Elikadura ohiturak aztergai dituzte Oñatin

Elikadura ohiturak aztergai dituzte Oñatin

Jone Markuleta Etxegoien

Elikadura ohituren, ingurumenaren, ongizatearen eta naturaren inguruan gehiago ikasteko, gai horietan ahalduntzeko eta horien inguruan hausnartzeko helburuarekin hainbat tailer sortu ditu aurten On?atiko Natur Eskolak. Amaia Diaz de Monasterioguren Osinaga eta Amaia Aierbe Zurutuza nutrizionistekin elkarlanean aritu dira tailerrak osatzeko. Elikadura eta ongizatea oinarri hartuta, urtebeteko egitaraua osatu dute antolatzaileek; hitzaldi, solasaldi, irteera eta klase teoriko eta praktikoak prestatu dituzte, besteak beste. Tailerrei dagokienez, urriaren 8an egin zuten lehen ikastaroa, eta bihar izango dute bigarrena: Naturaren erritmoetara elikadura, natura eta ongizatea uztartuz. 11:00etan hasiko da, Oñatiko Natur Eskolan, eta bi ordu iraungo du.

Elikadura ardatz hartuta, naturarekin bat egitea eta “ondo” bizitzeko beharrezkoak diren erremintak eskuratzeko “proiektu integratzaile bat sortzea” da tailerren helburua. Horretarako, On?atin dauzkaten baliabide naturalei balioa ematen saiatuko dira tailer bakoitzean. “Askotan ez gara jabetzen hain ezezaguna dugun natur ondareaz”, azaldu du Diaz de Monasteriogurenek. “Naturak, espezieek eta landareek zikloak izaten dituzte, eta gu ere naturaren parte gara, animaliak gara. Ikasi egin behar dugu geure burua naturara egokitzen”.

Aierbek gaineratu du ongizatea “egunero” landu behar dela, “ondo eta indartsu egoteko”. Alde horretatik, naturak “ongizaterako eta bizitzeko ezinbestekoak diren balioak” eskaintzen dituela azpimarratu du Aierbek berak: “Naturak eskaintzen dizkigun balioak hartu eta ongizaterako erreminta gisa erabili behar ditugu”.

Ongizaterako zazpi zutabe

Naturaren parte izateari “garrantzi handia” eman diote bi nutrizionistek. “Ongizatea ez baita soilik elikadura”, diote. Ongizatea lortzeko zazpi zutabe zerrendatu dituzte elikadura gaietan aditu direnek: elikadura kontzientea (osasuntsua eta iraunkorra) eta hidratazioaren garrantzia; mugimendua eta ariketa fisikoa; erloju biologikoak (jateko ordutegiak, deskantsua eta loa); natura eta osasuna; adimen emozionala (elikadura eta emozioak); arnasketaren garrantzia; eta elikadura eta harreman sozialak. Hori oinarri hartuta, Diaz de Monasteriogurenek garrantzi handia eman dio osasuna “kontzeptu zabalago batekin” lantzeari. “Konturatu behar dugu autozaintzatik gure esku ere badagoela ongizate hori; emozioak gara, harremanak gara, pertsonak, animalia sozialak gara azkenean”.

Gure elikadura ohiturak, ingurumena eta nekazaritzaren etorkizuna jardunaldiak baliatuko dituzte bihar bigarren saioa egiteko. Oñatiko San Martin auzoko ortuetara bisita eginez, garaiko produktuak ikusi eta udazkeneko beharretara egokitutako eguneroko otorduak nola planifikatu azalduko dute bi nutrizionistek. “Urtaroek markatzen dute gure gorputzak behar duena, koloreek”, esan du Diaz de Monasteriogurenek. “Horregatik, elementu batean, kolore batean, zapore batean, kozinatzeko modu batean, barazki/fruta batean eta gure gorputzeko zati edo organo batean zentratuko gara hilabeteroko saio bakoitzean”.

Edonori zuzendutako egitasmoa izango da, eta 20-25 laguneko taldeak izatea espero dute tailerren sustatzaileek. Formatuari dagokionez, berriz, urtaroz urtaro, hilabete bakoitzean tailer bat egingo dute. Urriaren 8an egin zutena kontuan hartuta, 11 tailer izango dira guztira; festa handi batekin amaituko dira tailerrak, 2023ko urriaren 7an. Urtarrileko eta uztaileko tailerrak Oñatiko ludotekako haur eta nerabeekin egingo dituzte. Tailer horietan hainbat lanketa egingo dituzte, hiru elementuren bueltan: lurra edo baratzea, zuhaitza edo basoa, eta erleak. Tailer teorikoak eta praktikoak izango dira. “Bizipenetatik eta emozioetatik sortu nahi dugu kontzientzia”, adierazi du Aierbek.

Hilabeteroko tailerretan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez izena ematea, 651-70 17 41 edo 747-40 50 28 telefono zenbakietara deituta edo info@amaianutrizioa.com helbidera mezu bat bidalita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.