“Jendearen interesa lortzea presio handia da, baina presio polita”

“Jendearen interesa lortzea presio handia da, baina presio polita”

Maria Ortega Zubiate

Ez da erraza Mikel Aiestaran kazetariaren (Beasain, 1975) agendan tarte bat egitea, Euskal Herria zapaldu orduko hegazkinen batean baitago, albisteak daraman lekura bidean. Uztaila, ordea, atseden hilabetea da berriemailearentzat, eta Azpeitian hartzen du deskantsua, bere “B planean”. Telebistan ikusita ezagutuko dute askok, Jerusalemgo meskiten zabalgunetik edo Gazako (Palestina) lubakietatik berri ematen. Baina hori baino gehiago da Aiestaran; Aiestaranistan ere deitu izan diote: Ekialde Hurbil osoa goitik behera deskribatu du kaleratutako lau liburuetan eta sortzaile den 5W nazioarteko kazetaritzako aldizkariko kroniketan, besteak beste.

Ekialde Hurbileko lanagatik egin zara famatu, baina kazetaritza lanak Espainian hasi zenituen, Ceutan. Nolatan?

Lehen esperientziak beti izaten dira erabakigarriak arlo denetan, eta lanean, zer esanik ez. Ikasketak Iruñean egin nituen. Gustura hasi nintzen era askotako lanak egiten; karrera egin bitartean, lau urtez egon nintzen lanean Volkswagenen. Toki askotan egin dut lan, eta kazetaritzara heldu nintzenean luxua iruditu zitzaidan, opari bat. Kazetaritzan, cum laude master bat izan zen Ceuta: nire lehen kontaktua islamarekin, muga zail batekin, nire lehen esperientzia erredakzio batean, etxetik kanpo bizitzen han ezagutu nuen Sevillako lagun batekin… Dena zen berria. Eta zergatik ez? Askotan etxe ondoan egin nahi dugu lan, baina niri aukera sortu zitzaidanean ez nuen bitan pentsatu: trena hartu, eta Ceutara. Behin bakarrik bueltatu naiz hara, baina, benetan, oso esperientzia intentsoa izan zen profesionalki eta pertsonalki, toki bitxia delako.

Lehen esperientzia horrek ekarri zizun nazioarteko kazetaritzarekiko interesa?

Batek daki! Ni bidaia mundutik nator: lehengoan etxean aurkitu nuen Tintinen komikien nire bilduma. Orain dela berrogei urte lortu nuen bilduma osatzea. Izan ere, niretzat Tintin erreferente bat izan zen, bidaiari gisa kazetari gisa baino gehiago, nik orduan ez nekien-eta zer zen kazetari bat. Ceuta beste ikasgai bat izan zen, baina hor arraroena da ez zidala Afrikako aterik zabaldu, Marokora joan beharrean Ekialde Hurbilera joan nintzela.

Zergatik Ekialde Hurbila?

Gero hasi nintzelako breaking news-ak egiten, eta korrespontsalak ez zeuden tokiak aukeratu behar nituen. Horregatik, hasieratik Libano, Iran, Afganistan eta horrelakoak hartu nituen, horietan ez zegoelako korrespontsalik eta bazegoelako tokia niretzat. Zaila da tarte bat egitea, eta horregatik aukeratu nuen.

Baina nazioartera salto egin aurretik, tokiko prentsan aritu zinen urte dezentez.

Ceutan ere kazetaritza oso lokala zen, El Diario Vasco-koa bezala. Eta kanpoan egiten dudana ere horrelakoa da: nik ez dut egiten kazetaritza geoestrategikoa edo analisi politikoa; nik oso gertuko kazetaritza egiten dut. Nire eskola izan dira El Faro de Ceuta eta El Correo eta El Diario Vasco. Azpeitian egon ala Kieven, izenak eta tokiak aldatzen dira, baina lan egiteko era, ez.

Hala ere, behar zenuen nazioartera salto hori egitea?

Bai, hori horrela da. Baina, era berean, gure lanean egonkortasuna behar duzu, eta hori niri El Diario Vasco-k eman zidan. Nik hemen plan bat egin nuen, etxe bat familiarentzat, sare bat. Nik argi nuen ez nuela bizi osoa hemen egin nahi, baina behar nuen sare bat. Urte horiek inbertitu nituen sare hori sortzen. Jerusalemen gaude orain; orain Istanbulera mugituko gara, Turkia orain oso garrantzitsua baita Ukrainari begira, eta, nire ustez, Ukrainak datozen urteetan lana emango digu. Baina Azpeitia da gure B plana, eta, hau bada gure B plana, oso bizimodu ona da.

Nolakoa izan zen hemengo lana utzi eta lehen bidaia, 2005ean?

Sekulako beldurra nuen, noski. Baina ni saiatzen naiz bost bat urtean behin aldaketa handi bat sartzen, lo ez hartzeko. Hori izan zen, agian, indartsuenetako bat: lanpostu finko bat, oso lan baldintza onak, guztia uztea. Orduan kezka hori nuen. Nik beti zerrenda bat egiten dut koaderno batean alde positiboekin eta negatiboekin, eta nire zerrenda horretan argi nuen hau utzi nahi nuela eta, behintzat, probatu. Egin izan ez banu, badakit oraindik neure buruari galdetuko niokeela zergatik ez nuen erabaki hori hartu, baina galdera hori ez diot inoiz egin neure buruari.

Mikel Aiestaran Libian

Mikel Aiestaran, duela hamar urte, Libiako gerran berriemaile gisa egin zuen bidaia batean.

