Lur azpiko bideak eta zaborra

'Tolosaldeko Ataria'-k, Oargi elkarteko hainbat kiderekin batera, eskualde horretako hainbat kobazulotan dagoen zaborrari buruzko dokumental labur bat egin du. Datorren udazkenean emango dute lehen aldiz, eta mahai inguru bat egingo dute ikus-entzunezkoan parte hartu dutenekin.

Asier Imaz

Gipuzkoako herririk garaienetako batean, Bidania-Goiatzen (485m), errekatxo bat leize estu bezain sakon batean sartzen da. Hamar egunen bueltan, ur hori Alkizan (340m) ateratzen da. Bi puntu horien artean lerro zuzen bat marraztuz gero, Hernio zeharkatuz, bost kilometro inguruko distantzia dago. Gutxi gorabehera, Oria ibaiak Tolosatik Villabona-Amasara egiten duen bidea. Hernio azpian, ordea, ez dago lerro zuzenik, hamar eguneko bidea baizik. Eta, bide horretan, urak zaborrarekin egiten du topo maiz.

Eneko Agirre biologoak lur azpiko misterioak gustuko ditu. Astitzen, Nafarroan, Mendukilo kobazuloan lan egina da kudeatzaile gisa. “Lur azpia da ezagutzeko geratzen zaigun azken kontinentea”, dio Agirrek. “Gaur egun, gizakiak lur azpiko munduaren 25.000 kilometrotik gora ezagutzen ditu, hau da, lurraren diametro ekuatoriala halako bi”. Asko dirudien arren, adituek egin dituzten estimazioek esaten dute benetan dagoenaren %10 edo %15 besterik ez dela hori. “Beraz, oso ingurune ezezaguna da guretzat, eta, kasurik gehienetan, gizakiak sekula zapaldu ez dituen txokoak dira”.

Baina bada “zapaltzeko” beste modu bat, eta, hain justu, Tolosako Oargiko espeleologia saileko hainbat kidek arazo hori ekarri nahi dute hizpidera. Salaketa ez da berria. Eskualdean bertan, Akerbeltz espeleologia eta kultur elkarteak urteak daramatza esaten kobazuloen eta leizeen egoera kezkagarria dela, zaborra eta kutsadura medio. Hala uste du Agirrek ere: “Ezagutzen ez dugun horretan sorrarazten ari garenaren inpaktua estimatzea edo kuantifikatzea benetan zaila da. Zein da arazoa? Makina bat kasutan egin dugun moduan, ezagutu baino lehen izorratzeko edo txikitzeko arriskua dagoela”.

Zabaldutako errealitatea

Agirrek, Oargi elkarteko Uxue Lasak, Aranzadiko Pako Etxeberriak eta Alkizako Udaleko Edurne Ayuso kultur teknikariak badute zer esana gai horren inguruan. Tolosaldeko Ataria-k dokumental labur bat egin du haiekin, eskualdeko kobazulo eta leizeen egoeraren inguruan. “Zoritxarrez, ikusi duguna ez da bakarrik Tolosaldera mugatzen; Gipuzkoa eta Euskal Herri osoan ezagutu ditugu horrelako kasuak”, esan dute Agirrek eta Etxeberriak.

Kobazulo horietako batera Etxeberria Aranzadiko kidearekin joan da Ataria. Ikusten ari dena sinistu ezinik geratu da mediku, antropologo eta irakaslea: “Pena izugarria sortzen dit honek. Isurbide edo sarbegi garrantzitsu batean gaude. Arro handi batetik etortzen da ura hona”. Sarbegi-k esan nahi du ura hara joaten dela eta handik sartzen dela lur azpira. Kare haitzarekin topo egiten du ur horrek, eta, infiltratu ondoren, galeria bat sortzen du. Jarraipena dauka, beraz. “Inork aurki lezakeen zerrikeria gehien hemen dago. Zabortegi bat da; lehen herrien kanpoan egoten zirenen parekoa. Gaur egun, herrien kanpoan hau egotea pentsaezina da, ez da onartzen. Beraz, galdera hori da: zergatik hemen bai?”.

Zabor artean urrats bat gehiago egin eta plastikoak ikusita, zer ez ote den egongo barruan galdetu du. Ondoren, gora eta behera begiratu, eta kobazuloaren inguruan hitz egin du. Azaldu du goitik datorren ura, inguruko guztiak erasan ondoren, mendi barruan sartzen dela. Egun batzuetara, nonbait, iturriren batetik aterako da. Norbait ur hori erabiltzen ari da, hornikuntzarako edo edateko. Etxeberriak dio haren ustez agintariak ez direla gertatzen ari denaren jakitun, eta iruditzen zaio estrategia bat beharko dela arazoa konpontzeko. Olio bidoiak ikusi ditu. “Gogoa eduki behar da honaino etorri eta denetik botatzeko. Zabortegi bat da, hau zabortegi bat da”. Azaldu du ez direla ingurukoren batek gertutasunagatik botatako gauzak bakarrik, telebistak, hozkailua, plastikoak, bidoiak, hezurrak eta abar agertu izan baitira. “Hori, adibidez, behiarena da. Hemendik pasatzen da ura, eta hor behean sartzen da berriro lur azpian, hamar bat metro izango dira, eta dena zaborrez beteta dago. Hau izugarria da”.

Lehen aldiz, udazkenean

Udazkenean emango dute lehen aldiz dokumentala, eta protagonistetako batzuk han izango dira, mahai inguru bat egiteko. Oargiko Uxue Lasa espeleologoaren esanetan, dokumentalaren helburua ez da inor lotsaraztea edo inori kargu hartzea, arazoari irtenbidea emateko zubiak eraikitzea baizik. “Arduradunek nahiz guztiok jakin beharra daukagu zer gertatzen ari den, horrek ondorioak dituelako”.

Ereduak egon badaude: Alkizan, adibidez, duela bi urte, naturaren errealitate horretaz jabetu, eta Olatzazpiko koba auzolanean garbitu zuten. Ayuso kultura teknikaria han izan zen: “Eragile publikoen laguntzarekin edo laguntzarik gabe, argi genuen garbitu egin behar genuela”. Aranzadi eta Amarozko Akerbeltz espeleologia taldea alboan izan zituzten lan horretan, eta azken horretako Iñaki Alonso Indio espeleologoa bereziki gogoan izan du Ayusok, duela gutxi zendu baitzen: “Orduan ere esan genion, baina: Iñaki, eskerrik asko”.