“Kolektiboa” oinarri duen jaialdi berria

“Kolektiboa” oinarri duen jaialdi berria

Unai Zubeldia

“Tokiko artistei balioa emateko” jaialdi bat sortu dute Donostian: Kutixik. Balio Dute musika kolektiboaren fruitua da Kutixik. “Duela lauzpabost urte” hasi zen lanean kolektibo hori, eta, Andoni Olaetxea Balio Dute musika kolektiboko kideak azaldu duenez, “bereziki Donostialdean musika alternatiboaren barruan lanean ari diren musikariei bultzada bat ematea” da helburua. “Kolektiboko kideon artean beti geneukan buruan noizbait jaialdiren bat antolatzeko aukera, kolektibotasun ideia horiek garatzekoa, eta iritsi da unea”.

Bihar egingo dute jaialdia, Intxaurrondoko kultur etxean, 19:00etan hasita —01:00 aldera amaituko da—. Neu Troia, Gilda, Muare, Lumi, Mihise eta Joseba B. Lenoir igoko dira oholtzara. Jaialdi jaioberria da: bihar beteko du lehen urtea. “Eta, aurtengo arrakastaren arabera, ez dakigu beste jaialdirik izango den edo ez. Urtez urte ikusiko dugu zer eta nola egin”, esan du Olaetxeak.

“Behar berezi bati erantzuteko” sortu zuten Balio Dute kolektiboa: “Musikari hasiberriek diskoak-eta kaleratzeko dituzten zailtasun ekonomiko eta komunikatiboak kontuan hartuta, proiektu horiei modu kolektiboan erantzuteko”, esan du Olaetxeak. Proiektu “xumea” izaki, kolektiboak oraindik ez dauka baliabide ekonomiko nahikorik. “Baina diskoen kopiak egiteko laguntza, zabalkunderako aholkuak, komunikabideekin harremanak…, horrelako laguntza ematen ari gara, bereziki”. Gustatuko litzaieke aurrerantzean diskoak argitaratzea, “baina inolako irabazi asmorik gabe”.

Zortzi-hamar lagun lanean

“Donostialdeko hamar bat taldek” osatzen dute Balio Dute kolektiboa. “Tartean daude Pelax, Mihise, Bi Zaldi, Physis Versus Nomos, Koban… Gehienok lehenagotik ezagutzen genuen elkar, eta talde bakoitzeko partaideren bat izaten da beti bileretan-eta. Zortzi-hamar elkartzen gara normalean”, zehaztu du Olaetxeak. “Donostia inguruan ibiltzen gara gehienok, baina ez da proiektu itxia. Ateak zabalik dauzkagu”.

Zailtasunak zailtasun, gaur egun ere “talde asko” sortzen ari direla ziurtatu du Olaetxeak. “Harrigarria da zenbat entsegu lokal eta talde dauden inguruan. Batzuek aurrera egiten dute, eta beste askok ez, baina mugimendu handia dago”. Donostian, talde hasiberri horien errealitatea “zaila” dela gaineratu du kolektiboko kideak. “Udalak baditu entseguetarako lokal gutxi batzuk, baina oso zaila da horietan sartzea; itxaron zerrenda luzea dago, eta udalak buelta bat eman beharko lioke kontu horri”. Jabe pribatuen lokalak, berriz, “eskuraezinak” dira, Olaetxearen ustez. “Oso garestiak izaten dira, eta baldintza kaskarrekoak”.

Biharko jaialdirako sarrerak salgai daude Donostia Kulturaren webgunean, 10 eta 15 euroan; bostehun lagunentzako tokia dago Intxaurrondoko kultur etxean. 01:00etik aurrera, Donostiako Egia auzoko Bukowski tabernan jarraituko du festak, Gela eta Telmo Trenor DJekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.