“Zaplazteko handia jaso dugu”

“Zaplazteko handia jaso dugu”

U. Zubeldia

Triste eta amorratuta” daude Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak. “Lehen azterketa gainditu dutenak eta gainditu ez dugunak; lanpostu finkoa daukatenak eta behin-behinekoak… Denok gaude etsita”, zehaztu du Gorka Gomezek —ez dutenez izenik eman nahi izan, asmatutakoak dira erreportajean agertuko diren hiru suhiltzaileen izen-abizenak—. “Azterketa txukuna egin nuen nik. Lehen zatian, 40tik 31 asmatu nituen; geografian hamarrekoa daukat; eta psikoteknikoan 64tik 54 dauzkat asmatuta. Asko da. Baina mekanika arloan 0,66 punturengatik kalera doazenetako bat naiz”. Gomezek bost urte daramatza aldundian suhiltzaile lanetan, behin-behineko lanaldiarekin. “Egun, hirurehun bat suhiltzaile daude aldundian, eta 125 inguru dira behin-behinekoak”.

68 lanpostu finko sortzeko prozesua Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Akademiak (Araba) bideratuko zuela esan zietenean, Gipuzkoan behin-behineko lanaldiarekin dauden suhiltzaile gehienak akademietara joan zirela jakinarazi du Javi Arakistainek —lau urte daramatza behin-behineko lanaldiarekin—. “Baina proba mekaniko hori inoiz egin gabe zeuden. Madrilen egiten omen dute, Nafarroan ere bai noizbait, baina akademietan esan ziguten ez zeukatela prestatzeko laginik”. Haren hitzetan, “eredua bera” da arazoa. “Arkautik erabaki du dena, eta horren kontra geunden gu; eredu poliziala gailendu da. Zaplazteko handia jaso dugu; barre egin digute”.

Suhiltzaileak haserre daude aldundiko arduradunekin ere. “Eider Mendoza-eta [Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea] denborekin jolasean ibili dira”, esan du Jon Zinkunegik —hamar urte daramatza behin-behineko lanaldiarekin—. Eta horrek suhiltzaileen artean “nabarmen” eragin duela esan du. “Zurrunbilo batean sartu dira nire lankide batzuk, eta bajan daude; antsietatea, urduritasuna, depresio zantzuak… Ez dira egun politak guretzat”. Egoera horren jakitun, Arkauti ez dela bidea nabarmendu du Zinkunegik. “Zerbitzu bakoitzak egin beharko lituzke azterketak, egungo profilak kontuan hartuta. Suhiltzaileek suhiltzaileentzat egindako oposizio bat nahi dugu, ez besterik”.

Euskara, baztertuta

Gomezek ez du ezbaian jarri lehen azterketa gainditu duenak “erabat merezita” gainditu duela. “Hau ez da irabazleen eta galtzaileen arteko lehia bat. Baina legez kanpoko hainbat kontu egon dira tartean; euskararena, esaterako. Oinarrizko eskubide bat ez dute bermatu test psikoteknikoetan. Agintariei, askotan, ahoa betetzen zaie euskararen kontuarekin, itxura ona emateko, baina gutxieneko hori ere ez dute bermatu”. Zinkunegik gaineratu du suhiltzaileen esperientzia ere oso gutxi hartu dutela kontuan: “Lau urte bakarrik hartu dizkigute kontuan, pentsa”.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako suhiltzaile talde bateratu bat sortu nahi dutela uste du Arakistainek. “Eta ados gaude horrekin, geure arteko aldeak murriztu egingo direlako. Baina egin ditzatela gauzak ondo, eta ez Arkautitik bideratuta”. Horrek ondorio argiak dituelako, haren ustez: “Legeari buruzko galdera asko egin dizkigute, baina elektrizitatea, gasa, material arriskutsuak, igogailuak, erreskateak…, kontu horiei buruz galderarik ez?”.

Lanposturik gabe gelditzeko arriskuan egonda ere, “berriro halakorik gerta ez dadin” borrokan jarraituko dutela ziurtatu du Zinkunegik. “Arkautin beste oposiziorik egin ez dezaten saiatuko gara, nahiz eta itxaropen handirik ez daukagun”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.