Normala izatearen berezitasuna

Normala izatearen berezitasuna

Unai Zubeldia

2004tik etenik gabe, hemeretzigarren aldia izango du aurten Ordiziako Ordiziarrock musika jaialdiak. “Zailak izan dira azken bi urteak”, aitortu du Urko Ruiz de Apodaka Ordiziarrock jaialdiaren antolatzaileak. “Izan ere, pandemiak bete-betean harrapatu gintuen 2020an, eta eserlekuekin-eta antolatu behar izan genuen dena azkenean”. Iaz, berriz, sarrera kobratu behar izan zuten, “edukieraren nolabaiteko kontrola izateko”. Horregatik, “normala” izango delako eta 2019ko egiturara itzuliko direlako, aurtengoa “berezia” izango dela ziurtatu du Ruiz de Apodakak.

Hasi, atzo hasi zen jaialdia, Ordiziako Griffo taldeak D’elikatuz zentroan eman zuen kontzertuarekin —Mikel Urretagoienak, Iñigo Bregelek eta Dani Pozok sortutako taldea da—. Ordiziarrockek pilotalekua du, ordea, berezko txokoa, eta gaur-biharretan bederatzi kontzertu izango dira bertan. 20:30ean hasita, lau talde igoko dira gaur oholtzara: DJ Nazareno, Serapis Project, Lukiek eta Izurri Berria. Eta beste bost talderen txanda izango da bihar, 19:00etatik aurrera: DJ Monky Man, Big Bad Man, J Martina, Kerobia eta Belako DJ Set.

Ordiziarrock laguna figura

Antolatzaile taldeko kideak azpimarratu duenez, kontzertuez gozatzeko ez da sarrerarik ordaindu beharko. “Ez dakigu bidea hori den edo ez, baina, ahal dugun neurrian, saiatuko gara filosofia horri eusten”. Doakotasun hori bermatzeko, Ordiziarrock lagunak figura jarri zuten martxan urte batzuk atzera. “Bazkidetza kanpaina bat jarri genuen martxan, proiektuari bultzada bat emateko eta nolabaiteko fideltasun bat lortzeko, militanteak erakartzeko”. Urtean 15 euro ordainduta, urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldietan “asko” laguntzen dietela ziurtatu du Ordiziarrock jaialdiaren antolatzaileak. Jaialdiari berari dagokionez, musikaz gain, jan-edana ere ez da faltako, Kemekomo proiektuaren, Saldiasko talogileen eta Kroketxearen eskutik.

Goierriko musikariei bultzada emateko proiektu bat dauka oinarrian Ordiziarrock Ekintzak mugimenduak. “Baina urtean zehar ekitaldi pila bat egiten ditugu jada; elkarlanean aritzen gara hainbat eragilerekin, eta Goierriko musikariei urte guztian eskaintzen diegu aukera hori. Horregatik, Goierriko mugez haragoko jaialdi bat da Ordiziarrock, oinak lurrean izanda eta nor garen ahaztu gabe”. Horren erakusgarri, besteak beste Serapis Project Bartzelonako taldea azpimarratu du Ruiz de Apodakak.

Ordiziarrock “sendotutako jaialdi bat” dela uste du antolatzaileak. “Sendotutakoa, eta ondo zaindutakoa”. Lehen urteetan “ilusioa” nabarmentzen zela gogoratu du Ruiz de Apodakak. “Ez geneukan jakintza handirik; gorabeherak gorabehera, urteek eman digute hori”. Antolatzaile taldean ere aldaketa asko izan dute urteotan guztiotan. “Langile espezializatuak sartu dira taldean: kazetariak, argiztapen kontuetan adituak direnak, musikariak, diseinatzaileak… Gure txikian, ekoizpen talde bat gara gaur egun”.

Ruiz de Apodakak horren adibide gisa jarri du agertokia bera. “Frontoia da berez, baina, barrura sartuta, ikusleak ez du sentituko frontoi batean dagoenik. Asko zaintzen dugu akustika, argiztapena ere bai… Goxoki baten modukoa da jaialdi hau”.

Jaialdi “irisgarria”

Azken bi hamarkadetan musikaren errealitatea asko aldatu dela aitortu du Ruiz de Apodakak. “Baina entzulearen ohiturak aldatu dira, bereziki; horiek gutxitu egin direla esango nuke”. 16 urte zituenean jada musika talde bateko kidea zen hura. “Eta guk lepo betetzen genuen aretoa, jende asko etortzen zen. Gaur egun, ordea, kostatu egiten zaio jendeari. Kartelburu on-on bat behar da zaleak erakartzeko”.

Aurreko urteetan, gorrentzat bukle magnetiko bat jartzeko aukera ere eskaini izan du Ordiziarrockek, eta aurten ere izango da aukera hori. “Horrez gain, mugikortasun arazoak dituztenentzat gune berezi bat bermatuko dugu pilotalekuan. Irisgarria izango da jaialdia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.