Mende erdi bat AP-8ak Gipuzkoa eta Bizkaia elkartu zituenetik

Artean inguruan autobide gutxi zeuden AP-8a egiten hasi zirenean. Besteak beste, 2.683 desjabetze egin zituzten errepidea eraikitzeko. Hasieratik izan da ordainpekoa.

Miren Garate

Behobiatik (Irun) Eibarreraino, 75 kilometro Gipuzkoako lurretan. Ermuatik Usansolora (Galdakao), 31 kilometro Bizkaian. Eta Bilbo hegoaldeko saihesbidea batuz gero, ia beste 18 kilometro. Ekialdetik mendebaldera edo mendebaldetik ekialdera, Gipuzkoa eta Bizkaia ordubete pasatxoan zeharkatzeko aukera ematen duen errepidea da AP-8a. Bizkaiko bi zati (Basauri-Zornotza eta Zornotza-Durango) lehenagotik irekita bazeuden ere, irailean 50 urte bete ziren errepideak bi herrialdeak lotu zituenetik, orduan inauguratu baitzuten Durango eta Eibar arteko zatia.

TESTUINGURUA

Frankismo garaia zen artean. 1963an eskatu zion Espainiako Herri Lanetako Ministerioak enpresa bati Gasteiz, Bilbo eta Donostia inguruko errepide garraioari buruzko azterketa bat egiteko. Industria sendoa zegoen ordurako Euskal Herrian, eta autoak ere orokortuta zeuden. Azterketa haren arabera, autobide bat behar zen Bilbo eta Behobia artean; beste bat Bilbo eta Miranda de Ebro (Espainia) artean; beste bat Maltzaga (Eibar) eta Miranda de Ebro artean (Gasteiztik pasatuz); errepide bat Beasain eta Bergara artean (Gasteiz-Maltzagarekin lotzeko); eta beste errepide bat Altube gainaren (Zuia, Araba) eta Gasteizen artean.

Erabaki zuten horien guztien artean Bilbo eta Behobia artekoak zuela lehentasuna. Errepide sarea modernizatu nahi zuen Espainiako Gobernuak. Europan, 20.000 kilometrotik gora autobide zeuden 1970eko hamarkadaren hasieran; Espainiako Estatuan, 185 kilometro soilik. 1967an hasi zituzten AP-8a egiteko lanak, eta, osorik, 1976an amaitu.

AP-8

HAINBAT DATU

Bizkaiko eta Gipuzkoako orografia ez zen erraza halako azpiegitura bat egiteko. Historia de una autopista Bilbao-Behovia, 1967-1976 liburuan jasota dagoenez, 165 zubi eta zubibide egin behar izan zituzten. Lur mugimendu handia eskatu zuen errepideak: 25 milioi metro kubiko ebaki zituzten, eta 40 milioi metro kubiko mugitu. Beste azpiegitura batzuetan ere egin behar izan zituzten lanak; besteak beste, trenbidean, ibaietan eta eskualdeko errepideetan. Era berean, argindar eta telefono lineak ere 520 puntutan aldatu behar izan zituztela jasotzen du liburuak.

Desjabetze ugari ekarri zituen errepideak: 9,5 milioi metro koadro desjabetu zituzten; autobideko kilometro bakoitzeko 90.000 metro koadro. 511 bizilagunek utzi behar izan zituzten etxe, baserri eta negozioak. 2.683 desjabetze espediente tramitatu zituzten, eta, batez beste, 215 pezeta ordaindu zituzten metro koadroko (1,29 euro).

AP-8

35 URTEZ, EUROPISTASEK

1967an atera zuten lehiaketara errepidea eraikitzeko, mantentzeko eta ustiatzeko kontratua. Bi eskaintza egon ziren, eta Ferrovial, John Laing Construction eta Compagnie d’Entreprisesen proposamenak irabazi zuen —Europistas sortu zuten hiruren artean—. 35 urterako izango zen kontzesioa: 2003ko ekainaren 6ra arte.

Dirutza eskatzen zuen azpiegiturak. Europako bankuen partzuergoek eta nazioarteko erakundeek sartu zuten dirua, estatuaren bermearekin. Eta esleipena lortu zuten hiru eraikuntza enpresek eta euskal aurrezki kutxek enpresa bat eratu zuten. 1970eko hamarkadan, berrehun langile inguru zituen enpresak, bidesariak kobratzeko, errepidea mantentzeko eta abarretarako.

HASIERATIK ORDAINPEKOA

Ordainpeko errepidea izan da hasieratik AP-8a; Gipuzkoan Añorga eta Herrera (Donostia) arteko zatia (sei kilometro) eta Bizkaian Bilbo eta Basauri artekoa (zortzi kilometro) soilik ziren doakoak hasieran. “Bidesaria, hau da, autobidea erabiltzeagatik ordaindu beharra, ohikoa da mundu osoan. Kontua da erabiltzaileak ordaintzea jasotzen duen zerbitzuagatik, eta ez komunitateko gainerako kideek”, zioten orduan gobernuko iturriek.

Europistasen kontzesioaren amaiera zetorrela eta, 2003aren bueltan sortu zen itxaropena herritarren artean, bidesarien amaiera etorriko ote zen; aldundiek dute errepidearen gaineko eskumena, baina bidesariei eutsi egin diete. Interbiak sozietate publikoak kudeatzen du Bizkaiko zatia, eta Bidegik Gipuzkoakoa. Deskontu sistema batzuk ere badauden arren, tarifa arruntarekin 15,20 euro da joaneko bidaia osoa ibilgailu arinentzat, eta 34,89 euro astunenentzat. Hainbat gizarte mugimendu ere sortu dituzte urteotan doakotasuna eskatzeko.

AP-8

GERTAERA BELTZAK

Autobideak ekarriko zituen abantailen artean, segurtasuna nabarmentzen zuten garai hartako agintariek. Izan da, ordea, gertaera beltzik AP-8 errepidean. Aipagarriena 1991ko abenduaren 6an gertatu zen, Zornotza (Bizkaia) parean: 25 autok talka egin zuten, eta hamazazpi pertsona hil ziren. Behe laino itxiak eragin zuen istripu hura. Ikusmen faltak eraginda, bata bestearen aurka joan ziren autoak, eta talka egin zuten 25 autoetatik hemezortzik su hartu zuten. Ibilgailuetatik ezin aterata, erreduren eraginez hil ziren lagun gehienak.

ERABILTZAILEAK

COVID-19aren pandemiaren eraginez, bidaiari kopuruari begira bereziak izan dira aurreko bi urteak, ohi baino trafiko gutxiago izan baita. Interbiak elkartearen datuen arabera, 2019an, batez beste, 35.343 ibilgailu ibili ziren Usansolotik Gipuzkoako mugara arteko zatian; horietatik %10 inguru, ibilgailu astunak. Gipuzkoan, berriz, 33.626 auto ibili ziren, Bidegiren arabera.