Ez dut azkoitiarra ematen

Hara! Ba hizketan ez duzu azkoitiarra ematen!”. Askotan entzun dut hori ezagutu berri dudan euskaldun batekin hizketan hasi eta nongoa naizen esan diodanean. Gehienetan pena moduko bat sumatu dut solaskidearen musajean, galera edo are traizio mingarri baten oihartzun.

Tarteka hitz egiten dut Azkoitiko euskaran —Azkoitiko nire sukalkian, ez baitago Azkoitiko euskara bakarra—, solaskidea azkoitiarra edo azpeitiarra izanez gero. Baina Azkoitikoa bezain neurea, maitea eta beharrezkoa dut bestea, nire ahozko euskara batua, nire bigarren euskara.

Ez daukat meritu berezirik, ni euskararen profesionala bainaiz azken ia 40 urteetan —”euskararen banpiroa”, bertsolari ezagun batek, zorrotz eta ez motiborik gabe, esango zukeen bezala—, baina ez al genituzke euskaldun guztiok, geure hizkuntzaren onerako, bi euskara jakin eta mintzatu behar? Euskaldun berri gehienak eta gipuzkoar asko —ez guztiak hala ere, ezta hurrik eman ere—, zorionez edo zoritxarrez, salbuetsita leudeke premia horretatik, jakina, horien jatorrizko euskara estandarra bera delako edo estandarretik bi pausora dagoelako, baina gainerako guztiok ez al genituzke euskara bi eduki behar, eta ez idatzirako soilik, baita hizketarako ere? Gainerako guztiok esan dut; ez soilik euskararen profesionalok. Erdaldunei euskalduntzeko eskatzen badiegu, guk ere pauso bat eman beharko dugu, ezta? Denok gara euskaldun berriak, Karmele Jaiok ondo esan zuen bezala. Edo izan beharko genuke behintzat.

Horretatik urrun gaudela uste dut, eta ez dugula ia batere aurreratu duela 40 urteko alfabetizazio kanpainetatik gaur arte (gora Rikardo Arregiren gorbata!). Horren froga da noiznahi ari garela ezagutzen ahozko euskara batua egiten ez dakiten edo horretan deseroso sentitzen diren euskararen profesionalak.

Ez dut adibiderik jarriko. Ez da kontu pertsonala, soziolinguistikoa baizik. Inori bere ahozko hizkeraren nolakoak aipatzea kontu delikatua da, kuleroen edo galtzontzilloen kolorea baino intimoagoa eta arriskutsuagoa. Andoni Egañari irakurri izan diot badela bera ikusi orduko deseroso sentitzen denik, euskaldun agertu beharrak asaldatuta. Bertsozale zahar bati entzun nion, aspaldi, berari eta bere lagunei, hiztun onak izanagatik ere, deserosoa egiten zitzaiela Manuel Lasarterekin hitz egitea, haren hizkuntz-txukuntasun gorenak kikildu egiten zituelako.

Neuk ere zalantzak ditut, ez dakit zenbateraino naizen neure iritzikoa kontu honetan, eta prest nago kontrako argudioak entzuteko. Eta, batez ere, ez nuke nahi ahozko euskara batuan hitz egiten ez dutenak, edo hizketan batua erabiltzen lotsatzen direnak —badira, eta ez gutxi—, gaitzitzerik, soziolinguistikaren ikuspegitik ulergarria delako hutsune hori. Baina uste dut ahozko hizkuntza-batasuna gehiegi zokoratu dugula. Ahozkoan ezin da idatzian bezainbesteko batasunik eta zorroztasunik eskatu, argi dago, baina ahozko euskararen batasun beharra larregi gutxietsi dugulakoan nago, euskaldun askoren bizitzan batere presentziarik ez izateraino.

Ez da idazten hitz egiten den bezala, ezta idazten bezala hitz egiten ere. Baina ahozkoa eta idatzia ezin daitezke bata Bitorian eta bestea Londresen egon, eskaileretan behera erori zen Xenpelarren bertsoetako andre haren hankak bezala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.