Errealitatea, bere gordinean

Errenteriako Dantzaz konpainiak ‘Basotik itsasora 2.0′ taularatuko du gaur Tolosako Leidor antzokian. Ikuskizunak dokumental bat eta dantza uztartzen ditu, eta Gurseko kontzentrazio esparrua du oinarri.

Unai Zubeldia

Errefuxiatuak. Atzokoak eta gaurkoak. Mina, sufrimendua, hotza, lokatza… eta itxaropena. Argi printzak iluntasunean. Baso ilunetik itsaso zabalerainoko bidaia poetiko-artistiko bat proposatuko du gaur Errenteriako Dantzaz konpainiak Basotik itsasora 2.0 ikuskizunarekin, 20:00etan, Tolosako Leidor antzokian. Dantzaz konpainiak sorkuntza koreografikoa eta zinema uztartuko ditu ordubete pasatxoko ikuskizunean. Beñat Gerekaren Basotik itsasora dokumentalaren 35 minutuko laburpen bat —ordubete pasatxokoa da hasierako dokumentala— eta Josu Mujikaren Basoa koreografia agertoki berean elkartuta, “gordinetik bezainbat errealitatetik” jasoko dute joaten direnek.

Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiaren zuzendariak zehaztu duenez, 2017an dauka oinarria proiektuak. “Kontzentrazio esparru bat edo zerrategi bat izan zen Gurs [Okzitania]; 1939an ireki zuten”. Frankismotik ihes egin zuten 6.500 euskal herritar hartu zituzten Gurseko kontzentrazio esparru horretan. “Baina hasieran iheslari errepublikanoei harrera egiteko azpiegitura behar zuenak bestelako helburu batzuk izan zituen ondoren”. Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, naziek milaka judu bidali zituzten Gursera —52 herrialdetako 60.000 herritar igaro ziren handik—. 1945eko abenduaren 31n itxi zuten kontzentrazio esparru hori, eta, ordutik, basoak hartuta dago eremua.

DANTZAZ_KONPAINIAKO_KIDEAK

“Hain gertu izanda ere, ia-ia ez genekien ezer Gursi buruz”, hasi du azalpena Saenz de Ugartek. “Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate ontziaren proiektua ere pil-pilean zegoen informazio bila hasi ginenean, Mediterraneoko gatazka guztia ere hor zegoen… Jabetu ginen Gursen bizi izan zutenaren antzeko egoera bizitzen ari garela gaur egun; bi ideiak lotzeko zerbait egin genezakeen”.

Hotz Zarautzekin lotura

Ekoizpen koreografikoa izan zen lehen proiektua. “Gursera joan ginen Josu Mujika, Iñaki Salvador [musikaria], Beñat Gereka, Adriana Pous [Dantzaz konpainiaren zuzendari artistikoa] eta bostok, hango memoria mantentzeko eta zabaltzeko lanean ari den elkartearen eskutik, eta oso gai sakona dela ikusi genuen”. Hotz Zarautz errefuxiatuen alde lan egiten duen Zarauzko elkartearekin ere harremanetan jarri ziren. “Eta gaiari buruzko informazio guztia biltzeko dokumental bat egin beharra geneukala ikusi genuen”.

DANTZAZ KONPAINIA

Saenz de Ugartek jakinarazi du sortze prozesuan “momentu garrantzitsu bat” izan zutela: “Gursen egon zirenen familiako kide batzuek esan ziguten kontzentrazio esparruan egon ziren errepublikanoek erabaki zutela hango barrakoi bat kulturarako uztea. Nahikoa pilatuta bizi ziren denak, baina, hala eta guztiz ere, barrakoi bat utzi zuten kultur arlorako”. Arkatz bat batek, liburu bat beste batek… “Ikastaroak ere ematen zituzten, abesbatza bat ere sortu zuten, kabaret bat ere bai… Informazio hori izan zen guk aurrera egiteko gakoa”.

Bilboko Loraldia jaialdiarekin harremanetan jarri ziren segidan, eta proiektua han aurkeztuko zutela hitzartu zuten. 2019ko apirilaren 6an aurkeztu zituzten bai dokumentala, bai sormen koreografikoa. Hiru urte eta erdiko ibilbidean, “moldatuz eta egokituz” joan da proposamena. “Azken batean, sektorearentzako bideak irekitzeko misioa dauka Dantzaz taldeak, eta bi proiektuak bateratzea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun, dantzarentzat oso lagungarria zelako aurretik dokumentala ikustea; dantza garaikideak asko eskertzen du beti laguntza hori, gainerakoan jendea oso urduri jartzen delako berehala”.

