“Ez dugu nahi makinek gizarteko bazterkeria egoerak zabaltzerik”

“Ez dugu nahi makinek gizarteko bazterkeria egoerak zabaltzerik”

June Romatet Ibarguren

Matematika, logika eta euskara gustatzen zitzaizkion berez. Hiruretatik bakarra aukeratu behar, eta Informatika ikastea erabaki zuen Olatz Arregi Uriartek (Bergara, 1963). Ikasketak amaitu, eta irakasle lanetan hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta ordutik ikasle asko pasatu dira haren ikasgelatik. Ikerketan ere aritu izan da, Ixa taldean lehenengo, HiTZ zentroan gero…

Nola iritsi zinen Informatika ikasketak egitera?

Garai hartan, ez ziren batere ezagunak informatikari buruzko kontuak. Ez nuen batere argi zer ikasi, matematika eta logika nituelako oso gustuko. Bestalde, euskara ere asko gustatzen zitzaidan. Beraz, zalantza nuen Matematika ala Euskal Filologia ikasi. Baina banuen Informatika ikasten hasia zen lagun bat, eta nahiz eta nik ia-ia ez nekien ordenagailu bat zer zen ere, logika eta matematika asko behar zela kontatu zidan. Hori jakinda eta filmetan ikusitako robotengatik eta abarrengatik, horretan sartzea erabaki nuen.

Aldaketa asko izan ditu Informatika graduak?

Gauza asko aldatu dira. Gu sartu ginenean, adibidez, ez geneukan ordenagailurik eskura, eta, beraz, paperean programatzen genuen eta exekutatzera bidaltzen genuen gero. Argi dago egunero aldatzen den zerbait dela informatika. Asko aldatu da, eta kezkagarria da bereziki genero aldetik izan den aldaketa. Lehen, pareko kopuruak izaten ziren ikasleen artean, baina gaur egun oso maskulinizatuta dago Informatika fakultatea; zorte handia behar da ikasgelan emakume bat topatzeko.

Ikasketei ekin, eta berehala nabaritu zenuen lotura?

Asko gustatu zitzaidan, bai; gauza ezberdinak ikasten genituen, baina niretzat programazioa izan zen gairik interesgarriena. Mundu berri bat ezagutu nuen informatikarekin. Konturatu nintzen lan asko eskatzen zuela, ez zela magia, oso prozesu polita zela. Hala ere, ikasketak bukatu nituenean, ez nekien oso ondo nora jo; informatikarien beharra bazegoen, baina banketxeetan eta enpresetan horietako asko, eta nik ez nuen oso argi mundu horretan sartu nahi nuen edo ez. Bestalde, irakasle euskaldunen beharra ere bazegoen. Nik, adibidez, gaztelaniaz ikasi nuen dena. Orduan, irakasle batzuk mintegi batzuk euskaraz ematen ari ziren, eta haietako batek irakasle sartzeko aukera eman zidan. 23 urterekin hasi nintzen klaseak ematen. Batzuetan pentsatu izan dut zer egingo ote nukeen bide hori hartu izan ez banu, eta pena pixka bat ematen dit, baina ez naiz damutzen.

Ikasle zinela, udan ere aritu zinen klaseak ematen, ezta?

Bai. Udako Euskal Unibertsitatearekin [UEU] lanean aritu nintzen, eta oraindik lotura mantentzen dut. Bi urtean behin jardunaldiak antolatzen ditugu, informatikari euskaldunen bilkura egiten dugu, eta hainbat gai aztertzen ditugu. Iaz, adibidez, filosofiarekin batera egin genituen bilkurak eta gai ezberdin eta polit asko atera ziren.

Pausoka-pausoka, doktore tesia aurkeztu zenuen 28 urterekin.

Bai. Konputagailuen arkitektura izan zen tesiaren gaia. Ordenagailu batek barrutik duen egitura landu nuen, funtzionatzeko behar duen guztia eta abar. Baina, tesia amaitzen ari nintzenerako, Ixa taldea sortuta zegoen unibertsitatean, eta haiengana gerturatzen hasi nintzen. Tarte batean utzi egin behar izan nuen, semeak jaio zirelako, baina, itzuli nintzenean, banekien ikerketa mundu horretan sartu nahi nuela.

Ixa taldea, beraz, zure ibilbideko zati garrantzitsu bihurtu zen.

Bai, talde hori garrantzitsua izan da beti niretzat. Ikerketa talde bat da Ixa taldea, diziplina artekoa, informatika eta hizkuntzak uztartzen baititu, eta ez euskara bakarrik, nahiz eta oinarrian euskara daukan. Hizkuntzalariak eta informatikariak gaude taldean, eta, batez ere, idatzizko testuekin egiten dugu lan. Azken finean, gure helburua da ordenagailuek hizkuntza naturala ulertzea. Baliabide pila bat daude gaur egun —hiztegiak edo itzultzaileak, besteak beste—, eta Ixa taldeak sortuak dira asko, Xuxen zuzentzailea edo Elhuyarren Elia, adibidez.

Nola uler dezakete ordenagailuek hizkuntza naturala? Nolako lanketa egiten duzue?

Erraz esaten da, baina ordenagailu batentzat ez da hain sinplea, inguruneak asko esaten baitigu guri; teknologiak, noski, hori ezin du ulertu. Egia da gauza ikusgarriak egin direla, baina atzean duen informazio guztiari esker gertatzen da hori. Ulermena beste kontu bat da, ordea. Adibide modura: nik badiot “Maite etorri da hona, bera hitz egitera etorri da”, kasu horretan ordenagailuak ez luke ulertuko “Maite” eta “bera” pertsona bera direnik.

