Batutadun emakumeak

Batutadun emakumeak

Josune Zarandona

Sarri gizonek baino prestakuntza maila handiagoa duten arren, zuzendaritza postuetan diharduten emakumeen kopurua gutxiengoa da oraindik ere orokorrean. Alde horretatik, musikaren industria ez da salbuespena. Gaur egun arrunta bihurtu den arren, ez dira urte asko igaro emakume batek, batuta eskuan, lehenengoz orkestra bat zuzentzeko aukera izan zuenetik. Orkestretako emakume zuzendari gutxi dago oraindik, baina gero eta gehiago dira.

Elkartuta, emakume zuzendari, musikari eta konpositoreek egindako lana aitortu eta balioa emateko ahaleginean dabiltza asko. Horren adibide izango da, bere xumean, datorren urriaren 23an Zumarragako musika bandak Pachamama Mama izenburupean emango duen kontzertua.

Ane Legarreta (Galdakao, Bizkaia, 1994) da, udaberriaz geroztik, Zumarragako musika bandako zuzendari berria. Gaztea izanagatik, ibilbide profesional oparoa osatu du jada. Orkestra zuzendari izateko goi mailako ikasketak egin zituen Musikenen; Galdakaoko musika bandako, Getxoko (Bizkaia) Musikalia elkarteko eta Leioako (Bizkaia) orkestrako zuzendaria izan zen gero; 2020an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lan egiteko aukera izan zuen; eta iaz Egipton izan zen, Kairoko Orkestra zuzentzen.

ANE LEGARRETA

Gaur egun, Zumarragako musika banda zuzentzeaz gain, Bilbao Opera Abaoko zuzendari laguntzailea ere bada. “Orain arte izan dudan proiekturik interesgarriena da. Bertan deskubritu dut opera, eta nire ibilbide profesionala norabide horretan gauzatu nahi dudala ohartu naiz”, aitortu du Legarretak.

Ezohiko kontzertua izango da urriaren 23koa. Batetik, bi emakume arituko direlako oholtzan zuzendari lanetan —Legarreta bera eta Sandra Veiga orduñarra, zuzendari gonbidatu gisa—. Eta, bestetik, soilik emakume konpositoreek sortutako lanak joko dituztelako. Legarretak aitortu du ez dela lan erraza izan programa osatzea. “Emakumeen artean gehienek abesbatzetarako konposatzen dute. Orkestretan ere gero eta gehiago ikusten ari gara, baina, banden alorrean, zailtasun gehiago izan dut emakumeak programatzeko”.

Atzerriko lanak entzungai

Denera, lau emakumeren lanak entzuteko aukera izango da Zumarragan: Libby Larsen, Tara Islas, Erika Svanoe eta Shelley Hanson konpositoreenak, Ameriketako Estatu Batuetakoak (AEB) guztiak. “Espainian ere badira emakume konpositoreak, Valentzian batez ere, baina banda handietarako obrak sortzen dituzte gehiago”, azaldu du. Zumarragako kontzertua osatzeko, konpositore guztiekin jarri da harremanetan Legarreta. “Denek eskertu didate euren obrak Euskal Herrian ezagutarazteko aukera”. Guztien artean, Tara Islas nabarmendu nahi izan du, Forging an Icon-Fanfare for concert Band eta Nine Miniatures for Concert Band lanen eskubideak Zumarragako musika bandari lagatzeko izan duen prestutasunagatik.

Zumarragako bandako musikariek “gustura” hartu dute erronka. “Estilo aldetik, ez dago elementu berritzailerik, eta ez zaie zaila egin obra hauek interpretatzea”, azaldu du Legarretak. Baina zuzendariaren ahalegina harago doa, “musikariak kontzientziatzea” baitu helburu nagusietako bat. “Konpositore hauen partituretako batzuk erosi egin ditugu, eta badakite ezin dituztela partekatu. Emakume hauen guztien lana ikusarazteaz gain, balioa eman behar zaielako. Honetatik bizitzeko hautua egin duten emakume horiek ere eskubidea dute sortutako lanen bitartez irabaziak jasotzeko”.

Ahizpatasun harremana

Espainiako Estatuko datuei erreparatuta, “orain dela hamar urte emakume orkestra zuzendariak %3” zirela esan du Legarretak, “eta, gaur egun, ozta-ozta dira %10 baino gehiago”. Baina dena ez da txarra. “Hain gutxi” direnez, “ahizpatasun harreman oso polita” dago emakume horien artean. “Kezkak eta zalantzak kontatzen dizkiogu elkarri, eta gomendioak ematen. Orain dela gutxi sartu gara merkatu honetan, eta elkarri indarra ematen saiatzen gara”. Musikagintzan dabiltzan emakume horiek guztiak saretzeko ahaleginean, Legarretak ESAS —Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea— sortu du beste emakume musikari batzuekin batera. “Talde honetan emakume zuzendari, konpositore eta instrumentu jotzaileei ikusgaitasuna ematen saiatzen gara”, azaldu du.

Helburu hori buruan dutela antolatu dute datorren urriaren 23ko kontzertua. Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da, 13:00etan. Sarrera doakoa izango da. Izenburua ere ez da ausaz aukeratutakoa: “Pachamama Mama jarri diogu naturarekin harremana duten elementuak daudelako obra guztietan. Mama hitza errepikatzeak oholtza gainera igoko garen bi emakumeoi egiten digu erreferentzia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.