Oihana Ugarte Iriarte: “Denok daukagu ahalmena zerbait sortzeko”

Oihana Ugarte Iriarte: “Denok daukagu ahalmena zerbait sortzeko”

Maria Ortega Zubiate

Linoleum, egur, tinta eta prentsa artean ematen ditu egunak Oihana Ugarte Iriarte artistak (Tolosa, 1974). Bere ekoizpenak egiteaz gain, linoleum gaineko xilografiaren artea irakasten du, ahalduntzeko tresna dela sinetsita. Asteartean hasi zuen ikastaroa Tolosan, eta zazpi saio emango ditu, azaro amaierara arte.

Nola azalduko zenuke zer den xilografia?

Ikasleei beti azaltzen diet nondik datorren xilografia, garrantzitsua delako jakitea egiten ari garen hori nondik datorren. Txinan asmatu zuten xilografia, IV. mendean; egurra zizelkatzen hasi ziren, eta tinta ematen zioten gero, zigiluak egin eta teletan estanpatzeko. Antzinako teknika horren bidez, irudia eskuz zizelkatzen da egur edo linoleum gainean, irudiari erliebean dagokion eremua utziz. Erliebe horri tinta ematen zaio, eta paperera pasatzen da gero, prentsa baten bitartez edo eskuz. Horixe azaltzen diet ikasleei eta sareetan aurkitutako argazki eta bideoak jartzen dizkiet lehen klasean. Izan ere, herriko kultur egitarauetan xilografia ikastaroa dagoela irakurtzen dutenean, ez dute jakiten zer den hori.

Nola heldu zinen xilografiaren mundura?

Nik grabatu ikasketak egin nituen Debako Arte Eskolan, hiru urtez, baina xilografia ez zidaten irakatsi, autodidakta izan naiz nire tailerrean. Lehenago ere, neure kontura ikasi nuen serigrafia; aquaforteak egiten nituen kobrearekin eta grabatua egiteko beste era batzuekin, eta gero hasi nintzen xilografiarekin.

Nola hasi zinen ikastaroak ematen?

Ni batukada feministan ibili izan naiz urte askoan; jabetze eskolatik heldu nintzen hara. Nire tailerrean xilografia deskubritzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan oso esperimentu polita zela jendearekin banatzeko. Tolosako berdintasun teknikariari proposamen bat egin nion, kultur etxean prentsa handi bat dagoelako. Horrela hasi nintzen, eta sei eskola eman nituen Tolosako jabetze eskolaren barruan. Pandemia aurreko urtean izan zen, 2019an: aurrena Tolosan, gero Anoetan…, eta pixkanaka-pixkanaka herri gehiagotara zabaltzen joan naiz. Iritsi naizen lekuetan beti berriro egin dute ikastaroa, jendea lotu egiten duelako. Egia esan, oso erlaxagarria da; xafla gainean puntzoiarekin aritzen gara zuloa egiten eta marrazkiari jarraitzen. Oso ariketa interesgarria da.

Aipatu duzu ikasleek ez dutela jakiten zer lantzen den ikastaroan. Ezjakintasun handia dago xilografiaren inguruan?

Bai. Tokatu izan zait aurretik xilografia egin duen ikasleren bat, baina, orokorrean, ez dute jakiten zer den.

Zer egiten duzue ikastaroan?

Xilografia egurraren gainean egiten da normalean, baina linoleumarekin egiten dut nik. Material hori bigunagoa da, eta horrelako lanak egiteko komertzializatu dute, eskulanetarako egokiagoa delako. Nik ematen dizkiet lanabes guztiak: arrabolak, tintak, torkulu edo prentsa txiki bat… Egurrarekin egingo banu, tailer espezializatuago bat izango litzateke, baina herriz herri ibiltzen naiz ni, autoa trastez beteta: errazagoa eta eramangarriagoa izan behar du.

Ikastaroetan ikasleei azaltzen diet, era berean, xilografia historian nola erabili izan den aldarrikapenerako. Gainera, emakumeentzako klaseak direnez, azaltzen diet Latinoamerikako herri batzuetan nola sortu zen talde bat, Mugre Mujeres Grabando Resistencias [Emakumeak Erresistentziak Grabatzen], eta egin zituzten ekintzak xilografien bidez. Gauza horiek azpimarratzen ditut, eta ikasleek ere, euren plantxetan, aldarria egitera animatzen ditut.

Zer soslaitako ikasleak izaten dituzu?

Emakumeak izaten ditut ikasle, jabetze eskoletan emakumeak bakarrik izaten direlako. Oso gazteak, oso helduak, baldintza desberdinetan daudenak… Aberatsa da soslaia. Herri txikietan ere egin izan dut tailerra, umeekin, neska zein mutil, eta oso polita izan da.

Ahalduntzearekin zuzeneko lotura dauka zure ikastaroak?

Bai. Ahalduntze prozesuan xilografiak asko laguntzen die emakumeei, eta oso eskertuta daude. Konturatzen naiz, batzuetan, ikasleek blokeo moduko bat izaten dutela; marrazten ez dakitela diote. Nik erlaxatzeko esaten diet, eta hasteko marrazten. Ondorioa da denok daukagula ahalmena zerbait sortzeko, eta teknika honek hori ahalbidetzen du. Eskola bakoitzean bideoak grabatzen dizkiet, erakutsi egiten dizkiet gero, eta asko pozten dira. Hori zaintzen dut: ikus dezatela ahalduntzen ari direla, balioa eman diezaiotela horri. Erakusketa xume bat ere egiten dugu amaieran; Tolosan bi egin ditugu jada. Garrantzitsua da tailerrez harago erakusketak egitea, landutakoa eskolan bakarrik gera ez dadin.

Ikastaroez gain, zure jarduna ere badaukazu xilografian?

Bai. Pandemia aurretik erakusketa batzuk egin nituen Tolosan eta Zarautzen, eta Tolosan bertan salgai dauzkat nire grabatuak, Turdura markoztatze dendan. Orain berriro hasi beharko nuke mugitzen, geldialdi erraldoi honekin dena geratuta daukadalako, baina ez da erraza izaten hau guztia berriz martxan jartzea.

Ikastarorik eman gabe, ekoizpen soilarekin, bizi daiteke xilografiatik?

Ni ez. Eskolak ematen ari naiz orain, apustu hori egin dut, baina saltzeko mezenas bat behar dela uste dut. Salmenten kontua ez dakit estimatzen den; nik egin ditudan erakusketak arrakastatsuak izan dira, baina asko mugitu behar duzu hortik bizi ahal izateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.