Ni, ‘giputxi’

Espainiako erregea eta Euskal Erdiko lehendakaria harro eta satisfos mintzatuko zaizkigu laster gipuzkoar guztioi, Gabon eta Urteberri giro adeitsuan. Ez, ordea, Gipuzkoako ahaldun nagusia. Beharrik ere ez, jakina. Baina hutsune horri erreparatzeak nire gipuzkoartasunaz oldoztera eraman nau.

Txikitan ikasi nuen Anaitasunak izan behar zuela nire futbol talde maiteena maila apaletan, azkoitiarra nintzelako, eta maila handietan Donostiako Reala, Donostia zelako Azkoitiaren hiriburua. Osaba-izebak bisitatzera Urretxura joan eta Zumarragako taberna batean jendea Realaren partidari begira eta Realaren alde oihuka ikusi nuenean, harrituta, galdetu nuen ea zergatik animatzen zuen jende hark Reala, Donostia gure hiriburua izanik, azkoitiarrona, ez Urretxuko eta Zumarragakoena.

Erremediorik gabe egin nintzen, hala, Realzale eta gipuzkoar. Ez dut, ordea, gipuzkoartasuna askorik aireratzen. Ez du, izan ere, pedigri edo prestigio handirik, ez behintzat euskaldun, euskaltzale edo abertzale giroetan.

Denok ezagutzen ditugu Gorka Knörren Araba, Xabier Leteren Nafarroa arragoa, Benito Lertxundiren Bizkaia maite eta Oi Zuberoa!, eta ez ninduke harrituko Lapurdi mirespenez laudatzen duen kanturik ere izatea, nik ezagutu ez arren. Gipuzkoari buruz halakorik irudikatze hutsa ere zaila egiten zait.

Kutsu peioratibo nabarmena du guri ezarri zaigun gentilizio herrikoiak: giputxi. Donostiari, berriz, Ñoñostia izatea leporatuz egiten zaio burla. Ba ote da pareko gutxiespenik jasotzen duen beste probintziarik eta beste hiririk gure artean?

Lehen, euskararik ederrena Tolosakoa dela esaten zen —eta zatarrena Eibarkoa, Gipuzkoakoa izan arren bizkaieraren aldaera—, baina gaur egun nekez aipatuko du inork Gipuzkoako herri edo auzorik euskalkien gatza, piperra, bizitasuna eta freskotasuna laudatzeko adibide moduan. Azken urteetan, Ondarroa dago gailen hit-parade-an, eta Zuberoak ez du galdu beti izan duen posizio pribilegiatua.

Batua geure hizkeratik gertuegi taxutu zela leporatzen digute maiz gipuzkoarroi, eta ez dugula beste batzuek batua darabiltenean jasaten duten galera sentimenduarekin enpatizatzen. Gipuzkoarzentrismoa leporatzen digute maiz, hizkuntza kontuetan zein euskal paisaiaren irudikapenari dagokionez ere. Euskal literaturaren establishment-a Donostia, Zarautz eta Andoainek zedarritutako triangeluan kokatuta dagoela ere esan izan da.

Oinarri erreala dute ohar, gaitzespen eta salaketa horiek guztiek, baina nire irudipena da Gipuzkoak euskal kulturari ematen diona eta ematen ari zaiona ez dela gainerako probintziek ematen diotenaren neurri berean eskertzen eta, batez ere, mitifikatzen. Subordinazioaren barruan hegemoniko izatearen ajeak izango dira akaso. Ezleku moduko bat bihurtzen du horrek Gipuzkoa.

Nola egon harro, hortaz, gipuzkoar izateaz? Nork egingo dio kantu bat gipuzkoartasunari? Ez gara, antza denez, geure gipuzkoartasunaz harrotzekoak gipuzkoarrok. Baina horixe bera ere ez al genuke, nahi izanez gero, harrotzeko motibo izango?

Leave a Reply

Your email address will not be published.