Azoken bidegurutzean

Azoken bidegurutzean

Ane Olaizola

Baserritarren, abeltzainen zein bestelako ekoizleen azokek tradizio handia dute Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan, eta gaur egun oraindik ere garrantzitsuak dira, izan saltzaileentzat zein haien produktuak erostera joaten diren herritarrentzat. Festa giroan ospatu ohi dituzten azokek, ordea, maiz badute ezkutukoa izan ohi den beste alderdi bat: urteetako antolaketaren zama eta lekukoen falta. Bidegurutze horretan gelditu dira, esaterako, Elosuko mendi ganadu feriako eta Itziarko Periako antolatzaileak, eta, bakoitzak bere hausnarketa egin ondoren, Elosukoak bidea amaitzea erabaki du; Itziarkoak, norabide berria hartu du prestaketa lanetan.

Azkoitia eta Bergara arteko Elosua auzoan 41 urtez antolatu dute mendi-ganadu feria —azken bi urteetan ez dute egin, izurriarengatik—, baina urriaren 12an egin ohi zuten azoka behin betiko bukatzea erabaki dute aurten auzotarrek. Iñigo Zubeldia auzo alkateak adierazi duenez, errelebo faltak eraginda bukatu dute bidea: “Lanerako jendea bilatzea gero eta zailagoa egiten ari zitzaigun, eta prestasunez eta ilusioz jardun diren auzoko nagusiak adinean aurrera doaz; atzetik inor ez dator”. Elosuarrek beraiek hartu zuten erabakia, batzar nagusi batean: “Auzoaren egoera bistaratzean, ahul sentitu ginen azoka berme batzuekin antolatzeko”.

Mendi-ganadu azoka antolatzeko, 80-90 lagun inguru elkartu ohi ziren auzoan, eta feria sonatuak 3.000 bisitari inguru jasotzen zituen, Zubeldiaren arabera. Hain zuzen, auzoaren eta hango elkartearen diru iturri “bakarra” izan ohi zen hura, eta lehen sektoreari bultzada ematea zuen xede. Saltzaileen artean errepikatzen den hitza “pena” dela azpimarratu du hark, eta uste du landa auzoak “arimaren zati handi bat” galduko duela. Hain zuzen ere, arazoaren erroa “auzoak bizi duen egoeran” dagoela uste du Zubeldiak: “Landa eremuen husteak ohituren, kultura herrikoien eta egiteen akabatzea eragiten du pixkanaka”. Izan ere, erakundeek oinarrizko zerbitzuak hiriguneetara bideratu dituztela salatu du Elosuko auzo alkateak, hala nola sendagileen bisitak, ikastetxea eta garraio publikoa. “Oinarrizko zerbitzurik gabe, landa eremuak leku idiliko erromantikoak dira, baina bizitzeko zailak”.

Aldaketak antolakuntzan

Elosukoa bezala, Itziarko Peria ere herritarrek antolatu izan dute azken 26 urteetan, Deban. 1994an prestatu zuen Itziarko Peri Batzordeak azoka aurrenekoz, eta azken urteetan ezagun bilakatu da hura ere: 170 postuk baino gehiagok osatu izan dute, eta batzordeak 3.000-4.000 lagun zenbatu izan ditu azokan.

ITZIARKO PERIA

Zortzi lagunek osatzen dute batzordea, eta izurriak behartutako bi urteko geldialdiak bide eman die boluntarioei hausnarketarako: “Feriaren antolakuntzarekin jarraitu behar al genuen edo ez hausnartu genuen, zama handia zelako; batez ere, azpiegiturei eta kudeaketa lanei zegokienez”, esan du batzordeko kide Maria Jesus Aranberrik. Zalantzak argitzeko, udal auzoan herri batzarra egin zuten, eta, “herritarren nahia errespetatuz”, antolatzen jarraitzea erabaki du taldeak; hori bai, aldaketa batekin: aurrerantzean, Itziarko Peri Batzordearen eta Itziarko auzo udalaren artean antolatuko dute. “Auzo udalak azoka bultzatu nahi du, eta prest agertu da lanak guri errazteko. Izugarrizko pausoa izango da hori; oso eskertuta gaude”.

Aranberrik badaki “ekoizle txikien erakusleiho eta salmentarako elkargune” izan ohi direla azokak; “galtzen den feria bakoitzak eragin handia du familia askorengan”, azpimarratu du.

Itziarko azokaren egunean laurogei bat lagun aritzen dira lanean, eta elkarlanak komunitatea indartzeko zein “herria ahalduntzeko” balio duela azaldu du. Azaroaren 1a festa eguna izango da, beraz, Itziarren, baina badago erronka bat, lanean aritzen direnek lortu nahiko luketena: “Herriak laguntzen duen bitartean, azokek iraungo dute, baina lortu behar duguna da herritarrek beraiek ere gozatzea, bisitariek egiten duten moduan; ez soilik lana egitea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.