Kontaketa “garbia”

Dokumentalaren kontaketa “sinplea eta zuzena” dela azaldu du Gerekak. “Apaingarririk gabea, garbia, nahasketa gehiegirik gabea”. Dokumentalaren egileak onartu du “oso esperientzia polita” izan dela dokumentala dantza koreografiarekin lotzea. “Askotan ikusita neukan obra bakoitza bere aldetik, baina harrituta gelditu nintzen biak bateratuta zer-nolako esperientzia osoa sortu zen ikustean. Dokumentalak hunkitu egiten du bihotza, eta dantzak nolabaiteko osotasuna ematen dio proiektu guztiari”.

BEÑAT GEREKA

Bi proiektuen bateratze lan horretan, Gerekak, “kostatuta”, ordu erdira murriztu zuen Basotik itsasora dokumentala. “Hainbat proba egin genuen pandemia garaian”, zehaztu du Saenz de Ugartek. “Eta jendeak oso harrera ona egin zion ikuskizunari”. Zizur Nagusian (Nafarroa) eta Andoainen bi proba eginda, proiektu bateratuak hirugarren pausoa izango du gaur Tolosan, eta Azpeitiko Soreasu antzokian emango dute abenduaren 4an, 19:00etan. “Hurrengo urtean bide honi eustea espero dugu”, esan du Saenz de Ugartek.

Dantzaz konpainiaren zuzendariaren hitzetan, “oso prozesu polita eta mamitsua” izan da Basotik itsasora 2.0 lanarena. “Une oro” aldatzen da proiektua. “Besteren artean, Dantzaz konpainiak gehienez bi urterako kontratatzen dituelako dantzariak. 2019an ikuskizun honen aurrekaria estreinatu genuen taldetik, beraz, ia inork ez du jarraitzen gaur egun konpainian; eskuz esku pasatzen dira jakinduria eta emozioa”. Mujikak ere aitortu du “bidaia atsegina” izan dela sortze prozesuarekin bizi izandakoa. “Ez gaiagatik, noski, baina bai lantaldeagatik. Laguntza ikaragarria eman digu Iñaki Salvadorrek, oso musika egokia sortu du, oso hunkigarria izan zen Gursera egin genuen bidaia ere…”.

JOSU MUJIKA

Mujikak zehaztu du “gorputza eta musika” besterik ez daudela dantza saioan. “Hainbeste gauza daude esateko… Baina nire egitekoa ez da izan gaiaren inguruko argibideak ematea, zirrarak sortzea baizik, gorputzaren bidezko hausnarketa bat egitea”. Erbestea, jende pilaketak, gaua… zatika-zatika, dantzaren bidez, errefuxiatuen eguneroko hainbat gai landuko ditu Mujikak.

Publikoa, oholtzan

Berezia izango da taularatzea bera. Ikus-entzuleek butaketan eserita ikusiko dute lehen zatia, dokumentala, pantaila handi batean, eta, ondoren, eszenatokiaren inguruan bertan eseriko dira, dantzariak bertan-bertan dituztela. “Dantzariak errefuxiatuak dira azken batean, eta eurengandik oso gertu egongo dira ikus-entzuleak. Eskaintza hunkigarria izaten laguntzen du horrek”, esan du Saenz de Ugartek. Mujikak gaineratu du dantzariak aurrez aurre ikustean dokumentaleko irudiak gorpuztuta sentituko dituztela ikuskizunera joaten direnek. “Ez da desatsegina, baina indar handia dauka taularatze horrek”.

“Errealitate gordina” parez pare ikusita, ikus-entzuleek emanaldia “gorputz txarrarekin” bukatuko dutela ohartarazi du Gerekak. “Ez ditugu gauza politak kontatuko, baina beharrezkoa da historia hori kontatzea. Jendearen kontzientzia mugiarazi nahi du pixka bat lan honek”. Saio guztietan saiatzen dira emanaldia amaituta galdera-erantzunetarako tarte bat uzten, eta Tolosan ere izango da aukera hori.

‘BASOTIK ITSASORA 2.0′

Dokumentalaren egilea. Beñat Gereka.

Koreografiaren egilea. Josu Mujika.

Zuzendari artistikoa. Adriana Pous.

Musika. Iñaki Salvador.

Hitzak. Xabier Sukia.

Dantzariak. Andrea Aguado, Laura G. Latasa, Maddi Gaztelumendi, Noel Quintela, Pasquale Mazzella, Mariona Carrasco, Filippo Cosso, Lara Matea Ivancic eta Raul Abentin.