Igandeko bazkari ezberdin bat

Igandeko bazkari ezberdin bat

Mikel del Val

Egun gutxi falta dira SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen duen Bizilagunak egitasmoaren aurtengo ekitaldirako. “Hemengo” eta “kanpoko” familiak bazkaltzeko elkartzen ditu ekinaldi horrek, eta 2012an abiatu zuten. Aurten, azaroaren 20an egingo dituzte bazkariak, Gipuzkoako hainbat txokotan, eta azaroaren 14ra arte eman ahal izango da izena parte hartzeko.

Gipuzkoako SOS Arrazakeria GKEaren proiektuen teknikaria da Silvana Luciani, eta hark koordinatzen du Bizilagunak egitasmoa. Adierazi du “oso ondo” funtzionatzen duela Bizilagunak programak, “oso formula erraza” duelako: “Azaroko igande batean, elkarrekin bazkaltzen dute hemengo familiek eta kanpokoek, elkar ezagutzeko. Helburua da igandeko bazkari ezberdin bat izatea. Oso esperientzia polita da, eta parte hartzaileek oso pozik bukatzen dute”. Familia hitza erabiltzen bada ere, Lucianik nabarmendu nahi izan du familiez gain “lagun taldeek, kuadrillek edota pisukideek” ere parte har dezaketela egitasmoan.

Hamar urte pasatu dira jada Bizilagunak lehenengoz egin zutenetik. Lucianiren hitzetan, “aurreiritziak, estereotipoak eta beldurrak hausteko baliabide bat” da Bizilagunak. “Askotan pasatzen zaigu: hurkoa ezagutzen dugu, baina ez dugu hitz egiten harekin. Elkarren ondoan bizi gara, baina ez daukagu harremanik”. Bizilagunak “harago” doan egitasmoa dela gaineratu du. “Alferkeriak, beldurrak eta ezjakintasunak alde batera utzi nahi ditugu, hurkoa hobeto ezagutzeko. Denok elkar ezagutzeko bultzadatxo bat izan nahi du proiektuak”. Lucianik zehaztu du “auzotasun inklusiboa eta barneratzailea duen jendartea sortzea” dela xedea.

Elkar ezagutzearen onena, hori da aurtengo leloa. Koordinatzaileak argi du lelo horrek “ezin hobeto” islatzen duela Bizilagunak egitasmoaren helburua: “Etorkinen inguruan ditugun aurreiritziak eta estereotipoak atzean uzten laguntzen digu elkar ezagutzeak. Mahaian eseri eta elkarren artean hitz egiten hasten garenean, hor sortzen den intimitate horrek modua ematen digu ondokoa ezagutzeko, eta bakoitzak bere istorioa kontatzen du”.

“Hemengo” familia gutxiago

Lucianik jakinarazi du “kanpoko familia askok” eman dutela izena, eta “hemengo gutxiagok”. Hori dela eta, egitasmoan parte hartzeko gonbita egin die jatorriz Euskal Herrikoak diren familiei. Izen emateak ixten direnean, lehenik eta behin harrera familia edo bisitaria izango den zehaztu beharko dute parte hartzaileek, edo berdin zaien nola parte hartu. Ondoren, zaletasunetan oinarritutako parekatzeak egiten dituzte, bazkaria “ahalik eta atseginena” izateko. Azkenik, dinamizatzaile baten figura baliatzen dute beti, bazkariaren logistika antolatzeko eta familiak harremanetan jartzeko.

Julen Gomez hernaniarra da ondo bidean egitasmoan dinamizatzaile gisa parte hartuko dutenetako bat. Iazkoa izan zuen lehen aldia, eta aurtengo ekitaldirako grabatu duten bideoan ere azaldu da. Aurten ez du izena eman oraindik, baina argi esan du ahal badu berriz izango dela mahaiaren inguruko elkargunean. Gomez, iaz, Gizarte Integrazioko goi mailako ziklo bat ikasten ari zen, Tolosan, eta Bizilagunak egitasmoko kideak klasera joan zitzaizkien hitzaldi bat ematera. Egun hartan jaso zuten proiektuan boluntario izateko gonbita, eta horrek bultzatu zuen dinamizatzaile gisa aritzera.

Gomezi “asko” gustatu zitzaion iazko esperientzia; lehen aldi hori “oso polita” izan zela onartu du: “Niri egokitu zitzaizkidan familiak oso jatorrak ziren, eta oso gustura egon nintzen haiekin. Bizilagunak egitasmoan parte hartzea oso atsegina da; azken finean, mahaian daudenek gogoa baitute hor egoteko”.

Egitekoei dagokienez, lehenik eta behin familiak harremanetan jarri zituela kontatu du, bazkaria antolatzen hasteko. “Azken batean, bi familien arteko bitartekaria izatea da dinamizatzaileon egitekoa”, esan du. Azkenik, inkesta bat pasatu zien parte hartzaileei, egitasmoaren gainean zer iritzi zuten jakiteko. Gero, inkesta horiek Bizilagunak proiektuko kideei bidali zizkien Gomezek, “haiek, ondoren, erantzun guztien inguruko balorazio bat egin zezaten”.

Ohikora itzultzen

COVID-19aren eragina pasatuta, normaltasuna berreskuratzen ari direla onartu du Lucianik. 2019koa izan zen ohiko erritmoan antolatu zuten azken Bizilagunak egitasmoa, eta 138 bazkari egin zituzten Gipuzkoa osoan. Iaz, murrizketak zirela medio, 70 antolatu zituzten azkenerako. “Pandemia aurreko datuak” berreskuratu nahi dituzte aurten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.