Ehun urte testu eta irudietan

Ehun urte testu eta irudietan

Imanol Garcia Landa

Ekainean bete zituen Tolosa Futbol Klubak ehun urte, eta, besteak beste, liburu bat argitaratzea eta erakusketa bat antolatzea erabaki dute urteurren biribil hori ospatzeko. Joxemi Saizarrek izan du Tolosa CF, 100 urte liburuaren testuen ardura, eta Joseba Urretabizkaiak, argazkiak ateratzeaz gain, maketazio eta edizio lanak egin ditu. Urretabizkaiak berak izan du Tolosako Aranburu jauregian dagoen erakusketa osatzeko ardura.

Aurretik beste bi liburu argitaratu zituen klubak: 50. eta 75. urteurrenetakoak. Azken hori ere Urretabizkaiak koordinatu zuen, eta Saizarrek idazketan parte hartu zuen. “Gogoan izan genituen aurreko bi lanak, eta, klubeko zuzendaritzarekin batera, erabaki genuen aurreko bi lan horien laburpena sartzea eta azken 25 urteei ematea protagonismoa, errepikakorra ez izateko”, esan du Saizarrek.

Azken 25 urteetan nabarmendu diren kirolariak eta entrenatzaileak elkarrizketatu ditu Saizarrek, eta zuzendaritzako zenbait kide eta epaileren bat ere bai. “Aurreko liburutik bat edo beste errepikatuta daude, oraindik ere martxan baitaude ibilbide luze honetan: Jose Manuel Arruabarrena eta Javier Lorz Kapu, esaterako. Armando Roca atleta beteranoa ere bai, atletismoan lehiatzen baita oraindik”, zehaztu du Saizarrek. Argazki berriei dagokienez, klubak dituen atal bakoitzeko zenbait argazki sartu dituzte liburuan, eta baita elkarrizketatuenak ere, zuri-beltzean.

Hainbat datu ere jaso dituzte argitalpen berrian, eta Saizarrek aitortu du “lan mardula” izan dela horiek biltzea. “Zoritxarrez, ez dago dokumentazio lan handirik. Idatzita eta jasota dagoen bakarra egunkarietan dago”. Udal artxiboan “dezenteko hemeroteka lana” egin behar izan dutela esan du Saizarrek. “Sail bakoitzak badu bere informazioa, gehiago edo gutxiago, eta, aurreko liburuez gain, horiek izan dira iturriak”.

Klubaren izen ofizialean futbola azaltzen bada ere, berezitasunetako bat da egun zortzi atal dituela: futbola, atletismoa, pilota, eskubaloia, gimnastika erritmikoa, txirrindularitza, tenisa eta mendia. Gehiago izan dira, eta gutxiago ere bai. “Beraz, atal bakoitzak bere presentzia izan behar zuen liburuan. Batzuk hasiera-hasieratik daude: futbola, atletismoa eta pilota. Beste batzuek, berriz, urte gutxiago dituzte. Adibidez, eskubaloiaren atala 50. urteurrena ospatzen ari da aurten”.

Gaur egun jada martxan ez dauden baina azken 50 urteetan klubean lekua izan duten kirolak ere sartu dituzte liburuan: saskibaloia eta igeriketa. “Bere garaian, Tolosa Futbol Klubean zeuden, eta, gero, arrazoi ezberdinak tarteko, handik atera ziren”.

Tolosakoa Gipuzkoan hainbeste atal dituen klub bakarrenetakoa dela gaineratu du Saizarrek, eta kirolari asko izatea ekartzen duela hainbat atal egoteak: “Seiehun federatu baino gehiago ditu, eta bostehun haur inguru kirol eskoletan. Emaitzak alde batera utzita, harrobiko lan hori ere oso garrantzitsua da; funtzio sozial hori ere egiten du”. Datu horiek eta ehun urteak kontuan izanik, Tolosa eta Tolosaldeko herritar ugarik izan dute edo dute loturaren bat klubarekin.

Saizarrek azaldu duenez, emakumeen presentzia handitu egin da azken 25 urteetan: “Biderkatu egin da, eta kirol gehienetan gizonen pare dira fitxa aldetik; mailari dagokionez, gorago daude kasu batzuetan”. Maila nagusira iritsi diren kirolariak elkarrizketatu dituzte, adibidez. “Eta futbolean, egun, bi emakume daude Tolosaren harrobikoak, biak Realean: Nerea Eizagirre eta Izarne Sarasola”. Saizarrek azpimarratu du klubaren ekimenez “gero eta emakume gehiago” daudela entrenatzaile lanetan zein zuzendaritzetan.

Azpiegiturei ere lekua egin diete 100. urteurreneko liburuan; izan ere, Berazubi estadioaren mendeurrena izango da datorren ekainean, esaterako. Usabal kiroldegia da —2005ean zabaldu zuten— beste gune garrantzitsuetako bat.

Liburua Berazubi estadioan dago liburua eskuragarri, egunero 17:00etatik 20:00etara. 35 euroan dago salgai.

Erakusketa ere, atalka

Aranburu jauregiko erakusketa azaroaren 12ra arte izango da ikusgai. “Liburua atalka dagoen moduan, erakusketa ere horrela jarri dugu”, esan du Urretabizkaiak. Historiak eta argazki zaharrek beren lekua dute, eta klubeko atal edo kirol bakoitzak ere bai. Bideoak ikusteko aukera ere badago; besteak beste, mendeurrenaren harira Pablo Dendaluzek egin duena. Bitxikeria moduan, podium zahar bat ere jarri dute, nahi dutenek hara igotzeko eta argazkiak ateratzeko.

Bisitariarentzat erakusketa “gertukoa” izan dadin nahi dute, Urretabizkaiak azaldu duenez: “Hemen, nor ez da izan edo nork ez du izan Tolosa Futbol Klubeko norbait familian edo inguruan? Hori hala, klubeko kirol guztietako elementuak jarri ditugu ikusgai, etortzen denarentzat hunkigarria izan dadin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.