“Musikaren pozoia zainetan sartzea interesatzen zait”

Saltsa guztietan eroso mugitzen direnetakoa da Luis Mari Moreno 'Pirata' errenteriarra. 'Late Motiv' programan aritu ondoren, C Tangana eta Rockaleanekin dabil biran. Musika eskola bat ere badu.

Alaine Aranburu

Rock abestien bertsioak egiten dituen Rockalean Errenteriako taldearekin Cadreitako (Nafarroa) jaietan ordu txikiak arte jotzetik agertu da elkarrizketara Luis Mari Moreno Pirata musikaria (Errenteria, 1973). Umorerik ez du falta, nahiz eta lo eskasia izan.

#0 telebista kateko Late Motiv programan aritu zara duela gutxi arte. Famatuagoa egin zarela sentitu duzu?

Ezagunagoa, bai. Gainera, bitxia da, telebista pribatua delako, itxia eta harpidedunentzat bakarrik, baina gero, Youtuben zati batzuk botatzen zituztenez, jende askok ikusi du, uste genuen baino gehiagok. Jendeak gelditu egiten gaitu, bai. Nire kasuan, herrian agian ez hainbeste, jendeak ezagutzen nauelako etxean, baina, adibidez, Cadiz, Bartzelona edo Valentziara jotzera joan naiz, eta jendeak ezagutu egin nau.

Joan-etorri ibili zara Madril eta Errenteria artean saio horretarako grabazioak egiten ari zinen bitartean. Zer-nolako bizimodua da hori?

Nekea nabaritzen da, baina nire lanbidearen parte da. Esan daiteke erosoena kontzertu bat edo grabazio bat egitea dela. Nik sukaldarien ofizioarekin alderatzen dut: onena mahai batean jatera esertzea da, baina lana supermerkatura joan eta dena prestatzea da. Jatea da gutxien irauten duena. Gurean gauza bera gertatzen da. Jendeak galdetzen dit: “Ez al zara nekatzen?”. Eta nik diot nekatu egiten zarela meategian edo zanga bat egiten. Zortea dut, gustuko dudan horretan aritzen naizelako. Zorionez edo zorigaitzez, nire pasioa eta nire ogibidea da hau.

Agian, nekatu ez, baina aspertu?

Bai, aspergarria da. C Tanganaren bira egiten ari garenez, hegazkin bidaia asko ari gara egiten, eta aireportuetako protokolo horrek asko aspertzen nau. Nekagarria baino gehiago, aspergarria da.

C Tanganarekin El madrileño bira egiten zabiltza, sousafoia jotzen.

Hiru instrumentu jotzen nabil, sousafoia, saxofoia eta tronpeta.

Oso musikari ezaguna da Espainian. Estadioak betetzen ari den artista bat. Nola bizi duzu?

Harrigarria da. Izan ere, azaroan bira bat egingo dugu Latinoamerikan, eta bi egunean lau kontzertuetarako sarrera guztiak saldu dituzte. Mexiko Hirian atera, eta ordu erdian 20.000 tiket saldu ziren; beste salmenta egun bat ireki zen, eta egun batean saldu ziren. Flipatzen ari naiz. Birak egin izan ditut, baina ez hain mediatikoak, ez hain modan daudenak. Gainera, inoiz egin ez nuen musika bat da; egon gabe nengoen rap adarretik etorritako jendearekin. Ni naiz lehen harritua jendearen harrerari dagokionez. Izan ere, Espainian jo eta jendeak ezagutu egiten zaitu, eta ados. Bitxiena da maila horretan halako oihartzuna izatea.

Oso desberdina da Rockaleanek eman diezazukeen nekea eta antolakuntza beharra horrelako bira batekin alderatuz?

Oso desberdina da. Kontrakoa. C Tanganarekin dena muntatze bat da, denak kontrolpean egon behar du; ia ehun lagun gabiltza lanean. Barakaldoko BECen egin genuenean, adibidez, bederatzi muntaketa trailer egon ziren, zinema pantaila bat muntatzen delako. Horrez gain, 30 musikari gaude, pila bat. Denak oso antolatuta egon behar du. Akatsak egoten dira, noski, baina zuzenekoarekin zerikusia duten gauzak dira, ez prestakuntza faltak eragindakoak.

