“Argazkigintzak barrurako zein kanporako bide bat dauka”

“Argazkigintzak barrurako zein kanporako bide bat dauka”

Imanol Garcia Landa

Eli Garmendiak (Tolosa, 1984) espresio modutzat dauka argazkilaritza. Bere senar Carlos Pericas eta Bitxa izeneko autokarabanarekin batera, Nomad Studio proiektua osatzen du.

Elkarrizketari hasiera emateko, gaur egunetik hasiko gara. Zertan zabiltza?

Hainbat gauza ditut gaur egun esku artean. Alde batetik, erakusketa batean nire azken lana dago ikusgai, Korapilo itsua izenekoa. Zarauzko Sanzenean dago, hango argazki elkarteak antolatuta, urtarrilaren 22ra arte. Bestalde, Nomada Studioren Erretratu Nomada proiektuarekin bulego lanak egiten gabiltza buru-belarri.

Zarauzko erakusketa XXX. Ramon Ignacio Serras Nazioarteko Argazki Mostraren barruan dago. Zer garrantzi du zuretzat horren parte izateak?

Argazki elkartearentzat, data garrantzitsua da, 30 urte daramatzatelako mostra hori antolatzen. Niretzat ere garrantzitsua da; parte hartzeko deitu zidatenean, tiraderan gordea nuen proiektu bat erabiltzea erabaki nuen. Beraz, lehen aldiz dago ikusgai, eta polita da prozesuaren azken partera iristea Korapilo itsua proiektuarekin.

Zeri buruz da Korapilo itsua?

Prozesu luzea izan duen lan bat da. Duela hamar edo 11 urte egindako autorretratuak dira bilduma horren oinarrizko materiala. Azkenean, erakusten diren zazpi piezak fotomuntatze analogikoak dira. Markoak espresuki eginda daude, eta bertan autorretratuen gainezarpena egiten da. Markoak argi kaxak dira. Azkenean, efektu berezi bat sortzen da. Proiektua memoriaren eta minaren inguruko hausnarketa bat da.

Orain urte batzuk hasi, eta orain bukatu duzu proiektu hori?

Orain hamar edo 11 urte atera nituen autorretratu horiek. Gero, argazki horiek tiraderan utzi, eta horien inguruan pentsatu dut. Lana hori izan da: zergatik eta nola erakutsi irudi hauek. Horretarako, urte batzuetako gogoeta bat egin dut, eta erakusketa honetan bukatu du.

Zentzu batekin ateratako argazkiak izan ziren?

Prozesua oso instintiboa izan zen. Nire lan pertsonalean, beti antzeko prozesu bat izaten da: zerbait dago atentzioa ematen didana edo interesgarria iruditzen zaidana, eta pixkanaka horri tiraka joaten naiz proiektuaren gorputza sortu bitartean. Irudiak instintiboki sortzen dira, eta gero kontzeptualizazio guztia denborarekin ematen da.

Zergatik denborarekin?

Momentu horretan egindako autorretratuak ez ziren intentzio jakin batekin egin, baizik eta behar baten ondorioz. Minaren eta memoriaren inguruko hausnarketa bat da, eta, hain zuzen, autorretratuak mina zegoen momentu batean egindakoak dira, normalean geure buruari egingo ez genion momentu batean eginak. Horiek ikusi eta horien inguruko digestioa egiteko behar izan dut hainbeste denbora. Ez da erosoa horrelako irudiei begiratzea, eta, nolabait, orain argazki horiek ikuslearengana ekarritakoan, horrekin ere jokatzen da: irudiak ez direnez oso erosoak, horiek zer sortzen duten gugan eta nola memoriak eraldatzen dituen gure oroitzapenak, eta oroitzapen berriak eta mamuak nola sortzen diren.

Urte batzuk pasatu dira Nomad Studio proiektuarekin hasi zinetenetik, eta hor zaudete oraindik.

Tolosaldeko Ataria-n hitz egin genuen prentsan lehen aldiz proiektuari buruz; 2018ko udaberrian izan zen. Nomad Studio Carlos Pericas senarraren eta nire proiektua da, eta beti autokarabanarekin du lotura. Orduan, bizi aldaketa bat egin genuen, eta autokarabanan bizitzera joan ginen. Horren inguruan gauza asko gertatu dira. Leku askotan eta pertsona askorekin egon gara. Bost urte bizi izan dira.

ELI GARMENDIA

‘Korapilo itsua’. Zarauzko Sanzenean, XXX. Ramon Ignacio Serras Nazioarteko Argazki Mostraren barruan, Eli Garmendiak bere azken lana du erakusgai, eta goikoa da irudietako bat.

Nola azalduko zenuke Nomad Studio zer den?

Nomad Studio Carlos, Bitxa autokarabana eta ni gara. Hainbat proiektu egiten ditugu, eta, horien artean, garrantzitsuena den bat daukagu, Erretratu Nomada izenekoa. Gipuzkoan hasi zen: herrialdeko zortzi herri bisitatu genituen. Proiektuaren ardatza da herrira iritsi, plazan kokatu, eta astebetez herriko biztanle guztiei erretratu bana egitea. Gero bakoitzak bere erretratua jasotzen du, baina batez ere da artxibo bat sortzeko eta artxibo hori herrian geratzeko modu bat, herriaren erradiografia modura: gu pasatu ginen urte horretan zeintzuk ziren herria osatzen zutenak.

