Elur egunetan, zailtasunak

Elur egunetan, zailtasunak

June Romatet

Orain arte elur kontu handirik izan ez den arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko azaroan aurkeztu zituen aurtengo Neguko Bidezaintza Planaren xehetasunak. Elurra kentzeko makina eta materialez gain, berritasun bat izango da aurten: urtarrilaren 28an lanak hasiko dituzte A-15 autobidean, Oindolar eta Gorosmendi tuneletan, Iruñeko noranzkoan. “Errepidea Europako zuzentaraura egokitzeko obrak izango dira”, esan du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak: “Estaldurak sendotu eta instalazioak hobetu nahi ditugu gune horretan”. Horregatik, autobidea erabat itxiko dute 700 metrotik behera elurra egin dezakeela abisatzen dutenean.

Urtebete atzera, antzeko egoera izan zuten Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, Belabieta tunelean konponketak egin zituztelako; gorabehera dezente izan zen orduan, nahiz eta behin bakarrik itxi zuten errepidea —aurretik, San Lorentzoko tunelak ere egin zituzten, bi noranzkoetan—. Iaz kexu agertu ziren Tolosaldeko hainbat herri, nabarmen eragin zielako bide ixteak. Herritarrek beste errepide batzuk erabili behar izan zituzten, eta ibilbide luzeagoak egin.

Aurretik egin antzera, aurten ere tuneletako konponketak egiteko ohiko lau erreietatik bira igaroko dira bi noranzkoak, ingurabide baten bidez. “Nahiz eta trafikoa mantsotzeko arriskua dagoen, lanak egiteko ez dago beste modurik, eta, horrela, elur abisurik ezean, errepidea ez dugu guztiz itxi beharko”, azaldu du Oiarbidek.

AINTZANE_OIARBIDE

Elur abisuren bat iritsiz gero —datorren aste hasieran sor litezke lehen arazoak—, Berastegiko lotunetik Andoaineraino itxiko lukete autobidea. Foru diputatuak adierazi du elurra kentzeko makina handiak ezin direla sartu tamaina horietako errepideetan, eta txikienek ez dutela gaitasunik bi erreiak garbitzeko. “Segurtasunagatik, beraz, kasu horietan errepidea ixtea izango da aukerarik egokiena”.

GI-2130ean, kamioirik ez

A-15 autobidea ixten duten bakoitzean, trafikoa Nafarroako zatiko arduradunekin koordinatuko dutela jakinarazi du Oiarbidek. “Trafikoa beste ibilbide batzuetara desbideratu ahal izango dugu horrela”. Kasu horietan, debekatu egingo dute kamioiak GI-2130 errepidetik igarotzea, seinale bertikal batzuk jarrita. Elur egunetan, Andoaindik Iruñerako noranzkoan, Andoainen bertan itxiko dute errepidea ibilgailu guztientzat. Iruñetik Andoainerako norabidean, berriz, errepidea errei batera estutuko dute Berastegiko lotunearen parean, eta lotune horretara desbideratuko dituzte ibilgailuak. Egun horietan ertzainek A-15 autobidetik bideratuko dituzte ibilgailu astunak Iruñera aldera.

Elurra ari duenean, A-15 autobidea zaintzen aritzen diren zenbait agente N-1 errepidera jaitsiko dira, eta beste bi ertzain taldek laguntza emango dute GI-2130 errepidean, Tolosatik Leitzara (Nafarroa) arteko errepidean. “Batetik laurako arrisku mailak aktibatzean, A-15ean Berastegi eta Leitza arteko tartea irekita mantenduko dute”, esan du Oiarbidek. Horrez gain, autobidea “ahalik eta garbiena” mantentzen saiatuko direla zehaztu du foru diputatuak, “errepidea erabat irekitzen dutenean zailtasunak pilatu ez daitezen”.

Telegram bidez, abisuak

Iaz egin bezala, aurten ere Telegram bidez unean uneko informazioa jaso ahal izango dute gidariek, Elurra A-15 Nieve kontuan: “Edonor sar daiteke hor, eta, edozein aldaketa gertatuko balitz, bertatik pasatuko genuke abisua, auto ilarak edo edozein arazo saihesteko”.

Neguan ere segurtasuna bermatze aldera, iazko azaroaren 15ean jarri zuten martxan Neguko Bidezaintza Plana, eta apirilaren 15era arte egongo da martxan. 4,8 milioi euroko aurrekontua dauka planak. Euskalmet agentziak 1.000 metrotik behera elurra egingo duela edo izotz arriskua dagoela abisu ematen duenean soilik jarriko dute martxan.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi elkarlanean direla, aurten 87 kamioi dauzkate erabiltzeko prest. Horiez gain, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak A-15 eta N-I errepideetan dituen “ahalmen handiko garabiak” ere erabilgarri egongo dira. Ibilgailu astun batek errepidea oztopatzen duenean edo arazoak dituenean erabiltzen dituzte garabi horiek. Errepideak garbi mantentzeko, berriz, 11.400 tona gatz pilatu dituzte aurten, 39 gordailutan.

Materialaz gain, “koordinazio lana” ere garrantzitsua dela gogoratu du Bide Azpiegituretako foru diputatuak, eta hango departamentuak lankide izango ditu Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua, eta Arabako nahiz Bizkaiko aldundiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.