Kalteak dituztenen eta haien senideen bizi kalitatea hobetzea helburu

Kalteak dituztenen eta haien senideen bizi kalitatea hobetzea helburu

M. Garate

Garuneko kalteak zituztenen senideek sortu zuten Atece Burmuineko Gaitza dutenen Gipuzkoako Elkartea, 1997an. “Garai hartan, ez zegoen inolako baliabiderik beraientzat, eta elkarte bat sortzea erabaki zuten”, kontatu du Lurdes Carrasco elkarteko gizarte langileak. “Gure helburua da burmuineko kalteak dituzten pertsonen eta haien senideen eta ingurukoen egoera hobetzea”.

Laurehun bazkide inguru ditu gaur egun Atecek, eta gutxi gorabehera erdiak dira kaltetuak. Iktusez gain, bestelako hainbat arrazoi egon daitezke jaiotzetikoak ez diren garuneko kalteen atzean: errepideko, laneko edo kiroleko istripuek eragindako garuneko eta entzefaloko traumatismoak, tumoreak, bestelako gaixotasunak…

Ondorioak ere askotarikoak izaten direla esan du Carrascok: hemiplegiak —gorputzaren erdiaren paralisia—, arazo kognitiboak —arretari eusteko zailtasunak, memoria arazoak—, arazo psikologikoak… “Ondorioak asko aldatzen dira pertsona batzuetatik besteetara, eta beren bizitzako alderdi askori eragin diezaiekete ondorio horiek”.

Neuropsikologo batek, bi monitorek, logopeda batek, fisioterapeuta batek eta gizarte langile batek osatzen dute Ateceren lantaldea. Edozein fasetan jo daiteke elkartera, bai kaltea izan eta berehala, bai gerora. Gehienek, Osakidetzak alta eman ostean egiten dute urratsa. Batez beste, 50 urte inguru dituzte elkarteko erabiltzaileek. “Batzuk askoz gazteagoak dira, eta beste batzuk, askoz zaharragoak. Gure erabiltzaileen adina, ordea, ezin da estrapolatu garuneko kalteak izateko adinera”.

Lehen, taldeko jardueretan, gizonak gehiago izaten ziren, baina emakumeen kopurua ere gehitzen ari dela azaldu du Carrascok. “Iktusak, adibidez, emakume askori eragiten die. Elkartea ezagutarazteko ahalegin bat egin dugu, eta orain lehen baino emakume gehiago etortzen dira”.

Senideen beharrak

Carrascoren esanetan, senideen elkarte bat izan da Atece hasieratik, iruditzen zaielako garuneko kaltea izan duen pertsonaren bizitza ez ezik ingurukoena ere asko aldatzen dela; horrez gain, ingurukoak oso garrantzitsuak izan ohi dira errehabilitazio prozesu osoan ere. “Haiek ere babestu egin behar dira. Informazio eta orientazio zerbitzu bat dugu nora jo ez dakiten une horietan laguntzeko, eta laguntza psikologikoa ere bai. Horrez gain, ikastaro ugari antolatzen ditugu senideentzat”. Donostia ospitalean ere lokal bat partekatzen dute beste elkarte batzuekin, eta astean bitan joaten dira, une horretan ospitaleratuta daudenen ingurukoei laguntzera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.