Herriko bistak, airetik

Herriko bistak, airetik

Maria Ortega Zubiate

Lauzpabost metroko lasterketa txiki bat egin behar dugu, eta orduan parapentea zabaltzen da. Salto egin, eta hamar metroan airean zaude, eta, behin airean zaudela, zera egin behar da: disfrutatu”. Horixe egin behar dute, Aitor Herran Orioko Urrutisport aire kiroletako enpresako langilearen esanetan, beren enpresarekin parapentean ibiltzera joaten direnek. Horixe soilik, handik aurrera, “gozatzea” besterik ez baitzaie geratzen. Uda garaia da, eta, eguraldia lagun, Gipuzkoako kostaldean ugaritu egin da paseoa zerutik egiten dutenen kopurua. Urrutisporteko agendari begiratu besterik ez da egin behar hori egiaztatzeko: arratsalde guztiak dituzte saioz lepo.

Haizea eta ateri egotea, biak behar ditu parapenteak. Horretarako garairik onena uda dela dio Herranek: “Guk urte osoan eskaintzen dugu, baina negua heltzen denean egunak motzak dira, euria egiten du; euriarekin ezin da, eta hotz egiten du. Askoz atseginagoa da uda partean, udaberrian hasi eta udazkenera arte”. Hilabeterik jendetsuenak ekainetik urri bueltara artekoak direla zehaztu du. Iñigo Martinez Gipuzkoako Aire Kirolen Federazioko lehendakariaren esanetan ere, berez martxotik urrira artekoak dira hilabeterik egokienak gisa horretara hegan egiteko.

Esperientzia “polita”

Asteartean izan ziren Orion parapentean Iñigo Olañeta eta Larraitz Carracero bikotea eta haien seme Eneko Olañeta (11 urte). “Orion beti ikusi izan ditugu parapenteak hegan, eta pentsatu genuen: ‘Zergatik ez guk?'”, esan du Olañetak. Behin lur hartuta, pozik ageri ziren hirurak: “Asko gustatu zaigu, oso esperientzia polita izan da”.

Horixe izaten da, oro har, bezero gehientsuenen sentsazioa, Herranen iritziz: “Gehienak zoriontsu jaisten dira, irribarrez. Askotan etortzen da jendea bere ametsa hegan egitea izan dela esanez. Parapentearekin ez daukazu zaratarik. Haizearen zarata baino ez da entzuten; txoriak bezala ibiltzen zara. Jendeak asko gozatzen du”. Bat dator Olañeta: “Oso sentsazio polita da hegan egitea; airean flotatzen ari zara. Eta bistak izugarriak dira. Eserita zoaz, sofa batean bezala, baina sekulako bistekin”.

Parapenteak, praktikatzeko orduan, ez du eskakizun handirik. “Zapatilak, ez da besterik behar”, esan du Herranek. Mundu osoak egiteko moduko kirola dela dio; beraz, adin guztietarako modukoa: “Gazte-gazteetatik hasi, eta oso helduak ere etortzen zaizkigu: iaz 85 urteko gizon bat izan genuen”. Hasteko adina 7-8 urte artean jarri dute, baina baldintza argi batekin: haurrak berak nahi izatea. “Guk, normalean, gomendatzen dugu 7-8 urte izatea gutxienez, eta beraiek nahi izatea. Askotan gertatu zaigu gurasoak haur txikiekin etortzea, eta gurasoek nahiago izatea umeek baino”, azaldu du monitoreak.

Badago ezinbestean jantzi behar duten beste tresna bat ere: kaskoa. “Oso garrantzitsua da. Jendeak galdetzen du: ‘Zerutik erortzen bazara, zertarako nahi duzu kaskoa?’. Baina arazoa ez da zerua; arazoa da lurretik gertu jotzen baduzu zerbait, guk menditik egiten dugulako salto”. Horrela, material dena prest dutela, Oriotik Kukuarri mendira igotzen dira, bidaiaria eta monitorea elkarri lotu, eta orduantxe hasten dira hasierako korrikaldia egiten, zerura salto egiteko.

Federatuen %5 emakumeak

Urrutisportekoek parapenteko hegaldiak eskaintzen dituzte, biplaza modalitatean, monitore batekin. Eta horrelakoak dira haien bezero gehienak: lehen aldiz hegan egiten dutenak eta laguntza behar dutenak. “Normalean opari asko daude, probatu duen jendeak beste norbaiti oparitzen dio hegaldia egiteko aukera. Hegan egitea beti nahi izan duen jendea ere etortzen da”. Dena dela, jarraitzeko asmoa badute, ikastaro bat egiteko aukera ere badago. “Ikastaroa astebetekoa izaten da, baina gero jarraitu egin behar duzu hegan egiten. Jendeak elkar ezagutzen du, kuadrillak osatzen dira, federazioak irteerak antolatzen ditu… Pixkanaka-pixkanaka egiten dute hegan”, azaldu du Herranek.

Hain zuzen, aurten, aire kiroletan, 166 federatu daude Gipuzkoan, eta horietako gehienak parapentean aritzen dira. “Lizentzia berri gehien uda garaian eskatzen dituzte, orduan baitira, batez ere, parapente ikastaroak”, esan du Martinezek. Federatuen %5 baino gutxiago dira emakumezkoak; hala ere, orain emakume gazteak ugaritzen ari direla uste du Herranek. Kasu horretan, alde handia dago probatzen dutenen eta ikastaroa egiten dutenen artean. “Biplazak egiteko gehienak emakumea direla esango nuke. Baina bakarka praktikatzeko garaian egia da emakume gutxi daudela”, dio monitoreak. Ez du ulertzen horren zergatia, uste baitu emakumeeak ondo moldatzen direla kirol horretan: “Bitxia da, emakumeak hegan egiten oso trebeak baitira. Oso kirol teknikoa eta mentala da”. Uste du, agian, parapentearen “arrisku” pertzepzioak eragin dezakeela horretan; dena den, ez du pentsatzen kirol arriskutsua denik parapentea. “Baina parapenteak badu arrisku fama hori”, erantsi du. Baina Orioko Urrutisport enpresako monitoreak zehaztu du kirol “lasaia” dela, eta ez dela emozio gogorrik ez beldurgarririk bizitzen. “Gozatu” besterik ez dute egiten bezeroek.

Harekin bat dator Olañeta. Onartu du hasieran beldur puntu bat izan zutela: “Pixka bat urduri geunden denok, bagenuen adrenalina hori, eta ezjakintasunak ekartzen dizu beldurra”.

Baina behin salto eginda, beldur eta ezinegon guztiek alde egin zieten. “Behin hasita, oso geldoa da, oso atsegina”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.