Hori guztia erakusten diegu guk, baina hizkuntzen arabera ere ezberdina da jokaera, euskarak ez baitu genero bereizketarik, baina gaztelaniak, bai. Itzuli behar bada, gizarteak normalizatuta dituen jokaerak izaten ditu makinak; horregatik, duela gutxira arte, ordenagailuarentzat medikua gizona zen eta erizaina emakumea. Nahiz eta ez dugun nahi, gizartetik elikatzen da makina, eta, generoagatik alboratzen den gizartean, aldatu ezean, ordenagailuek ere jarrera berdina izango dute. Hortan ere ari gara lanean.

Egindako lanaren erakusgarri, sari asko jaso dituzu jada…

Bai… Ixa taldearekin jaso genuen sari bat, 2013an: Abadia saria. Informatika arloan euskararen alde egiten ari ginen lana saritu zuten, batez ere. Taldeak izugarrizko lana egin du euskara informatikaren munduan sartzeko. Gainera, hizkuntza minorizatuen kasuan, eredu da euskara, asko egin eta lortu baitugu. Talde osoari eman zioten sari hori, baina bakoitzak bere sentitu zuen. Bestalde, nire tesiak EHUko doktoretza sari berezia jaso zuen, gaiaren berritasunagatik batez ere, garai hartan ez baitzen asko hitz egiten teknologia horien inguruan.

Prozesua ez zen amaitu Ixa taldearekin, ezta?

HiTZ zentroa sortu zuten gero; Ixa taldeak Aholab taldearekin batera parte hartzen du bertan, eta, bultzada bat emateaz gain, elkarlanerako eremua da zentro hori. Proiektu asko ditugu elkarrekin, eta testua eta ahotsa lantzen ditugu. Ahots ingeniariak, informatikariak eta hizkuntzalariak elkartzen gara talde horretan. Adibidez, bertara joan gabe medikuekin eurekin komunikatzeko informatika baliabide bat ikertzen badugu, ahotsa erabili beharko dugu, eta Aholab taldeak ere parte hartu beharko du. Baina oso teknikoa da hiztegia, eta beste batzuek landuko lukete hori. Arlo guztiek bat egiten dute HiTZ zentroan.

Zer ikerketatan zabiltzate orain?

Proiektu asko garatzen ari gara aldi berean, baina nik baditut benetan kezkatzen nauten bi gai. Gaur egun dauden tresna handiek, horien artean adimen artifizialak, izugarrizko kontsumoa dute, bai denboran eta bai energian. Sistemak dena ondo ulertzeko, etengabe entrenatu behar dira makinak; berotu egiten dira, hoztu egin behar izaten dira, sistema elikatu behar izaten da… Kontsumo handia izaten da, eta oso kezkagarria da. Kontsumoa gutxitzeko proiektu bat ere sortu dugu. Kezkatzen nauen beste gaia, berriz, generoarena da, alboratzearena. Horretan ere ari gara ikerketan. Gizarteko joera horiek makinek errepika ez ditzaten lortu nahi dugu. Ez dugu nahi makinek gizarteko bazterkeria egoerak zabaltzerik.

Egin izan duzu ikasgelan parekidetasuna bultzatzeko lanik?

Bai, aritu izan naiz horretan ere. Fakultatean badugu talde bat, eta beste zentroekin emakumeak zientzia arloan bultzatzeko lankidetzak ere egiten ditugu. Saiatzen gara batxilergoko eta DBHko ikasleentzat ere programak antolatzen, haiek emakumeak zientzia arloan ikus ditzaten. Ez dauka teorikoa izan beharrik; askotan, entretenimendutik jo izan dugu. Baina asmoa bera izaten da beti: haiek ere horrelako graduak egin ditzaketela erakustea. Estereotipoak kendu nahi dizkiegu txikitatik. Lan handia dugu egiteko.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Elkarlanean. Ikerketa lanak beste hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera eman dio Olatz Arregiri —eskuinetik bigarrena—, kitxua tartean. Irudian, kitxua komunitateko kideek 2012an Donostiara egin zuten bisita.

Hainbat arlotan aritu izan zara irakaskuntzan, ezta?

Hala da, bai. Nik, hasieratik, Informatika graduan eman izan ditut klaseak, baina master baten koordinatzaile ere izan naiz duela gutxira arte. Hizkuntzaren azterketa eta prozesamendua, izen hori dauka masterrak. EHUn bakarrik ematen zen hasieran, baina Erasmusmundos masterren artean sartu zen gero, eta Europara zabaldu. Ikasleak urtebete pasatzen du bere zentroan eta beste urtebete Europako kontsorzioko beste toki batean. Horren eraginez aldatu zen hizkuntza; euskaraz ematen zen hasieran, baina ingelesez ematen da orain. Eskaera handia egoten da, eta kitxua komunitatekoekin ere aritu izan gara elkarlanean. Gainerakoan, hasierako ikasgaiarekin jarraitzen dut nik: Konputagailuen arkitektura. Oso aldakorra da gaia eta beti ikasten dugu zerbait. Motibazioan eragiten du horrek.

Gauza berriak ikasten aritzen zarete, baina ikasleengan badago aldaketarik?

Irakaskuntza eredua aldatu den bezala, asko aldatu dira ikasleak ere. Ni hasi nintzenean, irakasteko modua oso magistrala zen; nik klasea ematen nuen, eta azterketa bat edo bi zeuden. Orain, ordea, lanak, aurkezpenak eta abar izaten dira azterketekin batera. Emaitzetan ez dut ikusi aldaketa nabarmenik, baina ikasleak lasaiago daudela nabari dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.