Naturari lotzeko iparrorratza

Naturari lotzeko iparrorratza

Maria Ortega Zubiate

Gipuzkoako V. Rogaining Txapelketa egingo dute bihar Pagoeta mendiko inguruetan. Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) antolatu du, eta mendian eta basoan zehar orientazioa lantzean datza: partaideek iparrorratza eta mapa izango dituzte laguntzaile bakar. Zarauzko eta Aiako udalek ere hartu dute parte antolakuntzan, eta Aiako udaletxe parean hasiko dute ibilbidea. Bi aukera izango dira: hiru orduko txangoa edo zortzikoa. Guztira, berrehun parte hartzailek baino gehiagok eman dute izena.

Izena ezezaguna bada ere, Gipuzkoan aski ezaguna da proba. “Altxorraren bila eta ginkana jokoen antzerakoa da”, esan du Borja Del Estal GOTeko kide eta Pagoetako rogaining-eko antolatzaileak. “Mendia, orientazioa, lehia, estrategia eta talde kirola uztartzen dituen modalitatea da rogaining erako orientazio proba bat”, azaldu du. Jokoaren muina zera da: mapa bat jasotzen dute partaideek, eta zenbait puntu markatuak izaten ditu mapa horrek; horiek bilatzea dute helburu. “Puntu bakoitzak balio bat dauka, bai zailtasun aldetik, bai distantzia aldetik”, esan du Del Estalek. Horrela, ahalik eta puntuaziorik handiena lortu beharko dute parte hartzaileek. Del Estalen ustez, Euskal Herrian nahikoa errotuta dagoen jarduera da: “Perretxikoak bilatu beharrean, puntu bat bilatu behar dute”.

Lehia, taldeka

Ez dute bakarka parte hartuko, taldean baizik. Bi eta bost lagun arteko taldeak izango dira, mistoak zein ez-mistoak, eta adinak ere nahas daitezke. “Baliteke haurrentzako joko bat ematea, baina ez da haurrentzat bakarrik; hau denei begirakoa da”, dio Del Esnalek. Eta gehitu du rogaining orientazio proba batean parte hartzen duten taldeak askotarikoak izan ohi direla, bai adinez, baita gaitasun fisikoari dagokionez ere: “Mendi korrikalariak, umeekin datozen familiak… Kirol honek, adin eta gaitasun fisiko ezberdinak uztartzen dituen kirola denez, mendiaz eta naturaz beste modu batera gozatzeko aukera eskaintzen du. Heldu zein gazte, korrikalari edo ez, bakoitzak nahi duen moduan parte har dezake”.

Taldeek txip bat izango dute, eta horrekin kalkulatuko du antolakuntzak haien ibilbidea: “Bakoitzak txip bat dauka, eta txip horietan gordetzen da puntu bakoitzetik zein ordutan pasatu diren”. Txip horrek ahalbidetuko du proba zuzenean jarraitu ahal izatea ere.

10:00etan hasiko dira zortzi orduko rogaining aukeratu dutenek. Orduan, mapa bat jasoko dute, eta ordu erdi bat izango dute beren estrategia prestatzeko. Hain zuzen ere, zeregin horren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek: “Antolaketak ibilbide gogorra izango dela aurreikusten du; ondorioz, estrategiak garrantzi berezia izango du, berez gogorra den proba bat zailagoa bihurtu ez dadin”. Behin hori eginda, mendira joan beharko dute, eta mapan markatutako puntuak, balizak, bilatu. Hiru ordukoa aukeratu duten taldeek, berriz, 11:00etan egon beharko dute Aiako udaletxe parean, eta haiek ez dute ordu erdirik izango: beraiek antolatu beharko dituzte hiru orduak.

Naturarekin lotura mantentzeko kirol hau ezin hobea dela uste dute antolatzaileek; hain zuzen ere, basoan jokatzen denez, hango elementuei adi egon behar dute parte hartzaileek: “Lehia izaera edo aisialdiko natur jarduera moduan goza daiteke naturaz”. Gainera, orientazioa ezinbestekoa izango da, ez baitute ohiko mapa bat jasoko: “Mapa ezagutu behar dute, berezia da: xehetasun guztiak ditu, zuhaixkak eta harri eroriak agertzen dira bertan”. Elementu horiek emango dizkiete pistak: “Bilatu behar dituzte puntu horietan gauzak: pistak egoten dira zuhaitz berezi batean, tontor batean, bi bideren gurutzaketan…”.

Ligaren parte

Biharkoa Espainiako txapelketa izango da;, eta horregatik da luzeagoa, jardunaldi normalak sei ordukoak izaten baitira. Estatu mailako txapelketa denez, Gipuzkoatik kanpoko jendea ere espero dute, eta, hain justu, munduko txapeldunordeen bi taldek eman dute izena: beteranoetako talde mistoak zein gizonezkoenak.

Berez jende gehiago espero zuten, baina asteburuan Herrialde Katalanetan ere badute rogaining proba bat, eta hango parte hartzaileak faltako dira Pagoeta inguruko lasterketan: kopuruak, horregatik, dexente egin duela behera azaldu du Del Estalek. Baina txapelketa izateaz gain, Iberogaine ligako bigarren jardunaldia ere izango da; Espainiako Estatuko ligakoa, alegia.

Gipuzkoan, sei jardunaldi egin dituzte Gipuzkoako Orientazio Mailan, eta nabaritu dute parte hartzaileak ugaritzen ari direla. Egun, berrehun bazkide inguru dira Gipuzkoako Orientazio Taldean, eta, pandemia garaian horrenbeste jende ez bazegoen ere, berriro ari da gora bazkide kopurua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.