Aspaldi, Lisboan jo genuen, eta hurrengo egunean Castro Urdialesen egon behar genuen, eta aurreko gauean konturatu ginen hegazkina bertan behera utzi zutela Kantabriara joateko. Beraz, egundoko eromena izan zen, musikariak banatu egin behar izan ginelako.

Nola entseatzen duzue hainbeste lekutakoak izanda eta hain denbora gutxi edukita kontzertu batetik bestera?

Bira hasi aurretik entseatu genuen. Martxoan hasi ginen birarekin, eta aurreko abenduaren amaieran hasi ginen entseatzen. Izan ere, Late Motiv amaitzen ari zela zekitelako deitu zidaten data horietan. Madrilgo pabiloi handi batean entseatzen dugu, eta orduan ematen diegu forma abestiei, kantuak beti bizirik baitaude. Gainera, ikuskizun hau ikusmenari oso lotua dago, bi orduko kontzertuan zuzeneko bideoklip bat ikusten ari direlako pantailan. Lan handia egin da, bai musikan, bai eszenografian.

Eszenografia nola daramazu?

Ongi. Kaleko antzerkia egin dut beti, eta lanbidearen parte bezala hartzen dut. Rockalean kaleko antzerkia da; C Tanganarena, aldiz, muntaketa basatia. Beste gauza bat da Rockalean, bost lagun elkartzen baikara kaleko jendearekin aurrez aurre. Askoz ere lasaiagoa da, askoz hurbilagoa. Aukeratu behar izango banu, ez dut bat edo bestea nahiago, baina oso ondo pasatzen dut Rockalean egiten. Txarangetan hazi naiz, kaleko gauzak egiten, eta egia da eszenatokia, eta are gehiago horrelako muntaketa batean, erakusleiho moduko bat dela: erakusleiho bat ikusten baduzu eta barruan dagoena ikusi nahi baduzu, atetik sartu behar duzu. Rockaleanen ez dago hori; manikia zurekin dago, eta hori oso dibertigarria da, joko handia ematen duelako. Oso bizirik dago. Zer ordutan jotzen duzun, non jotzen duzun, eta jendeak zer gogo duen, gaur funtzionatzen duenak bihar, agian, ez du funtzionatuko, edo alderantziz. Egia da, halaber, errepertorioa pixka bat aldatzen ari garela. Oso errepertorio zabala dugu, eta jendea ikusten duzu, eta alde batetik edo bestetik gehiago tira egitea erabakitzen duzu. Oso desberdinak dira bata eta bestea.

LUIS MARI MORENO

2012. urtean sortu zuten kalean rock bertsioak egiten dituen Rockalean taldea. Urte hartan bertan, uztailean, Zizurkilen egindako emanaldikoa da argazkia

Jendearenganako loturak markatzen du aldea?

Horixe gustatzen zait gehien. 20.000 lagunentzako kontzertu handi bat astakeria bat da. Lagun batek galdetu zidan: “Zer ikusten duzu orduan?”. Eta nik besoak ikusten ditudala esan nion. Jendea ero moduan ikusten dut. Lehen ilara ikusten duzu, eta jendetza artean ez da ezer bereizten. Rockaleanen, berriz, jendea duzu aurrez aurre, eta askoz ere elkarrizketa handiagoa dago; benetako bizitzarekin harreman handiagoa du kalean aritzeak.

Errenterian eta inguruan ezaguna zara. Zumardiko De Cyne Reyna tabernako muralean zu zeu ageri zara, adibidez. Zergatik?

