Inoizko aurrekonturik handiena, “ziurgabetasunari” aurre egiteko

Inoizko aurrekonturik handiena, “ziurgabetasunari” aurre egiteko

Unai Zubeldia

“Garai zail batean”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023rako aurrekontu proiektuak “egoera ekonomiko eta sozial gorabeheratsu bati” erantzuten diola ziurtatu zuen astelehenean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Goizean diputatuen kontseiluan aurrekontu proposamena onartuta, Batzar Nagusietan dago jada zirriborroa. Astelehenetik asteazkenera, sailburuak, sailez sail, azalpenak ematera joango dira Batzar Nagusietara. Olanoren hitzetan, gizartean “kezka” sortu dute “salneurrien eta inflazioaren igoerak eta energiaren krisiak”, eta “inoizko aurrekonturik handiena” da egoera horri aurre egiteko “baliabiderik onena”. 1.129,4 milioi eurokoa da 2023rako aurrekontua, 1091,1 milioi eurokoa finantza karga kenduta, aurtengoa baino 96,5 milioi euro gehiagokoa.

Gipuzkoa “lehiakor, berde eta sozial bat” sortu nahi du aldundiak. “Oso aurrekontu sozialak dira hurrengo urtekoak, ez baititugu bazterrean utzi nahi zaurgarrienak, ahulenak. Baina, aldi berean, gure ekonomia babestu eta etorkizunera begira proiektatu nahi dugu”, esan zuen Olanok asteleheneko aurkezpenean.

Aurrekontuak

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zehaztu zuen 2023an aldundiak 6.189 milioi euro jasoko dituela guztira. 1.129,4 milioi euro jarriko dituzte aurrekontu propiorako; 466 milioi euro kuporako izango dira, 3.984 milioi euro Eusko Jaurlaritzarako eta 609 milioi euro udaletarako.

GIZARTE POLITIKA

Aurrekontuaren erdia ia

Gizarte politikak “are gehiago indartzeko”, gipuzkoar bakoitzak hurrengo urtean “elkartasun inbertsio bat” egingo duela azpimarratu zuen Olanok. “Aurten, lehen aldiz, herritar bakoitzak 700 eurotik gora eskainiko die gizarte politikei”, 2015ean baino 243 euro gehiago. Aurreko urteetan bezala, Gizarte Politiken Sailerako jarriko dute aurrekontuaren zatirik handiena: %46,5. Hurrengo urtean 495,2 milioi euro erabiliko dituzte gizarte politiketarako, iaz baino %8,1 gehiago. “Eta beste 12 milioi euro gehitu behar zaizkio horri, Adinberri eta Elkar-Ekin proiektuek jasoko duten diru kopurua. Beraz, 500 milioi euro baino gehiago izango dira guztira”.

EKONOMIA SUSTAPENA

40,3 milioi euro, “proiektu estrategikoetarako”

“Konfiantza, egonkortasuna eta indarra” dira, Olanoren ustez, “ziurgabetasunari aurre egiteko gakoak”. Aldundiak “babestu” egin nahi du ehun ekonomikoa. “Baina etorkizuneko apustuak ere funtsezkoak dira”. 2023an 40,3 milioi euro jarriko dituzte “proiektu estrategikoetarako”, aurten baino 5 milioi euro gehiago. Olanoren esanetan, horrez gain “funtsezkoa” izango da bide azpiegituretan egingo duten “apustua” ere. “A-15eko tuneletan inbertsio handia egiten jarraituko dugu hurrengo urtean ere; Zubietan, Allerruko sarbidean, inbertsio nabarmena egingo dugu; Azkoitian, Urretxun eta Marrutxipin [Intxaurrondon, Donostian] martxan dauden obrekin jarraituko dugu,…”. 108,9 milioi euro jarriko dituzte Bide Azpiegituren Sailerako.

Inbertsioetan “izugarrizko apustua” egingo dutela esan zuen ahaldun nagusiak. “Bide azpiegiturak, etorkizuneko proiektu estrategikoak… Guztira, 246,8 milioi euro erabiliko ditugu inbertsioetarako, aurten baino 26,8 milioi euro gehiago”.

JASANGARRITASUNA

Garraio publikoko deskontuei eutsiko diete

2023rako aurrekontu proiektuan 91,1 milioi euro daude Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailerako, eta 40,3 milioi euro Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailerako. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuaren hitzetan, aurrekontuek “bermatuko” dute azken lau urteotako politikei jarraipena ematea. “Energiaren alorrean, komunitate eta kooperatiba energetikoak bultzatzen ari gara udalekin, eta hori izango da gure politika nagusietako bat”.

Irailaren 1etik garraio publikoan aplikatzen ari diren deskontuei “eustea” da aldundiaren beste apustuetako bat. “Aurrekontu hauetan bermatuta dago pertsona eta familia ahulenak babesteko politika hori”. Asensiok gaineratu zuen Kultura,Gazteria eta Kirol Sailean “lehentasuna” izango dutela “politika inklusiboek”. Peronak erantsi zuen Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunea berritzeko lanetan “inbertsio handia” egingo dutela hurrengo urtean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.