Popatik hartu eta emanez

Popatik hartu eta emanez

June Romatet Ibarguren

Aingeru Mayor eta Ekaitz Goikoetxea, batez ere, poesia eta abestien letrak idazteaz arduratzen dira proiektuan, eta Xabier Crehuetek doinua jartzen dio haiek idatzitakoari. Osatu berri duten Popatik taldeak astelehenean abesti berria argitaratuko du, eta bi aste geroago, 26an, lehen diskoa. Maitatzearen inguruan hitz egingo dute 11 abestietan, eta diskoa hainbat plataformatan jarriko dute salgai. Hilaren 15ean Maitatzeari ikuskizuna emango dute, Ordizian.

Proiektu poetiko-musikala sortzeko ibilbidea ezberdina izan da taldekide bakoitzarentzat, hirukotea pixkanaka elkar ezagutuz eta batuz joan baitzen. Mayorrek esan du elkarrekin abesti bat egin ondoren elkarrekin maitemindu zirela, eta, batera lanean jarraitu nahi zutenez, Popatik sortu zutela. “Iazko udaberrian hasi ginen elkarrekin lan egiten. Nik Tránsitos izeneko liburua argitaratu nuen, eta liburuaren aurkezpenetarako Ekaitzekin kontaktuan jarri nintzen”. Azaldu du Ekaitz Goikoetxeak harreman estua duela Naizen elkartearekin, Adingabe Transexualen Familien Elkartearekin. Horregatik eta haren lana gustuko zuelako jo zuen harengana Mayorrek.

“Bergaran egin genuen lehen aurkezpen berezia. Aingeruk eskatu zidan solasaldi inprobisatu bat egiteko”, kontatu du Goikoetxeak. Aurkezpen horren ostean, bertsolariak hurrengo saioetarako musikari batekin kontaktuan jartzea proposatu zion, horrela zuzeneko musika izan zezaten. “Hor sartu nintzen ni. Ekaitzekin lehenago sortu nituen abesti batzuk, eta, saioetan jotzeko eskatu zidanean, gustu handiz esan nuen baietz”, dio Crehuetek. Hurrengo saioan, hasieran, erdialdean eta amaieran, musikariak bere tarte propioa izan zuen nahi zituen abestiak jotzeko. Bukatzerakoan, Crehuetek proposatu zien letra gehiago idatziz gero berak musikatuko zituela. “Aingeruk esan zuen bera ez dela poeta, ez dituela abestiak idazten. Nik esan nion bera ere poeta dela”, adierazi du Goikoetxeak.

“Gau hartan ezin lo harturik nengoen, eta letra bat idazten hasi nintzen. Zirriborroa Ekaitzi bidali nion. Abesti baterako letra moduan balio bazuen, nirekin idazten jarraitzeko proposamena egin nion”, esan du Mayorrek. Elkarlan horretan sortu zuten Ipuinetan ez bezala kanta —transexualitatea lantzen du—, eta Crehueti eskatu zioten musikatzeko. Aste gutxi batzuk pasatu eta gero, abestia amaitua zuten. Hori horrela, hurrengo aurkezpenean, Crehuetek abestu zuen hiru abestietako bat sortu berri zutena izan zen, liburuaren gai bera lantzen duena. Naizen elkartearekin abestiaren bideoklipa egin zuten aurrerago, eta ikastetxeetan zabaldu zuten.

Elkarlanean ondo aritzen zirela esan dute hiru artistek, eta horregatik abesti gehiago sortzen jarraitzea eta ikuskizun bat prestatzea erabaki zuten. Popatik banda sortu zuten hartarako.

Izenak hainbat esanahi

Bandaren izenak eta izanak lotura dute, nahiz eta kideek esanahi ezberdinak topatzen dizkioten. “Kantuetan abesten diegu popatik hartzera bidali nahi ditugun gauzei, eta, gainera, gozagarria da popatik hartu eta ematea”, esan du Goikoetxeak. Beste alderdi batetik begiratzen dio Crehuetek izenari: “Popatik hitzak atzetik esan nahi du. Nik hortik ere begiratzen diot; ez da beti lehenengo lerroan egon behar gauza ederrak egiteko; atzetik ere egin daitezkeela erakutsiko dugu”. Mayorrek, berriz, popara bidalita dauden eta haientzat garrantzitsuak diren gauzei argia jarri nahi diela ere aipatu du: “Popatik hitz zatar gisa erabili ohi da. Horregatik, guk eszenatoki erdian jarri nahi dugu; garrantzia emango diogu”.

Gainera, beraiek pop musikatik “edaten” dutela azaldu dute, baina genero horretatik urrundu ere egiten direla. Ertz asko aurkitu dizkiote hitz bakarrari, eta uste dute ikusleek beste hainbat topatu ahal izango dituztela. Horregatik, beraientzat izen berezia dela esan dute, eta asko gustatzen zaiela. “Beti argi uzten dugu gu popatik hartu eta emateko jaio garela”, diote hiru kideek.

