Erosketa saskia, garestiago

Erosketa saskia, garestiago

Miren Garate

Erosketa egitera joan, eta produkturik gehienek prezio berriak: garestiagoak. Zerbitzugunera joan, eta erregai litroa bi eurotik gora ere bai hainbat astetan. Argindarraren eta gasaren fakturak jasotakoan, sustoa. Prezioen garestitzea izan da 2022ak ekonomian izan duen ezaugarri nagusietako bat: elikagaiak (%15,8) eta norbere ibilgailuaren erabilera (%10,9) dira igoerarik handienak izan dituztenetako batzuk. Hainbat gizarte eragilek ohartarazi dute pobrezia handitzen ari dela.

Etxebizitza izaten da herritarren gastu handienetako bat: bai alokairua ordaindu behar denean, bai hipotekaren bat izanez gero. Azken horiek ere nabarmen garestitu dira. Izan ere, inflazioari aurre egiteko, interes tasak %2,5era igo ditu Europako Banku Zentralak —2009. urteaz geroztik ez zeuden maila horretan—. Eta interes tasen igoerarekin batera, Euriborrak ere inoiz ikusi gabeko gorakada izan du. Iazko azaroan negatiboan zegoen —%-0,487an—, eta aurtengo azarorako %2,828ra iritsi zen.

Hego Euskal Herrian, 166.000 eurokoa da batez besteko hipoteka, eta ohikoena da Euriborra gehi %1eko interesa aplikatzea. Horrek esan nahi du baldintza horiek dituzten hipoteken hileko kuotak 588 eurotik 861 eurora igo direla: 273 euro gehiago batez beste. EBZk ez du baztertu interes tasak are gehiago igotzea, eta, beraz, baliteke datorren urtean ere gora jarraitzea Euriborrak, eta, ondorioz, hipotekek.

PENTSIODUNEN BIZIKLETA MARTXA

Urte amaieran, kontsumo prezioen indizearen (KPI) datuari adi egon ohi dira pentsiodunak. Pentsioak eguneratzeko kontuan hartu behar den datua Espainiako Estatuko batez besteko inflazioarena da, eta hori %8,5 izan da azken hamabi hilabeteetan. Hala, azken hiru hamarkadetan ikusi gabeko igoera bat izango dute pentsiodunek. Eurotan, batez besteko pentsioa 115 euro handituko da, 1.336 eurotik 1.450era. Erretiro pentsioak, hortik gora: batez beste 1.510 eurokoak dira orain, eta 1.638 eurora iritsiko dira urtea hastearekin batera.

Dena den, hobetu beharreko kontu asko ikusten dituzte pentsiodunek, eta aurten ere asteleheneroko protestei eutsi diete. Ia bost urte daramatzate kalera ateratzen, eta, uste duten arren tarte honetan hainbat lorpen izan dituztela, protestan jarraitzeko beharra ikusten dute: pentsio guztiak gutxienez 1.080 eurokoak izatea da haien aldarrikapen nagusia. Astelehenetako mobilizazioetan, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, genero arrakala ezabatzea, 40 urte kotizatuta dituztenei erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea eta abar ere eskatzen dituzte.

Hainbat lan gatazka

Lan hitzarmenen negoziazioetan ere KPIa bihurtu da sindikatuen eta patronalen arteko desadostasun puntuetako bat. Langileen erosteko ahalmena mantendu ahal izateko, beharrezkoa da soldatak gutxienez haren adina eguneratzea. Urrian egindako agerraldian, Adegik “sakrifizioa” eskatu zien langileei, patronalak uste baitu “okerraldia” iritsi dela.

GIPUZKOAKO ZAHAR ETXEAK - LAN GATAZKA

Aurten ere bat baino gehiago izan dira lan gatazkak. Zahar etxeetakoa konpondu gabe dago oraindik ere, nahiz eta izan diren berrikuntzak. Uztailean jakinarazi zuten lan hitzarmen berria sinatuko zutela UGT sindikatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adegi, Lares eta Garen patronalek. Gainerako sindikatuen haserrea ekarri zuen erabakiak, UGTk sektoreko langile oso gutxi ordezkatzen dituelako negoziazio mahaian: %7.

TAO zerbitzuko eta garabietako langileek, ehungintza merkataritzako langileek, arrain sektoreko handizkako enpresetako langileek, Kursaalekoek eta abarrek ere grebak egin dituzte beren lan baldintzen harira. ELA sindikatuak egindako ikerketa baten arabera, inflazio handiko 2022. urtea etorri aurretik ere pobretu egin dira Gipuzkoako langileak: %3,8 batez beste 2008tik 2020ra bitartean, hau da, 1.164 euro urteko.

Alabaina, akordioak ere izan dira negoziazio mahaietan. Gipuzkoako eraikuntzako 17.000 langileek lan ituna izango dute 2024ra arte. Gipuzkoako papergintzaren ituna ere berritu dute, eta 2025. urtera arte egongo da indarrean, bai eta arte grafikoetakoa ere.

GIPUZKOA - TICKET BAI

Langile autonomoentzat Ticket Bai izan da buruhausteetako bat. Batik bat, merkatariek salatu dute gogor Gipuzkoako Foru Aldundiak fakturazio sistema berri hori ezartzeko erabili duen modua, eta hainbat protesta egin dituzte herriz herri. Aldundiaren arabera, sistemak iruzur fiskalari aurre egitea du helburu. Uztailaren 1etik aurrera, derrigorrezkoa da zerga aholkularitza enpresentzat; irailaren 1etik aurrera, jarduera profesionalentzat; eta azaroaren 1etik aurrera, saltoki txikientzat eta taberna, jatetxe eta ostatuentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.