Ez dakit. Mural hori Blues Bro—thers taldearen Made in America diskoaren azala da. Uste dut haien azken diskoa izan zela, eta marraztuta daude Dan Aykroyd eta John Belushi; atzekoak dira tabernaren jabeak: Fernan, Txomin eta Txema, eta haizezko instrumentuekin ageri dira. Bateria jotzailea Igor Zubieta da, tabernako zerbitzaria duela 25 urtetik, eta ezkerrean Kike Otxoa dago, Golden Apple Quartetekoa. Ni neu pianoan ageri naiz.

Murala egiteko, pianoa jotzen nagoen argazki bakarra erabili zuten. El Drogasen La Tierra está sorda biran Errenteriako Niessenen egin genuen emanaldi batean jo nuenekoa da irudia. Ez nekien horma irudi hori egingo zutenik. Josemi Errondosorok egin zuen. Beti egon dira musikarekin lotutako pinturak Reynan. Louis Armstrong eta Ella Fitzgeralden murala egon da, adibidez. Izugarria da, gainera, Reyna niretzat beti izan delako bigarren etxe bat, 1991n ireki zutenetik. Han estreinatu ditugu prestatu ditugun gauza guzti-guztiak: Blues Torpes, Rockalean… Beti jo eta estreinatu dugu han.

Horrelako oholtzak beharrezkoak dira?

Bai, noski. Ostegunero kontzertuak egiten aritu dira pandemia baino lehen, eta doan. Inoiz ez dute sarrera bat kobratu, ezta jende indartsuak jo duenean ere. Horrelako leku pribatu bat kultura eskaintzen aritzea oso garrantzitsua da. Errenteria beti izan da oso aberatsa kalean kulturalki, asteburuero bada zerbait. Asko esaten du herri bati eta haren izaerari buruz.

Iaz hildako Javi Area musikaria izan zenuten gogoan duela gutxi. Nola joan zen?

Ederra izan zen. Omenaldia egiteko, kaleko kulturan oinarritu ginen. Ideia hori Javi [Area] oraindik gaixotu gabe zegoenean sortu zen, Julen Mendoza alkate zenean, eta kaleko gauzen jaialdi bat egitea izan zen proposatu genuena, Araban jaialdi bat baitago, Bizkaian bi, eta Gipuzkoan ez baitzegoen bat bera ere. Dantza, zirkua, antzerkia…, kalean egiten denari kaleko kultura deitzen diogu. Javik utzi gintuenean, nik ideiari heldu nion, berak joan aurretik eginbeharrak utzi zizkigulako, eta horien artean hau berreskuratzea zegoen. Udaleko Kultura sailean planteatu nuen, baimena eman eta aurrera egin genuen. Asmoa berriro errepikatzea da, Javi Arearen memoriala izateko ideiarekin.

Zumarragan saxofoi irakaslea ere izandakoa zara, eta musika eskola bat ere baduzu.

Oraintxe ez naiz ari eskolak ematen. Hala ere, esan nahiko nuke denaz paso egiten duten musika irakasle asko daudela. Eskolan aritu nahi baduzu, jasotzeko eta irakasteko zaude, eta zure jarrera baldin bada plaza lortu duzulako zaudela hor, hori transmititu egiten duzu. Irakasle izateak nekatu egiten du, baina, bestalde, erronka bat da. Ikasle bakoitza desberdina da. Ez da matematikan bezala: bi eta bi lau dira hemen eta Japonian. Musikan notak jotzen dituzu, baina ikasle bakoitzak era ezberdinean jarraitzen die zuk esandakoei. Batzuei errazago irakasten diezu, eta beste batzuei mantsoago, baina ez duzu amore ematen. Alderantziz: nik gehiago eskatzen nion neure buruari kostatu egiten zitzaien ikasleekin aritzean.

Musikaren pozoia zainetan sartzea interesatzen zait. Donostiako Grosen AMC musika eskola dut. Ez nago nahiko nukeen denbora guztian han, baina alor pedagogikoan laguntzen dut, asko interesatzen zaidalako jendeak musikan jarraitzea, nahiz eta profesionalki beste zerbaitetan aritu. Musika alde guztietan dago, baina gero eta musikari gutxiago dago.