Juanjo Herrero: “Ezagutzen gaituzte ingurukoek? Bai, baina ez nazioartean adina”

Juanjo Herrero: “Ezagutzen gaituzte ingurukoek? Bai, baina ez nazioartean adina”

Jon Miranda

Gazte hasi zen antzerki amateurraren munduan Juanjo Herrero Mansilla (Bartzelona, 1981). Profesional gisa bidea egin ondoren eman zuen izena Bartzelonako Institut del Teatren. Nazioartean sona izan duten konpainia batzuetan lan egin izan du; besteak beste, La Fura dels Bausen. Aktore, zuzendari artistiko eta produktore lanak ere egin ditu, eta irakasle dihardu duela bost urtetik Dantzertin, arte dramatikoaren eta dantzaren goi mailako eskolan. Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroak “gertuko eremuan oihartzun handiagoa” izatea izango da Estitxu Zaldua beste zuzendariaren eta bien helburuetako bat; ardura hartu dute.

Ezagutzen al zenuen aurrez Topic zentroa?

Bai. Bartzelonako Institut del Teatren irakasle izan genuen Alfred Casasek eman zigun zentroaren berri, inauguratzear zela, 2009an. Nazioartean erreferentzia izateko sortutako proiektua izango zela nabarmendu zigun. Bartzelonan bizi ginela, jarraitzen genuen hemen zer lan egiten zen, eta lehenengo aldiz 2013an ezagutu genuen. Titirijai jaialdiak duen sona ere ezaguna genuen, baina iaz arte ezin izan ginen han egon. Sorpresa atsegina hartu genuen. Nazioarteko profesionalak ezagutu eta haiekin egoteko aukera izan genuen, eta programazioa eta ikuskizunak kalitate handikoak iruditu zitzaizkigun. Jaialdi osatua da, ondo egituratua; ez ditu alferrik berrogei urte beteko aurten.

Nola gauzatu da zuzendaritza aldatzeko prozesua?

Urte hauetan guztietan, Topicek lan handia egin du prestakuntzan. Txotxongiloen munduan aritzen diren profesionalek, ordea, ez dute aukerarik araututako prestakuntza jasotzeko eskola ofizial batean. Kezka hori beti presente egon da etxe honetan, eta aurreko zuzendaritza, ideia hori bueltaka zebilkiela, harremanetan jarri zen Dantzertirekin. Estitxu [Zaldua, beste zuzendaria] interpretazio arloko ikasketaburua da eskolan, eta ni irakasle nabil. Gonbita egin ziguten etorkizuneko proiektuen inguruan hitz egiteko eta jaialdia ezagutzeko. Guk bagenuen interesa loturak estutu eta dinamika batzuk sortzeko, batez ere arlo pedagogikoari begira. Horretan ari ginela jaso genuen Idoia Otegi aurreko zuzendariaren deia [Otegi duela hamahiru urtetik izan da zuzendari, Topic sortu zenetik]. Bere erreleboa prestatzen ari zela esan zigun, eta gure profila egokia izan zitekeela zentroa gidatzeko. Proposamen bat landu genuen Estitxuren eta bion artean, eta baiezkoa eman ziguten.

Biko zuzendaritza izango da zuena. Nola banatuko dituzue funtzioak?

Estitxuk Dantzertirekin lotuta jarraituko du, eta Topicen zuzendaritzan lan egingo du; batez ere, arlo pedagogikoari eta nazioartekoari lotuta. Ni eguneroko jardunean zentratuko naiz gehiago. Lantaldearekin batera momentuko erabakiak hartu, erresidentzia artistikoak koordinatu, jaialdiak programatu, erakusketa eta museoa zaindu…

Espero al zenuen hainbesteko dinamikarik zentroan?

Ez, ez nuen espero hainbesteko dinamikarik, ezta Topicek tentakulu hain luzeak zituenik ere, hainbeste lekutara iristen denik.

Zer proposamen egiten duzue pedagogiaren arloan sakontzeko?

Saiatuko gara hemen heziketa zentro profesional bat jartzen txotxongiloaren artearekin lotuta. Orain arte, ibilbide luzea egin da ikastetxeekin. Tailerrak eskaini izan zaizkie gaztetxoei eta profesionalei. Lehen, udan ematen genituen eskola horiek, eta, duela bospasei urtetik hona, udazkenean ematen dira saioak, Titirijai jaialdiaren barruan kokatu eta datozen profesionalei ere aukera emateko. Baina horiek jada txotxongiloaren munduan dauden profesionalei bideratutako tailerrak izaten dira. Guri interesatzen zaiguna lehenagoko garai hori da: batxilergo artistikoarekin edo goi mailako ikasketekin lotu nahi genuke gure eskaintza pedagogikoa. Bide horretan, loturak estutu nahi ditugu Dantzertirekin eta harremanak egin Bartzelonako Institut del Teatrerekin eta Madrilgo Real Escuela Superior de Arte Dramaticorekin. Iruditzen zaigu eskola horiek daukaten esperientzia baliatu dezakegula Topicen.

Bereziki landu beharreko alderik ikusten al duzu Topicen?

Lan handia egin da urte hauetan guztietan nazioartean, eta ez dago dudarik Topic erreferentzia dela txotxongiloen munduan. Gertuago etorrita, ordea, bultzada bat eman behar zaiola iruditzen zait. Epe motzera, horretan eragin nahi genuke, zentroak gertuko eremuan duen oihartzunean. Inguruan ditugun herriek ere kokatzen gaituzte mapan, eta inguruko hiri eta herrien anparoan bizi da Topic. Ezagutzen gaituzte ingurukoek? Bai, baina ez nazioartean adina. Euskal Herrian ere lortu behar genuke maila bereko erreferentzialtasuna. Lan egingo dugu Topicek Euskal Herrian ere durundi egin dezan.

Zalduak eta biok zer ekarpen egin dezakezuela uste duzu?

Elkarrekin lan egitera ohituta gaude, eta gure profilak osagarriak direla uste dut. Tandem gisa egiten dugu lan. Rubik izeneko konpainia sortu genuen elkarrekin duela urte batzuk, eta konpainia bera kudeatzera ohituta gaude: aseguruak, kontratuak, produkzio lanak… Ibilbide bat badugu, eta asko ikasi dugu bidean, erabakiak hartu behar izan ditugulako. Gurea konpainia txikia da, baina proiektu handiagoetan ere aritu gara. Estitxuk berak kudeaketa arloan lan egin izan du Bartzelonako Centre de Cultura Contemporanian eta Madrilgo La Casa Encendidan. Bion artean Topicek barnean hartzen dituen arlo horiek kontuan hartzeko aukera dugula uste dut.

Aurreko zuzendariaren babesa sentitzen al duzue?

Bai. Idoia Otegik ezintasunagatik utzi behar izan du zuzendaritza. Eskertuta gaude eman digun babesagatik. Pribilegio bat da guretzat babes hori sentitzea. Aurretik egiten ziren gauza on asko mantenduko ditugu guk, zaindu egingo dugu egiteko modu hori, baina kudeaketan gauzak aldatuko ditugu, gure esperientzia gehituko diogu orain artekoari, eta ekarpen horrekin proiektua oraindik ere gehiago haztea espero dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.