Ioritz Gonzalez Lertxundi: “Ikus-entzunezko oso-oso eduki gutxi dago euskaraz”

Ioritz Gonzalez Lertxundi: “Ikus-entzunezko oso-oso eduki gutxi dago euskaraz”

Miren Garate

Gaurtik datorren ostiralera bitartean ikus-entzunezko edukiak euskaraz kontsumitzeko eskatzen du Pantailak Euskaraz mugimenduak sustatutako Pantailaldia egitasmoak. Ioritz Gonzalez Lertxundi da Gipuzkoako koordinatzailea (Azkoitia, 1980), eta, haren esanetan, ikus-entzunezkoen kontsumoak eragin handia du hizkuntza ohituretan, batez ere haurren artean. Belaunaldi berriek euskaraz “oso gutxi” kontsumitzen dutela ohartarazi du.

Astebete falta da Euskaraldia hasteko. Eta haren aurretik, gaurtik hurrengo ostiralera, Pantailaldia egitasmoa antolatu duzue. Zer helburu ditu?

Egitasmoaren funtsa da astebetez ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzen saiatzea. Horri lotuta, nahi dugu jendeak jakitea euskarazko zer eduki dauden eskuragarri, batzuetan ez baitugu jakiten euskaraz zer dagoen, non dagoen… Eta zer gabezia dauden ere erakutsi nahi dugu; hau da, gazte, ume nahiz helduek zer zailtasun dituzten euskarazko edukiak kontsumitzeko.

Zer egin behar da parte hartzeko? Izena ematea beharrezkoa da?

Konpromiso pertsonal bat izango da, norberak hartu beharrekoa, baina gure webgunean ere jarri dugu izena emateko aukera, eta nahiko genuke jendeak izena ematea. Horrez gain, jendea bultzatu nahi dugu Pantailaldiari lotuta egiten dituen gauza boluntario horiek sarera igotzera.

Euskal Herri osoko egitasmo bat izango da, baina zer berezitasun izango ditu herrialde bakoitzean?

Euskal Herriko probintzia bakoitzean boluntario bat edukiko dugu, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan salbu, han hiru herrialdeotarako boluntario bat izango baita. Boluntario horrek egunero euskaraz ikusi edo entzun duen edukiren bat igoko du sarera: Interneten, telebistan, zineman, irratian eta edozein ikus-entzunezkotan ikusitako zerbait. Igandean, zinemen aurrean ere izango zarete protestan. Zer salatu nahi duzue?

Donostiako Zinemaldian ere izan ginen irailean, euskarak zinemetan duen presentzia urria edo presentziarik eza salatzeko, zinema batzuetan ez baitago batere eskaintzarik. Areto batzuk aukeratu ditugu, eta protesta bat egingo dugu horietan, eskaintza falta horretaz konturatzeko jendea.

Pantailaldiaren harira, egin duzue lanketa bereziren bat ikus-entzunezko sektoreko eragileekin egun horietan eskaintza areagotzeko edo?

Ikusten dugu behar-beharrezkoa dela euskarazko edukiak gehitzea, euskararen erabileran zuzenean eragiten duelako; batez ere, gazteen artean. Nahiko genuke instituzioak gehiago inplikatzea, euskarazko eduki gehiago izateko, eta ari gara lanean haiekin, baina printzipioz ez dute publikoki ezer argitaratu. Baina guk ez dugu nahi instituzioen inplikazioa bakarrik: nahi dugu jendea ere konturatu dadin zer garrantzitsua den gaur egun ikus-entzunezko horiek euskaraz kontsumitu ahal izatea.

Pantailei buruz aritzean, haur eta gazteengan jartzen da askotan arreta. Horretan ere, ordea, helduek egiten dutena eredu izango dute gazteek, ezta?

Argi dago helduok ere asko kontsumitzen dugula, eta helduen kontsumoak baduela eragina gazteagoengan. Hala ere, gazteekin eta umeekin gaude bereziki kezkatuta edo kontzientziatuta, asko kontsumitzen dutelako pantailetatik. Duela hamarkada bat edo bi, beste era batekoa zen kontsumoa, eta kontsumitzen genuen ikus-entzunezkoen portzentaje handi bat euskaraz izaten zen; beste datu batzuk zeuden. Teknologikoki egon den iraultza honekin, gazteek eta umeek askoz gehiago kontsumitzen dute pantailetatik, eta edukiek ez dute eduki proportzioan halako hazkunderik. Beraz, belaunaldi berriek gure aldean oso gutxi kontsumitzen dute euskaraz. Horrek eragin zuzena du haurren euskararen erabileraren datuetan.

Kontsumo urri hori zerekin lotzen duzue: edukien kantitate urriarekin edo kalitatearekin?

Denetik pixka bat. Kalitatearen inguruan ere badago eztabaida, baina lehentasuna, agian, eduki faltak du. Ikus-entzunezko oso-oso eduki gutxi dago euskaraz; adibidez, harrigarria da duela 20-30 urte baino film gutxiago egotea bikoiztuta, askoz gehiago kontsumitzen ditugunean. Hala da marrazki bizidunekin ere. Kate gehiago daude, gehiago kontsumitzen da, aukera zabalagoa dago, baina euskarazko eskaintza berdin mantendu da edo gutxitu egin da.

Salatu izan duzue kostatu egiten dela euskarazko materiala plataformetara iristea. Zergatik?

Bai, promozio oso gutxi egiten delako dagoenari buruz. Azpidatziak sortu edo bikoiztu arren —adibidez, ETBn—, ikusten dugu alde handiak daudela erdarazko katean saio batzuekin egiten den promozioaren eta euskarazkoekin egiten denaren artean.

Pantailaldian, ahalik eta oihartzunik handiena lortu nahi duzue sarean, baina duela gutxi Twitterreko kontua hackeatu zizuetela jakinarazi zenuten. Zer gertatu da kontu horrekin?

Egun batetik bestera, hackeatu egin ziguten kontua, eta propaganda mezu batzuk zabaltzen hasi ziren gure kontutik. Propaganda hori kendu, eta pasahitzak aldatu genituen. Hurrengo egunean, kontua itxita geneukan. Twitterreko kontua kudeatzen dutenei idatzi genien azalpenak eskatzeko, baina ez digute erantzun, eta beste kontu bat zabaltzea erabaki dugu. 2.500-3.000 jarraitzaile genituen, eta ea berreskuratzen eta gehitzen dugun kopuru hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.