Puzzlea osatzeko azken pieza

Puzzlea osatzeko azken pieza

Julene Frantzesena

Azpeitiko Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunea osatzeko falta zen azken eremua ere martxan da: soinuarena. Soinuaren munduarekiko interesa edo kezka duten herritarrentzako topalekua izango da hirurehun metro koadroko azpiegitura; izan ere, soinua lantzeko egokitutako espazioak nahiz baliabideak jarri dituzte eremu horretan.

Sortzeko eta entseatzeko baliagarriak diren bi soinu gela, praktika desberdinetarako bi teknika gela, ikastaroetarako eta bitartekaritzetarako atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balio anitzeko hiru gela erabilgarri daude, dagoeneko, Dinamoko eremu berrian. Gainera, “beharren eta sortzen diren dinamiken arabera” joango dira espazioa osatuz. Hala azaldu du Dinamoa kudeatzen duen Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxeak. “Pixkanaka hartuko diogu neurria, geure egin eta dinamika propioa sortzeko. Izan ere, hormak eta ekipamendua egote hutsak ez du eremua osatzen, eta, are gutxiago, soinuaren izaera immaterial aldakorra eta iheskorra kontuan hartuta”.

Lehen saiakerak

Hasi dira hainbat sortzaile proiektu berriak eremu horretan gauzatzen. Igor Elortza bertsolaria da horietako bat. Datozen hilabeteetan beste zenbait musika talde ere han ariko direla lanean aurreratu du Bengoetxeak, baita formakuntzarako nahiz sentsibilizaziorako ekintzak antolatuko dituztela ere.

Joan den astean gune berria ezagutzeko bi bisita eskaini zituzten Azpeitiko Udaleko eta Kulturaz kooperatibako kideek: asteartean, hainbat musikarik nahiz sortzailek bisitatu zuten eremua, eta asteazkenean, berriz, nahi zuten herritar guztiek. Orotara, berrogei bat herritar izan ziren bi saioetan, eta udaleko nahiz Kulturaz-eko kideak “gustura” dira proiektuak izan duen harrerarekin. Gainera, “herritarrentzat zabalik dagoen gunea” dela adierazi du Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak: “Soinuarekin zerikusia duen edozein proiektu edo ideia duten herritarrek izango dute eskaera egin eta soinuaren eremua erabiltzeko aukera”. Espazio berriak Dinamoko gainerako eremuen izaera berbera izango duela gaineratu du. “Gune guztiak partekatzeko dira, elkar elikatzeko eta kultur ekosistema aberasteko”.

Puzzlea osatzeko falta zen laugarren eta azken pieza jarri dute Azpeitian. Albizuren hitzetan, “lehendik martxan zen sormen laborategia” osatuko du soinuaren espazioak. Izan ere, 2019ko irailetik martxan dira hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuak. “Jardun desberdinak pixka bat ordenatu nahi genituen, espazioari zentzua emateko”, azaldu du Bengoetxeak. “Jakina da sormenean erraz nahasi ohi direla diziplinak eta praktika artistikoak, baina pentsatu genuen erabiltzaileek beharko zutela beren burua eta jarduna kokatzeko gutxieneko izendapen bat”.

Dinamoa sormen gunearen proiektua gauzatzen ari da dagoeneko, eta haren lau eremuak “sortzeko, ikasteko eta harreman sareak indartzeko” espazio izan daitezen nahi dute udalak eta Kulturaz-ek. Albizuk azaldu duenez, Kultur Mahaiak 2016an egindako hausnarketa du oinarrian proiektuak, “sortzaileen beharrei” erreparatzen baitzien gogoeta hark. “Azken produktua garrantzitsua da, baina ibilbidea da sormenaren ardatza. Gure kulturaren zutabea da haien lana, eta beharrezkoa da hori zaintzea eta sustatzea”.

Oinez ikasten

Dinamoaren proiektuari “forma ematea” eta lau eremuak “erritmo egoki batean martxan jartzea” dira Kulturaz-en eta udalaren helburu nagusiak, herritarrekin batera “lau hankan oinez ikastea”. Bengoetxearen hitzetan, Dinamoa sormen guneak “sortze prozesu propioa” du. “Eta bide horrek berak esango digu nora goazen. Garbi duguna da Dinamoa sortzaileen eta euskal kulturaren ekosisteman baliagarria den babesgunea eta tresna erabilgarria izan dadin nahi dugula”.

Bidea egiteko moduan jarri du arreta Albizuk. Azpeitikoa “bi hankako kultur politika” dela esan du hark, eragileek eta erakundeek elkarlanean jarduten dutelako “kulturaren trena beti martxan” dagoen herrian. “Tren horri bidea eraikitzea da gure egitekoa, baliabideak jartzea eta norabide berean joatea. Horretarako, ezinbesteko bidelaguna dugu herritarrek osatzen duten eta kultur mugimenduarekin erabat lotuta dagoen Kulturaz kooperatiba”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.