COVID iraunkorra artatzeko unitate espezifiko bat nahi dute gaixoek

Hainbat arlotako espezialistekin, Gipuzkoan bertan "arreta osoa" jasotzeko aukera eskatu diote Osakidetzari. COVID iraunkorrari lotutako protokolo bateraturik ez dagoela diote.

Miren Garate

Hilabete batzuetan ia gai bakar izan ostean, bakanduz joan dira COVID-19ari buruzko albisteak. Baina burua altxatu ezinda dabiltza oraindik zenbait herritar. Gaixotu ziren, eta ez dira sendatu: COVID iraunkorra dute. Eta haien sentsazioa da hobera egin beharrean, okerrera ari direla egiten. Horregatik, Gipuzkoan bertan “arreta osoa” emango dien unitate berezi bat sortzeko eskatu diote Osakidetzari, eta baita COVID iraunkorra duten gaixoentzako protokolo bateratu bat sortzeko ere.

Astelehen goizean, 11 lagun elkartu dira Tolosako Triangulo plazan. Horiez gain, Gipuzkoako beste hogeiren bat gaixo ere badaude Long COVID Euskal Herria elkartean, baina badakite askoz gehiago direla antzeko egoeran daudenak; izan ere, zenbait ikerketaren arabera, COVID-19a izan dutenen %10ek hainbat sintoma dituzte gerora ere.

Tolosakoak bertakoak, Usurbilgoak, Lasarte-Oriakoak, Olaberrikoak, Zizurkilgoak eta Gipuzkoako beste herri batzuetakoak dira. Beraz, osasun zentro ezberdinetara bideratu ohi dituzte. Azaldu dutenez, batzuei proba batzuk egiten dizkiete, beste batzuei beste batzuk, eta ezer egiten ez dietenak ere badaude. “Nahi duguna da medikuak prestatzea, eta jartzea espezialisten talde bat gutaz arduratzeko. Beste toki batzuetan ari dira horretan”. Taldean mediku internistak, neumologoak, neurologoak, psikologoak eta abar beharko liratekeela diote. “Eta ikerketa eta ikerketa”.

Gaur-gaurkoz, “bururik gabeko oilaskoak bezala” ibiltzen direla esan dute, neurri batean, tokatzen zaien medikuaren borondatearen edo ezagutzaren mende daudela. Eta kexu dira, osasun egoera kaskarrean egonda ere, gaixoek beraiek ibili behar izaten dutelako proba eske. “Kontsultara sartu orduko, gurekin denbora galtzen ariko balira bezala sentiarazten gaituzte”.

Aipatu dute batzuek bi urtera lortu dutela internistak lehen aldiz ikustea, beste batzuek orain arte neurologoarekin egoterik ez dutela izan… “Markatzaile batzuk alteratuta ateratzen dira COVID iraunkorrarekin, baina Osakidetzak ez dizkigu proba horiek egin nahi. Geure kontu osasungintza pribatuan eginez gero, berriz, ez ditu onartzen. Eta Gizarte Segurantzari begira, Osakidetzak esaten duenak balio du”.

Sinesten ez dieten medikuak

COVID iraunkorrari aurre egiteko tratamendurik ez dago oraingoz; sintomak tratatu ohi dizkiete, botiken bidez. “Txertoa lotzeko mugitu ziren, baina zergatik halako utzikeria gurekin? Guk oso gustura uzten dugu geure burua ikertzen”. Denbora joan ahala, gainera, gero eta okerrago daudela azaldu dute, eta horrek are kezka handiagoa sortzen die. “Inoiz ez dakigu egun horretan zer izango dugun: oraintxe buruko mina da, gero eztarrikoa… Areagotuz doaz sintomak”.

Tolosan elkartu diren gehienek aitortua dute COVID iraunkorra dutela, eta hori zortetzat ere hartzen dute, elkartean bai baitaude diagnosi ofizialik ez dutenak ere. Horri lotuta, maiz gertatu izan zaie beste zerbait ere: medikuek sintoma guztiak psikologikoak edo psikosomatikoak direla esatea. “Esaten digute gehiegizko informazioagatik neurotiko bihurtu garela, ezintasuna lortzea dela gure helburua…”. Emakumeak dira COVID iraunkorra duten gehienak, eta jasotako trataeran, generoak ere izaten duela eragina diote. “Emakumea zara, ‘sexu ahula’, eta dena emozionala dela esaten dizute”.

Gaixoen esanetan, “pixkanaka lanean hasteko” aholkatu ohi diete, eta nola egiten den hori galdetu dute. “Hemen gaudenetako batzuk osasun langileak gara: zer egin behar dugu, pazienteari esan ahaztu egin zaigula esan behar duguna eta itxoiteko?”.

Eta ezintasunaren gaia atera dute; barruak astintzen dizkien hitza da. “Nik entzun ere ez dut egin nahi”, dio batek. Ezina adierazten duelako, eta irensten ez delako erraza. Dena den, tratamendurik ez egonda eta dauden egoeran egonda, lagungarritzat dituzte Gizarte Segurantzaren ezintasun aitortzak. “Behintzat, gainetik kentzen duzu medikuek alta eman eta lanera joan beharko duzun kezka”. Duela gutxi onartu diote lehen aldiz gipuzkoar bati ezintasun iraunkor absolutua. Baina nabarmendu dute beren borroka nagusia ez dela ezintasuna lortzea, ez direla horretarako elkartzen. “Guk sendatu egin nahi dugu, ez beste ezer”.