Gipuzkoatik kanpoko beste herri batzuetan ere egon zarete, ezta?

Gipuzkoan zortzirekin hasi ginen, eta bederatzigarrena gehitu genuen; hortik aurrera, Nafarroako herri batean izan gara, Huescako [Espainia] herri batean, Sorian [Espainia] lau herritan izan gara, eta Kordoban [Espainia] beste herri batean. Denera hamasei herritan, beraz. Gure asmoa da udaberritik aurrera estatuko beste probintzia batzuetara zabaltzea. Euskal Herrian ere gustatuko litzaiguke herri gehiago bisitatzea, eta hor gabiltza kontaktuak egiten eta bulegoko lan hori egiten, proiektuak jarrai dezan.

Zer ezaugarri dute herri horiek?

Bisitatzen ditugun herriak bostehun biztanletik beherakoak dira, hau da, herri txikiak. Haientzat komunitatea oso garrantzitsua da. Gure bisitarekin artxibo hori sortu eta erradiografia hori egiteaz gain, nolabait komunitatearen topaketa bat gertatzen da. Gu herriko plazan kokatuta egotea zerbait berezia da, eta herritar bakoitzarekin elkarrizketak izaten ditugu, ezagutzak kontatzen dizkiogu elkarri, eta bakarkako erretratuak egiten ditugunez, bakoitzaren indibidualtasun horretatik komunitateari buruz hitz egiten ari gara. Konturatzen gara herri txiki hauetan pertsona bakoitza oso garrantzitsua dela, eta horregatik egiten ditugu bakarka argazkiak, baina denek elkarrekin sortzen dute beren komunitatea.

Jauzi bat egingo dugu orain atzera. Nola murgildu zinen argazkilaritzan?

Hainbat gauzak eraman ninduten argazkilaritzara. Badut gogoan, nerabezaroan, karpeta batean aldizkarietako gustuko argazkiak gordetzen nituela. Eta hor bazegoen halako interes bat irudian. Gero, aitak kamera bat zuen etxean, eta pixkanaka joan nintzen probatzen. Eskolan argazkilaritza ikasgaia izan nuen, eta lehen aldiz ikusi nuen magia hori sortzen laborategian. Gauza horiek denek piztu zidaten interesa, eta erabakitzeko garaian hor joan nintzen argazkilaritza ikastera; norantz noan ondo jakin gabe, baina gustura nago hartutako erabakiarekin.

Hamasei urte dira ikasketak bukatu zenituenetik. Argazkilaritzari buruz duzun kontzeptua aldatuz joan zaizu?

Orduan neure buruari argazkilari deitzea asko kostatu zitzaidan. Sentitzen nuen prestakuntza bat egin nuela, baina benetako argazkilari batek beste zerbait gehiago behar zuela, eta hori pixkana joan naiz hartzen. Orain konturatu naiz, azken urteetako praktikarekin eta urteetan gertatu diren gauzekin, zergatik eta zertarako erabiltzen dudan gaur egun argazkilaritza. Horra iristea asko kostatu zait. Gaur egun argazkilaritza, irudiak, argazkiak, leku guztietan daude, eta norberak bere erara edo bere intereserako erabiltzen ditu.

Zergatik eta zertarako erabiltzen duzu, bada, argazkilaritza?

Nik deskubritu dut, alde batetik, nire bizi hausnarketak egiteko erabiltzen dudala, eta horiek nire proiektu pertsonalen bitartez joaten dira garatuz. Bestetik, kanporako lana Nomad Studioren bitartez egiten dut, beste pertsonekin erlazionatuz, eta argazkilaritza erreminta bezala erabiliz, baina besteekiko eta kanporako. Argazkigintzak barrurako zein kanporako bide bat dauka, eta erreminta baten modukoa da beste gai batzuen inguruko hausnarketak egiteko.

Argazki bat ateratzea une bat da, baina, zuk azaltzen duzunez, prozesu luze bat egon daiteke aurretik edo ondoren.

Hor dago aldea: argazki politak egitetik, argazki horiekin zerbait kontatzera. Prozesu horrek bere lana behar du, eta batzuetan, denbora. Argazkilari bakoitzak, sortzaile bakoitzak, bere prozesuak ditu. Batzuek argazkiak atera aurretik egiten dituzte prozesu horiek, eta, beraz, argazkiak egiteko garaian badakite zer argazki mota nahi duten. Nire kasuan, alderantziz da beti. Nik lehendabizi irudiak egiten ditut, eta gero irudi horiek esanahiz betetzen ditut. Prozesu horrek denbora asko behar du. Esanahia emateaz gain, erakusterakoan ere erabaki asko daude: formatuak, argazki aukeraketa eta abar, esan nahi den hori destilatzeko, eta mezua azkarragoa eta zehatzagoa izateko.

Argazkilaritza artistikoa ofizio izatea ez da erraza izango.

Nik denetik egin dut, argazkilari gehienok bezala. Nire interes nagusia sormenaren munduan dago, baina urte askoan beste argazkilarientzat egin dut lan moldaketa lanetan, ezkontzetako argazkiak egin ditut, prentsarako ere bai… Sormenaren mundutik bizitzea oso zaila da, eta beste arlo batzuetan lan egiteak ikuspuntu globalago bat ematen dizu, eta beste ikasketa batzuk ere bai, gero interesgarriak izan daitezkeenak sormenerako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.