Txuria, urdina eta horia

Txuria, urdina eta horia

Unai Zubeldia

Hiru kolore: txuria, urdina eta horia. Eta genero bat: emakumearena. Ia urtero bezala, aurten ere kolpe politak eman dituzte Gipuzkoako hainbat kirol taldek eta norbanakok. Txuri-Urdin izotz-hockey taldeak Espainiako Liga eta Kopa irabazi ditu, esaterako; Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeak Espainiako Ohorezko Maila, zortzigarrenez; Reala, futbolean, lehen aldiz aritu da Txapeldunen Ligako atarikoan, Bayern Munichen aurka; IDK Euskotrenek ere estreinakoa izan du Eurokopan; Orio arraun taldeak Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu; Nerea Arruti urnietarra nagusitasunez aritu da herri kiroletan, aizkoran eta pentatloian…

Gizonezkoetan ere izan dira lorpen handiak: futbolean, Reala hirugarrenez jarraian ari da Europa Ligan, Espainiako Liga 6. postuan amaituta —lehen postuan amaitu du Europa Ligako multzoen fasea, eta otsailean egingo dute final-zortzirenetako zozketa. Martxoaren 9an eta 16an jokatuko ditu bi partidak—; eskubaloian, Bidasoa ere laugarrenez jarraian ari da Europako Ligan —otsailaren 28an amaituko du multzoen fasea—; errugbian, Ampo Ordiziak Espainiako Ohorezko Mailako finala jokatu zuen ekainaren 5ean, Santboianaren aurka, eta 23-17 galdu zuen; pilotan, Jokin Altunak Binakako Txapelketa irabazi zuen apirilaren 3an, Julen Martija nafarra atzeko koadroetan zuela —22-20, Laso eta Imazen aurka— eta txapeldunorde izan zen azaroaren 20an, Lau eta Erdiko Txapelketan, Ezkurdiaren aurka (22-21); txirrindularitzan, Ion Izagirrek bigarren amaitu zuen Euskal Herriko Itzulia, azken etapa irabazita, eta Alex Aranburuk etapa bat eta sailkapen nagusia irabazi zituen Limousingo Tourrean…

Maialen Chourrautek zilarrezko domina kolkoratu zuen iaz Tokioko Olinpiar Jokoetan, eta aurten ere balentria handiak lortu dituzte Gipuzkoako emakumezko kirolariek. Lehenengoa, eta bikoitza izan zelako, Txuri-Urdin izotz-hockey taldearena izan zen harrigarrienetako bat. Donostiako taldeak martxoaren 19an biribildu zuen liga, finaleko bigarren partidan Majadahonda Madrilgo taldea 2-3 mendean hartuta. Hilabete geroago, berriz, apirilaren 17an, Espainiako Kopa irabazi zuen, berriz ere Majadahondari irabazita (3-6). Historia eginda, denboraldi honetan ziklo aldaketa izan du taldeak, eta partidarik irabazi gabe dago oraindik; galdu egin dituzte ligako lehen bederatzi partidak.

Realak ezin Bayernen aurka

Txuri-Urdinen gisan, bereziak izan dira Realeko emakumezko futbol taldearen eta IDK Euskotren saskibaloi taldearen balentriak ere, bi horiek ere aurten lehen aldiz lortu dutelako Europan aritzea. Reala bikain aritu zen 2021-2022ko denboraldian, eta bigarren amaitu zuen Espainiako Liga, Bartzelonaren atzetik. Horri esker, txuri-urdinek Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu zuten irailaren 20an eta 29an. 0-1 galdu zuten joaneko partida, Donostian, eta 3-1 galdu zuten itzulikoa, Munichen. Txapeldunen Ligako multzoen fasetik kanpo gelditu ziren, baina beste pauso bat izan zen taldearen gorako bidean.

REALA-BAYERN MUNICH

IDK Euskotrenek, berriz, seigarren amaitu zuen liga, eta titulurako kanporaketetan final-laurdenetan galdu zuen Spar Gironaren aurka (56-61 eta 54-67). Sasoi honetan Eurokopan aritzeko balio izan zion ligako seigarren postuak; herenegun amaitu zitzaion bidea, multzoen fasean Lattesen aurka 67-73 galduta.

SASKIBALOIA

Super Amara Bera Beraren eta Orioren kasuan, berritik gutxi izan dute euren lorpenek. Donostiako eskubaloi taldeak maiatzaren 8an zortzigarrenez irabazi zuen ligako titulua, liga amaitzeko beste hiru jardunaldi falta zirenean. Joan den igandean jokatu zuten donostiarrek Europako Kopako hirugarren kanporaketako itzuliko partida, Besançon Frantziako taldearen aurka, eta Europako lehiaketatik kanpo gelditu ziren. 32-29 galdu zuten joanekoan, eta 24-27 itzulikoan. Espainiako Kopan, apirilaren 30ean, Donostian, finaletik kanpo gelditu ziren donostiarrak, Atletico Guardesen aurka 20-24 galduta. Etzi, berriz, Espainiako Superkopako finala jokatuko du Bera Berak Malagaren aurka, Malagan (Espainia), 20:15ean.

Arraunean, Donostia Arraun Lagunak-ek asko estutu arren, Oriok Euskotren liga eta Kontxako Bandera eskuratu ditu 2022an —Donostia Arraun Lagunak nagusitu zen Euskadiko Txapelketan, uztailaren 25ean, Lekeition (Bizkaia)—. Maila galtzeko arriskuan egon zen Tolosaldea, Euskotren ligan laugarren eginda, baina aise nagusitu zen kanporaketan, Deustu parean zuela. Hurrengo denboralditik, zortzi traineru ariko dira Euskotren ligan, eta Orio, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldearekin batera, bertan ariko dira Hondarribia eta Hibaika ere: Cabo da Cruz eta Tiran Galiziako taldeek osatuko dute zortzikoa.

Bakarkako kiroletan, aipamen berezia merezi du Nerea Arruti urnietarrak; erabat nagusi izan da herri kiroletan. Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusia eta Urrezko Aizkora irabazi ditu aurten, eta baita binakako eta banakako euskal pentatloiak ere —Amalur Arbelaitzekin aritu zen binakako proban, ekainaren 18an—. Gizonezkoen kasuan, Julen Alberdi Txikia IV.a nagusitu zen azaroaren 13an Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusian, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a binakako zein banakako euskal pentatloietan —Gorka Etxeberriarekin aritu zen Izeta VI.a binaka, ekainaren 12an—.

Itzalen kasuan, Eibar Espainiako Lehen Mailara igo ezinik gelditu zen futbolean. Eta Hondarribia, Donostiarra eta Orio Urdaibairen arrastoari segitu ezinik ibili ziren arraunean, gizonezkoetan —Getaria oso ondo aritu zen Eusko Label ligara igo berritan—.

Leave a Reply

Your email address will not be published.