Kontxi Elexpe: “Erabiltzaileei beren prozesu pertsonalean laguntzea da helburua”

Kontxi Elexpe: “Erabiltzaileei beren prozesu pertsonalean laguntzea da helburua”

Miren Garate

Mende laurdena bete du Gizaide fundazioak, buru osasuneko arazoak dituztenei laguntzeko sortutako fundazioak. Urteurrenaren harira, Osasun mental ona izateko komunitateak duen garrantzia izeneko jardunaldia egingo du gaur, Donostian. Kontxi Elexpe (Irura, 1966) Gizaideko lehendakariaren esanetan, prebentzioari begira, berebiziko garrantzia du komunitateak.

25 urte egin ditu Gizaide fundazioak. Zer helbururekin sortu zen?

1997an, fundazioan lanean hasi ginenean, buru osasunaren mundua nahiko ezezaguna zen artean. Osasun mentaleko arazoak zituzten eta marjinazio arriskuan zeuden emakumeekin hasi ginen. Pisu bat ireki genuen Donostian, Ategorrieta auzoan, emakumeentzat bakarrik, eta eguneko zentro misto bat haren azpiko aldean. Horrelaxe hasi ginen.

Egun, hiru etxe dituzue: bi emakumeentzat, Donostian, eta beste bat gizon eta emakumeentzat, Andoainen. Eguneko zentro bat ere badu Gizaidek, eta, salestarrekin elkarlanean, prestakuntza tailer bat eskaintzen duzue. Zer helburu nagusirekin lan egiten du fundazioak?

Gizaideren helburua da erabiltzaileei beren prozesu pertsonalean laguntzea. Toki bat emateaz gain, askok apurtuta edukitzen dituzte familiarekin loturak, eta horiek berriro sortzen laguntzen diegu guk; beren autonomia lantzen dugu; gizarteratzea ere lantzen dugu… Azken batean, buruko arazoak dituzten pertsona hauek oso estigmatizatuta daude, eta bai beraiei eta bai kanpokoei beldur pixka bat ematen die harreman horiek sortzeak. Beraiek protagonistak direla, berriro bizipoza izan dezaten lagundu nahi diegu.

Zenbat erabiltzaile dituzue?

Iaz 52 erabiltzaile izan genituen.

25 urte hauetan Gizaidek izandako zein mugarri aipatuko zenituzke?

Ilusio handiz hasi ginen, baina gogorra izan zen hasiera. Hiru dira Gizaideren sortzaileak: Gipuzkoako Caritas, Angeluko mojen komunitatea eta salestarrak. Hiru erakunde horiei esker lan egin genuen 2009ra arte, programa guztien kostuak geure gain hartuz, ordura arte ez baikenuen inolako hitzarmenik. 2009an sinatu genuen hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin —oraindik ere badugu—, eta guretzat oso garrantzitsua izan zen, ez bakarrik diru iturri garrantzitsua zelako, baita administrazioaren aldetik ere gai honekiko erantzukizun bat adierazten zuelako ere. Beste mugarri bat izan zen 2018an Andoainen dugun etxea ireki izana, bi etxe izateari utzi eta hiru izango genituelako aurrerantzean, eta Gipuzkoara ere zabaldu ginelako.

Nork bideratzen ditu erabiltzaileak Gizaidera?

Aldundiarekin hitzarmena dugunez, oinarrizko sareetatik etortzen dira gaur egun erabiltzaileak, hau da, lehen harrera egiten duten osasun mentaleko zentroetatik. Denek dituzte buru gaixotasunen diagnostikoak: askotariko diagnostikoak. Larritasun nahiko handiko gaixotasunak dituztenak artatzen ditugu.

Aipatu duzu Gizaide sortu zenean buru osasunaren arloa ezezagunagoa zela. Alde horretatik, igartzen duzue aurrerapausorik?

Zorionez, orain gehiago hitz egiten da depresioaz eta abarrez, eta hori ona da, baina oraindik eskizofrenia eta horrelakoak aipatzen direnean, beldur pixka bat ematen du. Estigma horiei aurre egiteko, oso inportantea da gizartea sentsibilizatzea. Txorakeria bat dirudi, baina arazo batzuk dituzten pertsonatzat hartu behar ditugu gaixotasun mentalak dituztenak, ez diagnostiko bat duten pertsonatzat bakarrik. Alde horretatik, sentsibilizazioari izugarrizko garrantzia ematen diogu: gai hauek azalarazteari, ezagutarazteari eta beldurrak kentzeari.

Urteurrenaren harira, jardunaldi bat egingo duzue gaur: Osasun mental ona izateko komunitateak duen garrantzia izenburua izango du, eta gaian adituak diren hainbatek parte hartuko dute. Gizaiden ere eredu komunitario horren garrantzia nabarmentzen duzue. Zergatik?

Buruko gaixotasunak ezgaitasunen faktore garrantzitsu bihurtuko dira hemendik denbora gutxira: 2030erako, laneko gaixoaldien arrazoi nagusia izango dira, eta, lehen arretako kontsultetan, kontsulten %10 inguru antsietateari eta buru arazoei buruzkoak izango dira. Asko hitz egiten da antsietateaz eta depresioaz, baina nola landu errealitate horiek gero eta gizarte lehiakorragoa baldin badugu? Dena da zertan garen onenak, eta ertzean jende asko ari gara uzten. Horri aurre egiteko, guretzat oso inportantea da taldea, entzutea, ondoan egotea, komunitatea sortzea eta elkarrekin lan egitea prebentzio faktore moduan. Gure ustez, prebentzio hori egin daiteke harreman pertsonalen bidez, komunitatea landuz, elkarren artean hitz eginez eta egonez. Hortik doa gure komunitatearen zentzua.

Behin urteurrena ospatuta, zein lehentasun ditu esku artean Gizaidek?

Errealitateak aldatu egiten dira, gure erabiltzaileen profilak ere bai, eta haiekin batera aldatu behar ditugu guk ere gure jokatzeko erak. Profesional taldearekin eta boluntarioekin batera, aurrerantzean ere hainbat eragilerekin elkarlanean jarraituko dugu osasun mentaleko sarean. Prebentzioan sakondu nahi dugu, eta gizartearen inplikazioa ere oso garrantzitsua da guretzat. Elkarren zaintza indartu nahi dugu, eta baliabide gehiago eskatzen ere jarraituko dugu, beharrak ere gero eta handiagoak baitira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.