Ordizia: Berrikuntzarako ahalegina

Ordizia: Berrikuntzarako ahalegina

M. Garate

Urtarrilaren 6an, Errege Egunean, egin zuten azkenengoz diana Ordiziako txistulariek, eta martxoaren 19an, San Joan Egunean, dira berriro ateratzekoak. “50 urte badaramatzagu txistua jotzen, eta astero ateratze hori guk ez dugu ezagutu; akaso, gu baino lehenagokoek egingo zuten. Festen bueltan ateratzen gara gu”, esan du Ana Lekuona Ordiziako Txistulariak taldeko zuzendariak. Diana ez, baina entseguak astero egiten dituzte. “Beti egoten da prestatu beharreko zerbait. Orain, martxoari begira, saio bat izango dugu Amets Bide dantza taldekoekin, diana berri bat entseatzen ere ari gara…”.

Hamabost kide ditu gaur egun Ordiziako Txistulariak taldeak, gehienak emakumeak. Zuzendariaren esanetan, ez da oso erraza taldea mantentzea. 16-17 urte ditu gazteenak, baina gero salto handia dago hurrengora, 40 urtetik gorakoak baitira ia kide guztiak. “Gertatzen dena da unibertsitatera joandakoan galdu egiten dela lotura. Hori da txistulari talde guztiok dugun arazorik handiena”.

Gaur egun, 10:00etan

Astero ez dira taldeko hamabost kideak elkartzen, baina bai horietako dezente, eta berritzeko eta hobetzeko ahalegirari eusten diotela esan du zuzendariak. Horren adibide dira maiatzean egiten den Ordiziako Zortzikoarako sortutako dantza berri batzuk, eta taldeak sarri jotzen duen Oiangu diana, Lekuonak berak 2015ean sortua. “Bi zati ditu: lehena, plegaria, poliki jotzen da, garai batean ezer egin aurretik otoitz egiten zen, eta horrekin du zerikusia; bigarrena, biribilketa da, eta kalez kale jotzen dugu”.

Azken urteetan atzeratu egin diete dianaren ordutegia, eta orain 10:00etan ateratzen dira. “Gero eta lotiagoa da jendea…”. Zain izaten dute jendea balkoi batzuetan, baina, Lekuonaren iritziz, txistulariek ez dute aparteko ikusminik sortzen. “Esango nuke diana dela gauza bat jendeak kasu handirik egiten ez diona; molestatu ez du egiten eta gaizki ez da hartzen, baina betikoak-edo izaten gara beti”. Ordiziako Udalarekin hitzarmen bat dute, eta urtero berritzen dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.