Hizkuntza gutxituen ahotsa goratuz

Aretxabaletako Garabide elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria, otsailean. Hizkuntza gutxituen alde egindako lana goratu du foru aldundiak.

June Romatet

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren aldeko lanean nabarmendutako pertsona eta elkarteen jarduna saritzeko sortu zuen Anton Abadia saria, 1996an. 26 urte geroago, 2022ko saria Garabide gobernuz kanpoko erakundeak jasoko duela jakinarazi zuen aldundiak abenduaren 22an, nahiz eta datorren otsailean banatuko duen saria —eguna ez dute zehaztu oraindik—.

Munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu Garabidek, horretarako euskararen prozesua eta esperientzia oinarri hartuta. Hain zuzen ere, lan hori azpimarratu du aldundiak. Pozez hartu du saria Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariak. “Lan handia egiten duen elkarte txiki bat da gurea, eta lanean ondo ari garela gogorarazi digu Abadia saria jasotzeak”.

2005ean sortu zuten proiektua —Garabidek Aretxabaletan dauka egoitza nagusia—, nahiz eta gorabehera asko izan dituen bidean, arazo ekonomikoek eta kide faltak eraginda. Gaur egun, “egonkortuta” dago gobernuz kanpoko erakunde hori. Martinez de Lunak zehaztu du Jon Sarasua dela elkarteak sorreratik izan duen ardatz nagusia: “Irakasle, bertsolari eta idazlea izateaz gain, lan handia egin du euskararen alde, eta baita beste hizkuntza minorizatuen alde ere. Garabideren sorreran garrantzi handia izan zuen Jonek”.

Eskarmentua bidelagun

Martinez de Lunak aitortu du Garabide sortu zutenean argi zutela euskalgintzak lan handia egin duela euskara biziberritzeko eta zabaltzeko, eta gaineratu du bide horretan jarraitzen duela gaur egun ere. “Guk 2005erako eskarmentu handia geneukan hizkuntzaren alorrean, eta konturatu ginen eskarmentu hori balia genezakeela egoera prekarioagoetan zeuden komunitateetan”. Horrela hasi ziren lankidetza harremanak sortzen ordura arte ezezaguna zuten eremu batean, hizkuntzaren eta tokian tokiko kulturaren biziberritze eremuan.

GARABIDE

Martinez de Lunak adierazi du hasieran ez zeukatela harremanik beste komunitateekin; bidaiatzen hasi ziren, beraz, “beste kultura batzuk ezagutzeko eta haien egoera gertuagotik ezagutzeko”. Orduan konturatu ziren eurek uste zuten baino leku gehiagotan daudela euskaldunak. “Horri esker, ez zitzaigun hain zaila egin beste hizkuntza batzuetan hitz egiten zutenekin harremanetan jartzea eta haien errealitateak ezagutzea. Tribu asko ezagutu genituen”. Ekuador eta Kolonbiako kitxuak, Txile eta Argentinako maputxeak, eta Paraguai eta Boliviako guaraniak, adibidez.

“Harremanak saretzen eta esperientziak trukatzen” aritu ziren batean eta bestean, “bakoitzak berea kontatuz eta elkarri aholkuak emanez”. Horri esker, Martinez de Lunak esan du gaur egun toki askotan “oso egonkortuak” dituztela dinamikak. “Eskatzen dutenei laguntzea” izaten da Garabideren lana, elkarteko lehendakariak zehaztu duenez.

Lankidetza horretan, hiru lan ildo zehaztu zituzten hasiera-hasieratik: formazioa, sentsibilizazioa eta aholkularitza. Martinez de Lunaren hitzetan, komunitate gutxitu askotan badute hizkuntzarekiko kezka, baina batzuek ez dute eskarmentu handirik izaten lan horietan edo kezka hori ez da iristen instituzioetara. “Batzuek ez dute izaten antolaketarik euren komunitateetan, edo gaia lantzeko militante gutxi izaten dituzte. Euskarak, ordea, hamarkada askoan izan ditu militanteak, eta badugu zer irakatsi”.

Ikastaroak eta aholkularitza

Formakuntzari dagokionez, ikastaroak antolatzen dituzte Garabiden, bai presentzialki eta baita sarean ere. Tokian-tokian, hizkuntzaren inguruko militante direnekin aritzen dira batzuetan, eta instituzioetako arduradun eta politikariekin beste batzuetan. Euskararen inguruko formazio teorikoa eta bertako ekintzen ezagutza zuzena lantzen dituzte ikastaro horietan. “Beharren araberako dinamikak” baliatzen dituzte. Adibide gisa, parte hartzaileren batek eskolen inguruan “zerbait” landu nahi badu, aholkuak ematen dizkiote Garabideko kideek eta harremanak sortzen dituzte adituekin. Horri esker, “beharrezkoa den materiala edo prozesua” sortzen dute.

