Ehun egunetik gora greban

Ehun egunetik gora greban

Beñat Agirresarobe

Hondarribiko udal eraikinetako garbitzaileak greba mugagabean daude irailaren 1etik. Udalak azpikontratatutako ISS enpresan lan egiten dute, eta azaldu dute “hilabeteak” daramatzatela enpresarekin nahiz udalarekin negoziatu nahian, 2011tik berrikusi ez den lan hitzarmena berritzeko eta lan baldintza duinak eskatzeko. Greba mugagabeari irailean ekin dioten arren, otsailean hasi ziren mobilizazioak egiten, eta ordutik ehun greba egun baino gehiago egin dituzte.

Ekainaren 28an bildu ziren lehenengoz ISS enpresarekin, eta, orduan, enpresari proposamenik ez eramatea leporatu zioten langileek. Joan den astean elkartu ziren bigarrenez, eta, langileen esanetan, orduan ere ez zuen proposamenik aurkeztu. Diote bi hilabete eta erdiotan enpresak ez duela elkartzeko ahaleginik egin. “Uda osoa pasatu dugu protestetan, eta orain hutsetik abiatu beharko dugu”, azaldu du Nagore Larzabal garbitzaileak.

Asteartean elkartu ziren berriro, oraingoan proposamen bat eramango zutela agindu baitzien ISSk. Alabaina, enpresaren proposamenak “zur eta lur” utzi zituen langileen ordezkariak: soldata %0,75 eta %1 artean igotzea planteatu die enpresak. Hondarribiko Udalean kale garbitzaileen —normalean, gizonak— eta eraikin garbitzaileen artean %13 eta %15 arteko soldata arrakala dagoela esan du ELAk.

Jarrera “kezkagarria”

Sindikatuko ordezkari Xabier Etxanizen esanetan, soldatak arrakala hori ezabatu arte igotzeaz gain, KPIra egokitzea ere eskatzen dute langileek: “2011z geroztik berritu gabe dagoen lan hitzarmena iraungi eta berria adosteko garaia da. Bost urteko iraupena izatea eskatzen dugu, eta bukatu eta berehalakoan KPIa aintzat hartzea”.

ISSren jarrera “erabat kezkagarria” da garbitzaileen irudiko. Arantxa Amunarriz garbitzaileak enpresak gaixoaldi eta oporraldietan izan duen jarrera salatu du: “Ordezkoak bidaltzen zituzten noiznahi, lanordu gutxiagorekin baina lan karga berberarekin”.

Horrez gain, grebaldian enpresa “oso gustura” dagoela adierazi dute langileek. Azpikontratatuta egonik, udalarekin duen kontratua eten ezean, ISSk irabaziak bermatuta dituelako izan daiteke hori, langileen ustez: “Udalak lan gatazka konpondu behar dela aitortu zigun, baina abuztuan bat egin zuen enpresarekin gutxieneko zerbitzuak %100 ezartzeko arrazoibideak aurkezteko garaian”. Larzabal lankideak bat egin du Amunarrizekin: “Enpresa eta udala adarra jotzen ari zaizkigunaren susmoa dugu”.Udalari gogoratu diote, langileak azpikontratatu gabe, kontratuak bere gain hartzeko gaitasuna duela.

Talaian, osasun arazoak

Besteak beste, Talaia eskola garbitzen dute ISSko langileek. Hango guraso elkarteak kezka adierazi zuen abuztuan, ikastetxean pilatu den zikinkeria dela eta. Astelehenean bilera irekia egin zuten, ikasturtearen hasierak bultzatuta. “Oso kezkatuta gaude, udalak eta enpresak gatazka konpontzeko tresnak ez dituztelako mahai gainean jarri”, adierazi du Oier Luzuriaga ikastetxeko gurasoak.

Jada astebete egin dute ikasleek geletan, eta kezka orokortu egin da gurasoen artean: “Adinaren arabera, hainbat ikaslek lurrean egiten dituzte zenbait jarduera. Kontuan hartu behar da beste hainbatek asma eta bestelako osasun gaixotasunak dituztela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.