Onerako izan zen, beraz, aldaketa?

Bai. Erabakia hartu nuenetik bizimodu berri bat hasi zen niretzat eta familiarentzat, eta oso pozik gaude. Eta hori sumatzen da lanean. Kezkak bai, ikaragarriak dira: oso erromantikoa da freelance izatea, erromantikoa bezain gogorra askotan. Erantzukizuna handitu zait, hemendik Jerusalemera joan ginenean Ane alabak 6 urte zituen, eta Telmo semeak, 3. Zortzi urte igaro dira, eta zailtasunak ugaritu. Umeak txikiagoak zirenean, errazago mugitzen nintzen. Baina beti aurrera.

Eguneroko gauzez gozatzen nabil; ez dut gehiegi pentsatzen. Agian, egunen batean pentsatu beharko dut hemendik hamar urtera zer egin. Ez dakit, ez dut planik. Oraingoz, horrela jarraitu nahi dut. Orain aldaketa handi bat datorkigu: Jerusalemdik Istanbulera goaz, eta horrek buruko min handia ekarriko digu, hasieran behintzat: eskola, etxe berria, baimenak, paperak… Baina oraindik energia daukagu.

Albistearen parean egotea tokatzen zaizu; aditu bilakatu zara. Sortzen du presiorik beti informazio fidagarria sortu behar horrek?

Nik aditu hitza baino gehiago, espezialista erabiltzen dut, bereziki hizkuntza ez dudalako menderatzen. Baina bai, konturatzen naiz jendearen sinesgarritasuna eta interesa lortu ditudala. Eta, alde batetik, presio handia da, baina, bestetik, oso presio polita. Gure lanean gakoa da sinets zaitzatela, batez ere gaur egun, fake news-ez inguratuta baikaude. Urte asko behar dira horrelako puntu bat lortzeko, baina erraz galtzen da. Eta sinesgarritasuna mantentzeko, komunikabideen konfiantza ezinbestekoa da. Gainera, oso lan espezifikoa da gurea; nazioarteko kazetaritza ez da mainstream-a. Jendearentzat erreferente izatea ona da: liburua idatzi eta jendeak irakurtzea, edo telebistan agertu eta zure alkandorari begira egon beharrean esaten duzuna entzutea; hori polita da.

Zelakoa da euskal publikoa? Badago interesik nazioartean gertatzen denarekiko?

Nire ustez, badago. Nire liburuak hemen saltzen dira gehien. Eta nik saiakera idazten dut, zer eta Ekialde Hurbilari buruz.. Ez da erraza. Euskal Herrian sumatzen dut nazioarteko informazioarekiko interes handia dagoela; maila altua daukagu, bidaiariak garelako eta interesa badagoelako. Batez ere, Palestinarekin: harreman handia dago gure artean. Eta profesionalak ere oso ondo hezita daude. ETBn, adibidez, kazetari bat Kolonbian edo Pekinen egotea euskaraz informatzen, sekulakoa da.

Istorio bat kontatzeko orduan, zelan dakizu nora jo?

Nire ustez, arazo bat dago kazetaritzan: beti joaten gara bihotzera, burura beharrean. Sentsazionalismo puntu hori daukagu. Niri ez zait sentsazionalismoa gustatzen. Beti saiatzen naiz oreka lortzen bi horien artean. Niretzat lehentasuna izaten da konexioak bilatzea: Kiev eta Azpeitia edo Beasainen artean. 3.000 kilometrora nago, eta lortu behar dut ikuslea edo irakurlea lotzea. Nazioarteko piezak egitean, ezinbestekoa da hariak, zubi horiek sortzea. Eta oso gauza txikiak dira, xehetasunak. Hain zuzen ere, xehetasunak grabatzen ditut: markak, panpinak… ezagutzen ditugun gauzak, oro har. Hori leku guztietan egiten saiatzen naiz. Oso garrantzitsua da izenak ere sartzea. Pertsonaien izena ematea; abizenik ez bada ere, gutxieneko datu batzuk. Hori dena, telebistaren kasuan, minutu batean egin behar dut: gero eta denbora gutxiago dago, eta ez dut astirik aurkezlea agurtzeko ere. Presaka bizi gara. Nik denbora gehiago emango nioke, baina, horregatik, ez naiz inoiz nagusia izango.

Lau liburu idatzi dituzu, eta 5W aldizkariko sortzaileetako bat zara. Zer falta zaizu egiteko?

Fikzioa. Ez dut inoiz landu, ez eleberri bat idazteko, ez zineman. Irudia ere nahi dut landu. Dokumental indartsu batzuk egin nahi ditut, erronka hori daukat buruan, baina horretarako talde bat behar dut. Fikzioa idazteko ez, baina nik ez dut arte puntu hori. Ni sinplea naiz idazteko orduan. Baina liburu batek ematen dizun formatua eta askatasuna niretzat oso aberasgarria izan da: lehen pertsonan eta orainaldian idazten dut, eguneroko kroniketan egiten ez dudana. Horregatik, orain bi libretarekin ibiltzen naiz: bata hurrengo libururako, beti daukadalako buruan, eta bestea eguneroko kronikentzat.

Etorkizunean ikusten duzu zeure burua Euskal Herrian bueltan?

Ideiarik ere ez daukat. Oraingoz, lana dagoen bitartean, ez. Hau beti egongo da hemen, beti egongo da ondo. Orain ez dut neure burua hemen ikusten, baina zergatik ez? Ni oso gustura etortzen naiz. Lan baldintzak aldatzen badira, agian bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.