Horrez gain, aholkularitza lana ere egiten dute Garabiderekin harremana duten eta haien herrialdeetatik Euskal Herrira hizkuntza gutxituen egoera aztertzera etortzen direnekin. Elkarteko lehendakariak azaldu du “hizkuntzaren biziberritzearen inguruko aholkuak” eskatzen dizkietela askotan, horiek, ondoren, haien herrialdeetan erabili ahal izateko: “Iaz, hainbat esperientzia bizi izan zituen gurean Ekuadortik etorritako kide batek, Korrika, esaterako, eta gutun bat bidali zigun hilabete batzuk geroago; bertan azaldu zigun, ondo pentsatu ondoren, haren bizitza bertako hizkuntza biziberritzen igarotzea erabaki zuela”. Aholkuak eman dizkiote Garabidekoek, “nahiz eta Ekuadorko eta Euskal Herriko egoera ez den berdina”.

GARABIDE

Sentsibilizazioari dagokionez ere “lan handia” egiten dute Garabiden, baina ez beste komunitateekiko eta haien hizkuntzekiko bakarrik, baita euskararen inguruan ere. Beste hainbat komunitatetan “haien hizkuntzarekiko kontzientzia” badutela esan du Martinez de Lunak, baina askotan “autoestimu baxuarekin” hitz egiten dutela gai horri buruz: “Euskal Herrian gertatzen den bezala, toki horietan ere eurena hizkuntza txikia dela eta jende gutxik hitz egiten duela esaten dute askotan, eta horri buelta ematen saiatzen gara”.

Zentzu horretan, bi norabidetan aritzen dira lanean. Batetik, beste komunitateetako kideek ikusi eta ezagutu egiten dute euskararekin egindako lana, eta, eredutzat hartuta, haien kulturan eta egunerokoan txertatzen dituzte ikasitakoak. Bestetik, kide horiek Euskal Herrira etortzen direnean, etengabe bertan egindako lana txalotzen dutela azpimarratu du elkarteko lehendakariak, eta horrek autoestimuan lagundu egiten duela: “Beti pentsatzen dugu ez dugula askorik egin, baina kanpokoek esaten digute ‘honetan ere euskara sartzea lortu duzue!’, ‘izugarrizko lana dago hemen’… Asko pozten gaitu horrek”.

Horrez gain, Martinez de Lunak aitortu du konturatu direla arazoa ez dela euskararena bakarrik, arazoa unibertsala dela. “Urte luzez gure zilborrari bakarrik begiratu diogu, baina munduan badira beste milaka hizkuntza gutxitu. Euskararen alde egin behar dugu, baina ez euskararen alde bakarrik; borroka komunitarioa eta globala da”.

Ikastetxeekin lankidetzan

Une oro, hainbat proiektu izaten ditu martxan Garabidek; horien artean, gaur egun ikastetxeetara begira antolatzen ari diren bat: Aretxabaleta inguruko lau ikastetxetan zein hizkuntza dauden aztertu dute, eta horren inguruan lanketa bat egingo dute ikasleekin zein irakasleekin.

“Guretzat oso garrantzitsua da euskara bultzatzea, baina ikasle batzuek, askotan, badute beste hizkuntza bat ere; sarri, haien komunitatean minorizatuta dagoen hizkuntza bat izaten da, gainera”, azaldu du Martinez de Lunak. Beraz, bakoitzaren hizkuntzak duen balioa transmititu nahi diete ikasleei eta familiei. Hala, ikasle horiek euren hizkuntza “altxor moduan” har dezaten nahi dute, garrantzia eman diezaioten nahi dute, horrek “euskararen egoera ulertzen” lagunduko diela uste baitute Garabideko kideek: “Enpatia sor dezake horrek”.

Elkarteko lehendakariak aitortu du proiektua gelakide guztien artean lantzeak baduela bere garrantzia: “Kide bakoitzari haren kulturarekiko autoestimua igotzeaz gain, Euskal Herriko kulturan jaio eta hezi direnak ere haien hizkuntza eta horrek atzean daukan guztia hobeto zaintzera bultza ditzake”.

Garabiden badituzte material didaktikoak sortzeko proiektuak ere, eta baita hainbat tributako plan estrategikoak lantzekoak ere. Horien artean, Ekuadorko kitxuak plan estrategiko bat sortzen ari dira Garabiderekin, baita Boliviako kitxuak eta guaraniak ere; Txilen, berriz, hezkuntza alorrerako materiala lantzen ari dira. Beste tribu asko ere antzeko prozesuak garatzen ari direla zehaztu du Garabideko lehendakariak.

Orain arte, gehienbat Hego Amerikan aritu izan dira lanean Garabideko kideak, baina Europara begira ere jarri nahi dute orain: “Ipar Euskal Herriko hainbat kiderekin lanean hasi gara, eta haien bidez espero dugu Europako beste hizkuntza komunitate batzuekin sareak sortzea”.