Komunikatzeko soinu tresna

Komunikatzeko soinu tresna

Imanol Garcia Landa

Ikerketa lan txiki bat” egin du Jokin Artola amezketarrak sunprinua musika instrumentuari buruz. 2004an izan zuen haren berri, Itsasondon egindako Gazte Topagunean. “Sunprinuari buruzko tailer bat zegoen han”, esan du Artolak. “Gauza kuriosoa dela eta kontu horri noizbait helduko niola pentsatu nuen”. Konfinamenduan heldu zion azkenean, duela bi urte eta erdi. “Interneten hasi nintzen gauzak begiratzen”, azaldu du. “Artean, ez nekien Amezketarekin lotura zuenik; Aralarrekin bakarrik zuela ikusi nuen. Interneten topatu nuenez, sunprinua Aralarko artzainen musika instrumentu bat izan zen”.

Instrumentua egitea izan zen hurrengo pausoa. “Bideo batzuk bazeuden, eta horien bitartez egiten nuen instrumentua, baina ez zuen hotsik ateratzen, mutua zen instrumentu hori”, adierazi du. Informazio bilaketak Juan Mari Beltranengana eraman zuen amezketarra. “Herri musikan Euskal Herrian gehien dakienetako bat da Juan Mari”. Oiartzunen dagoen Soinuenea museora joan zen amezketarra, eta Beltranek informazioa emateaz gain, instrumentua nola egiten zen erakutsi zion, bideo baten bitartez. “Dena dela, oraindik ez dut guztiz asmatu; ea datorren urtean asmatzen dudan”, esan du Artolak.

Azaroaren 4an, hitzaldia

Beltranek eman zion informazioaren arabera, Aralarren baziren sunprinua jotzen zuten Gipuzkoa aldeko artzainak; Amezketakoak, tartean. Hari horri tira egin asmoz, eta instrumentuari buruz jasotakoa zabaltzeko helburuz, Amezketako Udazken Kulturalean hitzaldi bat eman zuen Artolak, azaroaren 4an. “Azaldu zirenek ez zuten instrumentuaren berririk, eta bitxia iruditu zitzaien. Amezketaren aipamena egin nuenean, konturatu ginen ez dugula inolako pistarik instrumentuari buruz, eta ez dakigula Amezketan edo inguruan jotzen zenik ere”.

SUNPRINUA

Sunprinua Amezketako Lapatzako artzainak jotzen zuela topatu zuen Beltranek bere grabazioetan. Bestalde, Aralarko Arritzaga bailaran dagoen Latosako txabolen inguruan artzain batek ere jotzen zuela jasota dago audioetan. “Bi hari horiek nituen, baina jakin egin behar da garai hartan zeintzuk egon ziren toki horietan”, esan du Artolak. Amezketako adineko artzain batekin ere hizketaldia izan zuen Artolak. “Hark ez zuen instrumentua ezagutzen. Hori bai, esan zidan Txindokiren atzealdeko Egurralde txabolan egoten zela Lapatzako artzaina. Hari horri tiraka segituko dut orain”.

Haizezko musika instrumentua da sunprinua, kukurutxo forma duena, eta dultzainaren tankerakoa. “Ahora gerturatzen den parte fin horretan bi mingain ditu, pita deritzona, eta bibrazio horrek sortzen du soinua”, azaldu du Artolak. “Instrumentua ez da Euskal Herrikoa bakarrik, baina sunprinua izenarekin bai, ziur aski”. Amezketarrak zehaztu du hurritzaren azalarekin egitea dela sunprinuaren berezitasuna. “Turuta forma du, eta norberak nahi adinako luzera eman diezaioke. Zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta sakonagoa edo grabeagoa izango da soinua”.

Etxera, sunprinua joz

Artzainek “komunikatzeko tresna moduan” erabiltzen zuten sunprinua. “Maiatz aldera igotzen ziren mendira, gaur egun egiten den moduan. Tarteka esnea behera jaitsi edo bestelako errekaduak egiten zituzten; nolabait, mendian gora eta behera ibiltzen ziren”. Menditik behera, euren baserri edo etxeetara gerturatzen ari zirela, sunprinua jotzen zuten, etxekoei iristen ari zirela adierazteko.

Sunprinua egiteko garai egokiena “maiatz aldea” dela zehaztu du Artolak. “Egurrak izerdi gehien duenean, azala enborretik errazago askatzeko”. Azalak hezetasuna duenez, kukurutxo forma ematen hastean “gogortasun maila bat” hartzen duela gaineratu du. “Zenbat eta azal finagoa, orduan eta hobea”.

Bukaeran ziri bat jartzen zaio sunprinuari, ez askatzeko. “Zuloak egin behar izaten dira gero, notak sortzeko. Bi zulo egiten zaizkio, norberaren eskuen tamainaren arabera”. Iraungitze data bat ere badu sunprinuak: “Maiatz aldera eginez gero, pare bat hilabete inguru irauten du. Iraupena luzatzeko, uretan edukitzea da gakoa, hezetasuna mantentzeko eta formari eusteko”. Datorren maiatzean tailer bat eman nahi du, herritarrekin sunprinuak egiteko. Bitartean, “informazioa biltzen” jarraituko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.