Zuzendaria aldatuta, “inflexio puntu bat” izango du Titirijaik

Bihar hasiko da Tolosako txotxongiloen jaialdia, eta herria txotxongiloz beteko da azaroaren 27ra arte. Juanjo Herrero eta Estitxu Zaldua dira Topic zentroko zuzendari berriak.

Unai Zubeldia

“Urduri” dator aurtengo Titirijai jaialdia, “ziurtasunik gabe, baina itxaropentsu”. COVID-19aren ondorengoa izateak bihurtu du “berri”, baina baita uztailean Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan izan zuten zuzendari aldaketak ere. Idoia Otegiri eta Xabier Ormazabali lekukoa hartuta, Juanjo Herrero kataluniarra eta Estitxu Zaldua beasaindarra dira zentroko zuzendari berriak. “Berrogei urteko esperientzia dauka Tolosako txotxongiloen jaialdiak, baina lehenengoa izango da guretzat. Beraz, oso edizio berezia izango da, inflexio puntu bat izango delako denontzat”. Bihar hasi eta azaroaren 27ra arte egingo dute Tolosako Titirijai jaialdia, eta hurrengo bederatzi egunetan 30 ekitaldi baino gehiago izango dira herriko hainbat gunetan.

“Aurtengo programazioa erdi lotuta jaso dugu”, aitortu du Herrerok. “Guk itxi ditugu kontratuak konpainiaren batzuekin, baina martxan doan tren batera igo gara, nolabait esatearren. Beraz, hurrengo urteetan nabarituko da hobeto gure ekarpena”. Zaldua eta biak “ilusioz gainezka” iritsi dira Topiceko zuzendari kargura. “Aurretik ere ezagutzen genuen bai Topic eta bai Titirijai jaialdia, gonbidatu gisa etorri izan ginelako urteren batean. Baina barrunbeak ezagutzen ari gara orain, eta harrigarria da zenbateko lana egiten den Topic zentroan urte osoan”.

TOLOSAKO TITIRIJAI JAIALDIA

Bi zuzendari berriek ez dute egin nahi “aldaketa drastikorik”, baina etorkizun hurbilean “findu” egin nahi dute Topicen eta Titirijairen eskaintza. “Gipuzkoako eskoletako haurrei beste eskaintza bat egin nahi diegu Titirijain; urte asko daramatzate gurera etorriz, baina pedagogia lan handiagoa egin nahi dugu neska-mutilekin”.

Eskolei begirako lana

Alde horretatik, eskoletarako programazioari dagokionez, zortzi ikuskizun eskainiko dituzte aurten, ohi bezala, goizetan, Markeliñe Bizkaiko konpainiaren Gran Mamut saio mutua tartean —datorren astelehenean izango da, 10:00etatik 12:30era—. Gaur-gaurkoz, Gipuzkoako eskolei eta Nafarroako gutxi batzuei bideratzen diete eskaintza. “Baina hori ere zabaldu nahiko genuke, ahal den neurrian noski, Gipuzkoan funtzionatzen duenak berdin-berdin funtziona dezakeelako beste probintzia batean ere”. Bizkaia jarri du adibide gisa.

JUANJO HERRERO

Eskoletarako eskaintza fintzeaz gain, “formakuntzan” ere pausoak eman nahiko lituzkete bi zuzendari berriek. “Azken sei urteotan Unima Euskal Herria elkartearekin elkarlanean egin dugu udazkeneko eskola, baina ez dauka parte hartze handirik, eta egitura aldatu nahi diogu”.

Titirijairi dagokionez, bi ikuskizun izango dira bihar, jaialdiaren lehen egunean: Ici et là, La Main d’Oeuvres Frantziako konpainiaren lana, 12:00etan eta 17:00etan, Topicen; eta Teatro Paraiso Arabako konpainiaren Leihoak lana, 18:30ean, Topicen bertan. Mutua izango da lehen ikuskizuna eta euskarazkoa bigarrena. Urteroko egiturari jarraituz, Herrerok zehaztu du aurten ere lau oinarri nagusi izango dituela Titirijaik: familia guztiarentzako ikuskizunak, helduentzako eskaintza, kale ikuskizunak eta eskoletako programazioa. Horrez gain, lau erakusketa eta hiru jardunaldi ere izango dira.

TOLOSAKO TITIRIJAI JAIALDIA

Herrerori “zaila” zaio ikuskizunen bat besteen gainetik jartzea. “Baina helduentzako eskaintzan, aipagarria da Toni Rumbau kataluniarraren hitzaldi-ikuskizuna. Eskularru-txotxongiloaren teknika klasikoetan barrena ibiliko da”.

Ordutegiei dagokienez, helduen ikuskizunetan aurreratu egin dute hasiera: 22:00etan hasi beharrean, 20:30ean hasiko dira saioak, “gazte eta nerabeek ere aukera izateko”. Hizkuntza aztertuta, berriz, helduen ikuskizunetan gaztelaniaz dira bost obretatik lau, eta mutua izango da bosgarrena. “Euskarazko obrak badaude; lau konpainia dauzkagu aurten: Jokai, Markeliñe, Teatro Paraiso eta Zurrunka. Baina egia da kostatu egiten dela helduentzako ikuskizunak lotzea”. Topiceko zuzendariak jakinarazi du saiatu direla Bilboko Atx Teatroarekin, “baina ezinezkoa izan zaie Tolosara etortzea”. Helduentzako euskarazko txotxongilo lanen falta, neurri batean, “hezkuntza kontu bat” ere badela uste dut Herrerok. “Eta ez Euskal Herrikoa bakarrik. Txotxongiloak haurrekin lotzen ditugu oharkabean, eta ikuspegi hori aldatu behar dugu. Frantzian, Belgikan, Ingalaterran… beste herrialde batzuetan egiten badute, hemen zergatik ez?”.

Saltokiak, apainduta

Tolosako Titirijai jaialdiak badauka beste bereizgarri bat ere: herriko saltokiak txotxongiloz apaintzen dituzte urtero-urtero, eta aurten ere ez da faltako erakusleiho apainik. “Ederra da egun horietan Tolosan barrena paseatzea, eta, hain justu, horrek harritu gintuen asko gonbidatu gisa etorri ginenean. Zoragarria da herriaren inplikazioa. Guztiek parte hartu nahi dute festa handi honetan”. Aurten, berritasun gisa, zehaztu egin dute erakusleihoetarako gaia. “Gai librean aritzen ziren orain arte, baina kolekzioka ariko gara aurrerantzean. Aurten indonesiar jatorriko Wayang Golek txotxongilo tradizionalak izango dira protagonistak”.