Bi urte inguru, «ni izan gabe»

M. Garate Tolosa

Goizeko hamaikak izan arren, Tolosako Triangulo plazan, banku batean esertzea izan da ahal zuten guztiek egin duten lehen gauzetako bat. Nekatuta daude. Makuluarekin etorri da bat, ahotsa apalduta du beste batek, eta eztulak erasaten dionik ere bada. Begiratu batera, ordea, itxura ona dute. «Hala da, ez daukagu hanka bat igeltsuarekin, edo minbiziaren tratamendu batek uzten duen arrastorik. Eta jendeak ordubete ikusten zaitu kalean, eta pentsatzen du ondo zaudela, baina ordubete hori ateratzeko, egun osoa etzanda pasatu behar duzu».

Erabat aldatu die bizitza COVID-19ak. «Ni dagoeneko ez naiz ni», esan du batek, eta horixe da beste guztiek sentitzen dutena ere: ez direla lehengo pertsonak. Duela bi urte inguru gaixotu ziren, eta esan dute lehen egunak ez zirela hain gogorrak izan. Elkartu diren 11tik bakarra egon zen ospitaleratuta astebetez; beste batek ere azaldu du gaizki egon zela etxean, eta, haren ustez, ospitaleratu egin behar zutela; gainerakoek, ordea, ez zuten aparteko arazorik izan. «Niri ahotsa joan zitzaidan, besterik ez»; «‘hau baldin bada COVIDa, ez da hain larria’ pentsatu nuen». Txertoak jarriak zituenik ere bada.

Baina beren gorputzetan jarraitzen du birusak, eta zati batean erasaten die oraintxe, eta beste batean hurrengoan. Espainiako Medikuntza Orokorreko eta Familiako Medikuntza Elkarteak (SEGEM) egindako ikerketa baten arabera, berrehun sintoma baino gehiago dituzte COVID iraunkorra dutenek. Tolosan elkartutakoek diote horietako batzuk ia guztiek dituztela: nekea —«deskantsatzen egonda edo siesta eginda ere joaten ez den neke bat»—, artikulazioetako mina, laino moduko bat buruan, lo ondo egin ezina, amets arraroak…

Eman dituzte bestelako adibide batzuk ere: «Kalera atera, eta neure herrian bertan desorientatuta ibiltzen naiz»; «idazten hasi, eta ez naiz akordatzen hitz asko ortografikoki nola diren; dislexia banu bezala idazten dut»; «ahaztu egiten zaizkit esan beharrekoak, eta paper batean idatzita eraman behar izaten ditut»; «zerbait usaintzen dut, baina dastamenik ez daukat batere».

Beren eguneroko bizitza nolakoa den galdetuta, azkar erantzun dute: «Txarra». Are gehiago, gaixotu zirenetik egun on bakar bat ere ez dutela izan nabarmendu dute. «Orain daukat lehen nuen energiaren %10-%20». Eta energia hori dosifikatu egin behar izaten dutela diote. «Egunean hiru bat ordu aguantatzen ditut nik; gero txakalaldi moduko bat iristen zait». Eta aparteko ahaleginen bat eginez gero, «egunetan» ordaintzen dutela azaldu dute. «Nik hemendik ohera joan beharko dut».

Lehen aldean ordu asko pasatzen dituzte etxean. «Niretzat konfort eremua da; nekatzen naizenean, eseri egin naiteke edo ohean etzan, baina psikiatrak esaten dit nire konfort eremua ez, nire konfort kartzela bihurtu dela etxea».

Buru osasunean ere eragina
Egoera horrek guztiak gaixoen buru osasunean ere badu eragina. «Bi urte honela egonda, eragiten digu, noski. Niri antsietate eta depresio nahasmenduagatik eman didate baja, ez COVIDagatik; baina zerbaitengatik nago triste: bi urte daramatzadalako neure buruaren eta osasun sistemaren kontra».

Elkartean babesa aurkitu dutela diote; «arraroak» sentiarazi izan baitituzte beste eremuetan. Eta COVID iraunkorra duten guztientzat ateak zabalik dituztela aipatzeko eskatu dute. Gainerakoan, berriz ere bizitza «arrunt» bat izatea desio dute. «Ea sortzen duten unitate espezializatu hori, eta zer egin dezaketen gurekin». Gaur egun duten egoeran, «ondoriorik utziko ez dien egunpasa bat egiteko gai izatea» ere izugarria iruditzen zaie.