Kirola garbigune gisa

Juan Luis Zabala

Irudi ikusgarri asko utzi ditu aurten Frantziako Tourrak, horietako asko ederrak eta gogoangarriak, baina oso bestelako bideo bat ekarri nahi dut gaur hizpidera, niri behintzat barruan zimikoa egin didalako. Ez da, nik dakidala behintzat, telebistan ikusi, sarean baino ez, eta kalitate tekniko kaskarrez egina da. Zale batzuk ageri dira bideo horretan, Tourreko mendiko etapa baten amaieran —Hautacamen oker ez banaiz—, Movistar taldearen auto baten ondoan, taldeko profesional batzuk kantuz iraintzen: “A segunda, oe, a segunda, oe…” (“Bigaren mailara, oe…”).

Jakina denez, Movistar taldea, aurtengo emaitza kaskarren ondorioz, kategoria apalago batean lehiatzera behartua egon daiteke hurrengo denboraldian, eta zale horiei, antza denez, distira handiko ideia iruditu zitzaien Movistarreko profesionalak futboleko zaleen artean ohikoa den kantu hori beren muturren aurrean kantatuz iraintzea.

Futbolean ohiko samarrak dira halakoak eta are gogorragoak ere, baina txirrindularitzan ez gaude ohituta. Kritika gogorrak jaso ditu Movistarrek, hala zaleen nola aditu eta kazetari askoren aldetik, eta arrazoiak ere badaude horretarako, normaltzat har daiteke hori. Baina halako kantu iraingarriak —zorionez, nire ustez—, ez dira, orain arte behintzat, ohikoak izan txirrindularitzaren munduan. Horregatik geratu zait hain iltzatua bideo desatsegin hori, oraindik ere buruan bueltaka daukadana.

Ikusle moduan bi kiroletako zaleen arteko giroak ezagutu ditut, hala futbolekoa nola ziklismoarena, eta uste dut kirolarienganako eta, oro har, profesionalenganako errespetuan alde handia dagoela bien artean, bi kirolen zaleen eta jarraitzaileen artean denetik badago ere, jakina. Askotarikoak izan daitezke motiboak: futboleko diru-kontuen gehiegikeria laidogarria, futbolaren masifikazioa eta omnipresentzia mediatiko zapaltzailea, ostikolari batzuen —askoren?— itxura eta izaera harroa, futbol taldeekiko atxikimendu estuari lotutako hooliganismo itsua… Futbolaren munduan ez da dena dirua eta harrokeria, jakina, eta txirrindularitza ez da orbanik gabeko kirol guztiz garbi, solidario, inklusibo, ekologiko eta jasangarria, ezta hurrik eman ere, baina aipatu ditudan lau kontu horietan bederen, oro har, futbola baino txukunagoa bada behintzat, nik uste.

Nolanahi ere, ez da komeni kontu hauetan purista edo garbizaleegi jartzea, goi mailako kirolak gure gizartean duen zeregin nagusietako bat herritarron emozio zitalenen zabortegia izatea baita, goi mailako kirol emankizunak tabernetan ikusiz edo horiei buruzko komentarioak sare sozialetan irakurriz ederki asko egiaztatzen denez. Are gehiago: nork ez du harrapatu, intimitatean bada ere —Jose Maria Aznarrek katalanez mintzatzea maite omen zuen giro patxadatsu horretan—, bere burua goi mailako kirolari bat neurriz kanpo iraintzen, jakinaren gainean esaten duena ez dela ez bidezkoa eta ez zentzuzkoa, baina horrela jarduteak barrua lasaitzen laguntzen diola jabetuta? Bota dezala harria kulpatik libre dagoenak.

Denean bezala, honetan ere senez jokatu eta kontuari tamaina harrapatzea izango da gakoa. Laster hastekoa da futboleko Espainiako Liga. Norberaren esku dago orain garbigune erraldoi hori modu egokian erabiltzen asmatzea, terapeutikoki baina ingurua kutsatu gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.