Aretxabaleta elkartzen duena

Asteartean aurkeztuko dute Aretxabaletako Gabonetako iragarkia, Arkupe antzokian. Herritarrak herriko dendetan kontsumitzera bultzatzen dituzte egitasmo horrekin.

June Romatet

Abenduan sartu, eta herritar asko Gabonetarako prestatzen hasten dira, opariak, bazkari-afarietarako beharrezko jakiak eta apaingarriak erosiz. Asteotan dendariek herritarrak bultzatzen dituzte erosketak herrian bertan egitera, komertzio txikia bultzatzeko asmotan. Hala gertatzen da Aretxabaletan ere, eta, hori sustatzeko, urtero, iragarki berri eta berezi bat egiten dute herritarrek; asteartean aurkeztuko dute aurtengoa.

Aretxarte Aretxabaletako merkatari elkartea duela hamabi urte hasi zen iragarki berezi horiek egiten. Kepa Errasti da gidoilaria eta aktoreetako bat, eta hark antzeztu eta abesten du iragarkietan; urtero, herriko hainbat denda agertzen dira iragarkian. Idoia Elezpuru Aretxabaletako Belarmeta dendako langileak esan du duela hamabi urte bilera bat egin zutela herrian eta konturatu zirela “zerbait” egin beharra zeukatela herritarrak bertan kontsumitzera bultzatzeko: “Herrian badugu horrelakoak ekoizteko nahikoa jende, eta, gogoa genuenez, lehen iragarkia egin genuen, gauza bereziren bat egiteko helburuarekin”.

Ekoiztetxearekin elkarlana

AZ Visual Media ekoiztetxeak egin zuen lehen iragarki hura, eta ekoiztetxearentzat ere lehen produkzioa izan zen hura: “Elkarrengana lotu gintuen horrek. Herrikoak dira, eta, beraz, urtero haiek grabatu eta muntatzen dute iragarkia”, adierazi du Elezpuruk. Ibai Zangitu AZ Visual Media ekoiztetxeko kideak esan du lehenengo aldi hartan udalak lan eskaintza edo proposamen bat egin ziela, eta, “interesgarria” iruditu zitzaienez, aurrera egin zutela: “Beharrezkoa iruditzen zitzaigun herriko komertzioei bultzadatxo bat ematea. Gaur egun ere plazeragatik egiten dugu urtero, eta ez diru truk”.

Ekoiztetxeko kideak kontatu du hasieran kalitatea “ezberdina” zela, “kamera zaharragoak eta baliabide gutxi” zituztelako. Azken urteotan, ordea, kalitatea “hobetu” egin da, “hainbat berrikuntza” sartzearekin batera, nahiz eta onartu duen garrantzia ez ziotela horri ematen. “Herritik sortutakoa izatea, guretzat hori da garrantzitsuena. Horregatik da Kepa Errasti aktoreetako bat, horregatik ekoizten dute iragarkia AZ ekoiztetxeko Alberdi anaiek eta Ibai Zangituk, eta ni neu arduratzen naiz apainketako gauza guztiez”, esan du Elezpuruk.

ARETXABALETAKO GABONETAKO IRAGARKIA

Produkzio lana Zangituk eta haren lankideek egiten badute ere, ideia eta gidoia urtero Kepa Errastik pentsatu eta sortzen dituela zehaztu du Elezpuruk. “Ideia idatzi, eta abesti ezagunen baten doinua baliatuta sortzen ditu kantuak batzuetan, antzerki txikiak beste batzuetan…”. Duela hamabi urteko lehen iragarki hartatik gaur egunera urtez urte gaiak aldatuz joan dira. Unean-unean garrantzia duten gauzak kontuan hartuta egiten dituzte iragarkiak; besteak beste, La Casa de Papel telesaila, 2019an, edo Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente izandakoaren gertakariak, 2018an.

Gaien arabera, bideo bakoitzean “baliabide ezberdinak” behar izaten dituzte. Aurten, adibidez, auto zahar bat behar zuten, Gabonetako argiekin apainduta, eta horrelakoez Elezpuru bera arduratzen da beti. “Dena antolatzen hasten direnean, horrelako gauzak eskatzen dizkidate niri, eta behar dutena lortzen saiatzen naiz. Autoa, adibidez, nire lehengusu baten bidez lortu nuen”. Horrez gain, herritarren laguntza ere behar izaten dute iragarkiak grabatzeko, eta deialdia egiten dute beti. “Herritarrek, normalean, beti parte hartu nahi izaten dute. Deialdia Kepak egiten badu, gainera, beti agertzen da jende pila bat laguntzeko prest”.

Hiru eguneko grabazio lana

Azaroaren 27ko asteburuan grabatu zuten aurtengo iragarkia, eta ostirala, larunbata eta igandea behar izan zituzten lanak amaitzeko. “Gogotsu” daude emaitza ikusteko. “Lehen bi egunak komertzioetan grabatzen pasatu genituen, eta igandean plazan elkartu ginen herritarrekin”, azaldu du Zangituk.

Herritarrengana bakarrik ez, Zangituk ziurtatu du “euskal herritar askorengana” iristen direla urtero Aretxabaletan grabatutako bideoak, eta “oso harrera ona” izaten dutela: “Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina ikusgarritasuna lortzen dute beti”. Elezpuruk gehitu du beste herri batzuei ere “asko” gustatu izan zaiela ideia. “Guk asteartean aurkeztuko dugu iragarkia, Arkupe antzokian, eta gogotsu gaude. Gainerakoak, animatu zuen herrian antzeko zerbait egiteko; oso polita izaten da”.