Popatik gauza ederrak sortzeko jolastea garrantzitsua dela ere azaldu dute. Nahiz eta taldea ez duten jolastzat hartzen, Mayorrek esan du beharrezkoa iruditzen zaiela ondo pasatuz lan egitea: “Jolastuz lan egiteak gure harremana zaintzen du, eta proiektua gogo handiagoz hartzea eragiten du”. Jolasak tarteko, orain arte hiru abesti argitaratu dituzte: Musikatzen, Ipuinetan ez bezala eta Jan nazazu. Lehen abestian, musikaren lengoaia erabiliz pertsona bati abesten diote; bigarrenean, trans pertsona baten ikuspuntutik kantatzen dute, haren bizipenak eta izana kontatuz; eta hirugarren abestian, ildo bero eta intentsoago batetik, sexuaren inguruan kantatzen dute.

Maitasuna ez, maitatzea bai

Hiru abestiak, eta datozen asteetan argitaratuko dituzten besteak, gai beraren inguruan sortu dituzte: maitatzeari abesten diote. “Ez diogu maitasunari abesten, ez ditugu maitasun abestiak egiten; maitatzearen hautuari, maitatzearen beharrari abesten diogu, maitatzeari”, esan du Mayor sexologoak. iskoko abesti batean, bakoitzak bere burua ondo maitatu behar duela abesten dute; beste batean, bikote baten harremanaren inguruan. “Bikotearen inguruko abestia albiste zahar batean oinarritu nuen: bikoteko bakoitzak gaztea zenean abusuak jasan zituen Elizarekin lotura zuen pertsona baten aldetik, eta urte asko elkarrekin igaro zituzten ezer ere kontatu gabe”, esan du Goikoetxeak.

Kale gorrian bizi den pertsona baten inguruan ere kantatzen dutela azaldu du Crehuetek: “Beste abesti batean kalean bizi den eskale baten inguruan hitz egiten dugu. Inoiz ez baitugu pentsatzen eskale horrek duen maitatzeko beharrean eta maitatua izatekoan”.

Horrez gain, abesti horiekin gizontasun eredua hautsi nahi izan dutela ere esan dute hiru kideek; gizarteak ezartzen dien rolarekiko desadostasuna argi azaldu nahi dutela.

Gizontasuna, popatik

Gizona hitzak giza ona edo gizaki ona esan nahi du, eta gaur egungo gizarte zisheteropatriarkal honetan ez du esanahi hori”, azaldu du Mayorrek. Gehitu du orain gehien entzuten den musika “matxista” izan daitekeela “gehiengoan”, eta hortik atera nahi dutela. Taldekideentzat, maitatzea ez da gaur egungo abestietan kontatzen den bezalakoa: elkar zaindu, gozatu eta libre izatea da.

Horrez gain, Goikoetxeak dio ez dutela euren burua gizartearen ezaugarrietan sartzen, eta hortik ateratzeko ahaleginetan egin dituztela hainbat kantu: “Gu oso intentsoak garen hiru gizon gara, eta maitatu egiten dugu, negar egiten dugu, gizarteak gizon izateagatik egiten uzten ez digun gauza asko egiten ditugu, eta hortik sortzen dugu”.

Jolasean sortzen dutena helburu batzuekin sortzen dute; besteak beste, jendearengana iristea, mezua zabaltzea eta aldarrikapenei lekua ematea. Goikoetxeak esan du helburua ez dela lehen lerroan egotea: “Guretzat, esaten dugunak jendearengan eragin bat izatea da garrantzitsua, Ipuinetan ez bezala sortu genuenean, ikastetxe askotan landu zuten, gaia normalizatzen eta ulertzen laguntzen zuela esan ziguten, eta guretzat hori da garrantzitsua”. Gainera, abesti bakoitzean gai ezberdin bat lantzen dute, horrekin jende ezberdinarengana iristeko helburua dute, gai bakoitzarekin pertsona ezberdinak mugitzeko, haien pentsaeretan zerbait aldatzeko asmoz.

Abesti guztiak argitaratzean, ikuskizunen txanda izango da. Poetiko-musikalak izango dira, 90 minutukoak. Diskoko abestiak kantatzeaz gain, poemak, ipuinak, bertsoak, monologoak eta abar izango dira. Asmoa da ikusleek disfrutatzea, emozioak eta sentimenduak mugitzea, eta jendea maitatzeaz hausnartzen jartzea.

‘MAITATZEARI’ IKUSKIZUNA

Irailaren 15a. Ordizian.

Irailaren 30a. Orion.

Azaroaren 13a. Hernanin.

Urtarrilaren 29a. Beasainen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.