Udazkenero euskaraz jolasean

Udazkenero euskaraz jolasean

Andoni Elduaien

Jolasaren bidezko aldarrikapen bat da. Euskarak bere plazak behar dituela erakusteko ariketa bat. Gaur amaituko da Euskaraldiaren hirugarren aldia, eta bihar iritsiko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Testuinguru horretan, Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak aisialdirako plaza irekitzeko asmoz jarri zituen abian Orbel Jokoak, 2014an. Udazkenero legez, aurten ere hainbat herritar euskaraz jolasean aritu dira, eta azken hiru asteetan puntu gehien lortu dituzten hiru taldeek bihar jokatuko dute finala, 17:00etan, Azkoitiko Elkargunean.

2014an, Maxixatzen elkartean bazuten kezka bat: parte-hartze falta. “Antolatzen genituen ekintza guztiak herritarrek bere horretan jasotzekoak ziren, aulkian eseri eta entzuteko edo ikusteko ekitaldiak ziren; jendeak ez zuen parte hartzeko aukera handirik izaten”, esan du Karmen Irizar Maxixatzen elkarteko kideak. Gogoeta baten ondoren, herritarrek “era batera edo bestera” parte hartuko zuten ekitaldiren bat antolatzea erabaki zuten.

Dena den, Julen Garate elkarteko kideak dio eurek antolatutako Xiximaxan egitasmoaren ondorioek ere “bestelako zerbaiten beharra” hauteman zutela. “Jardunaldiek ondorioztatu zuten euskal kulturaren ezagutza falta zegoela”. Azkenean, “ginkana moduko bat” egitea pentsatu zuten, euskararekin, euskal kulturarekin eta Azkoitiarekin zerikusia izango zuen hiru asteko jolasa.

Maxixatzen elkartearen udazkeneko kulturaldietako bat dira Orbel Jokoak; izan ere, udaberrian Maiatzeko Lorak kultur egitasmoa ere prestatu ohi du. Irizarren iritziz, “hizkuntzari alde ludikotik” heltzen zaio Orbel Jokoetan. “Parte hartzaile asko euskaltegian ibiltzen dira, EGA titulua lortzeko euskara ikasten, eta ikasleek irakasleak agindu dielako irakurtzen dute euskaraz. Aisialdian euskarara hurbiltzeko jokoak dira Maxixatzen elkarteak antolatzen dituenak”. Garateren esanetan, gainera, “herritarren parte hartzea” lortu dute, “elkartearen helburuetako bat”.

30 eta 60 urte bitarteko herritarrek parte hartu ohi dute Orbel Jokoetan. “Familiako kideek eta kuadrillako lagunek osatutako taldeek ematen dute izena; gehienak, emakumeak”, azaldu du Irizarrek. Lurdes Sudupe azkoitiarra da parte hartzaileetako bat. “Urtero parte hartu izan dugu. Gure amari esker izan gara partaideak; final bat ere irabazitakoak gara, gainera”, adierazi du. Familiako kideek osatu izan dute taldea, eta, Sudupek dioenez, “asko” mugitzen dira erantzun zuzenak aurkitzeko. “Herriko eragileen egoitza desberdinetara jotzen dugu, galderen erantzunak bilatzera. Asko ikasten da Orbel Jokoei esker, eta herritarron arteko harremanak sendotzen laguntzen du”.

Helduek soilik ez, gaztetxoek ere parte hartu izan dute jolasean. Hori bai, pandemia iritsi aurreko urtean egindako saioan, gaztetxoen eta helduen jolasa bereiztea erabaki zuten. Aurtengo jolasa helduei bakarrik zuzendu dieten arren, etorkizunean badute gaztetxoentzat antolatzeko intentzioa. “Ikusi dugu eskaera badagoela gazteen artean, eta, horregatik, gure helburuen artean dugu gaztetxoentzat ere jolasak antolatzea. Horretarako behar adina bide urratuko ditugu”, esan du Garatek. Irizarrek azpimarratu du, halaber, gaztetxoentzat garrantzia duela Orbel Jokoak antolatzeak: “Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, adin tarte hori da eskolaz kanpo euskararekin harreman gutxien duena. Lagunartean egingo dute euskaraz, baina kulturgintzarekin lotura gutxi dute gaztetxo horiek”.

Hari berari tiraka hasieratik

Jolasa “unean-unean euskalgintzan indarrean dagoen hori nabarmentzeko” baliatu izan du Maxixatzen elkarteak. Hasierako hariarekin ari dira jolasa josten, baina antolatzaileak jabetuta daude jokoek “buelta bat” behar dutela; jolasa digitalki egitea da asmoetako bat. “Beste modu batera egiteko aukera izan nahi genuke, sare sozialetan indar handiagoa izango lukeena edo sakelakotik gauza gehiago egiteko aukera emango ligukeena”, eman du asmoen berri Irizarrek. Garate ere “ziur” dago jolasa digitalki prestatuta “jende gehiagok” parte hartuko lukeela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.