori gehiagora joan daiteke, gero eta ezagutza urriagoa baitago zenbait mendiri buruz. Bideak ez badira mantentzen, gero kamioiek itzaltzera sartu behar dutenean ezin dute, eta hori guztiz arriskutsua izan daiteke.

Zer prebentzio eta ikerketa programa dituzue?

Hainbat aukera daude, mendietako eremu batzuk pribatuak baitira eta beste batzuk publikoak. Gipuzkoako mendien %80 inguru partikularrak dira, eta %20 publikoak, udalenak eta foru aldundiarenak. Pribatuentzat diru laguntzak ematen dira horrelako lanak egiteko: garbitzeko, mozteko, kimatzeko, pistak konpontzeko, baita landatzeko ere. Baina partikularrek egin behar dituzte lan horiek. Herri mendietan, publikoak direnetan, udalekin batera, diputazioak inbertsioa egiten du lan horientzat, prebentzio lanak ordaintzeko.

Beste prebentzio lan bat da erreketen kontrola. Baserritar edo landa eremuetako askok sua erabiltzen dute beren lanetarako, eta aldundiak basozainen bidez ahalegina egiten du horiek kontrolatzeko. Erreketak baldintzatu egiten dira, baimenak ematen dira eta kontrolpean egiten dira; erreketa egin behar dutenero aldundira deitu behar da, eta egunero egoeraren arabera ematen da erretzeko baimena.

Gipuzkoan, basoaren eskumena zeinena da?

Berez, mendiko foru arauak dio ardura mendietako zuzendaritzarena dela. Mendietako zuzendaritzatik eramaten ditugu basoetako kontu eta arazo guztiak, parke naturalak, ehiza, arrantza, landaretza babestua eta abar. Hori guztia gure basozain eta teknikariekin egiten dugu, baina ardura lehenik gurea da. Horretan laguntzeko boluntario taldea ere badugu. Bakarrenetarikoak gara suteak itzaltzeko boluntarioen figura hori erabiltzen dugunak. Talde batean daude boluntario guztiak, eta bost zisterna daude suteetarako, baina, noski, gero suhiltzaileek parte hartzen dute itzaltzen, bai diputaziokoek baita Donostiako Udalekoek ere.

Zein dira prebentziorako puntu nagusiak?

Azpimarratzekoa da arretaz ibiltzea, sua askotan traidorea izaten delako, eta orain larrialdi planarekin egunero zehaztuko dira neurri batzuk; beraz, horiek kontuan hartu behar dira.

Horrez gain, bideak garbi mantendu behar dira; baserri edo landa eremuak babestu, eta suak piztu baino lehen baimenak eskatu, eta gero ondo itzalita daudela bermatu. Bestalde, barbakoak horretarako prestatutako lekuetan bakarrik egin behar dira, makineriaren erabilera murriztu eta su artifizialak baimenduta daudenean bakarrik piztu.