Garapen aseezina

Goizean Eitzaga auzoan egon naiz, Gipuzkoaren atarian, Elgeta azpian, Eibartik edozein oinez joateko moduko distantzian. Bertan oroitu dugu astelehenean bete(ko) direla hiru urte gure historia modernoan izan dugun hondamendi ekologikorik handiena gertatu zela. Laburbilduz gero, pertsona bi hil ziren, milaka tona zabor amildu, gas toxikoak isuri egunetan, eta herritarrok arduradun politikoen mespretxua jasan eta gezurrak irentsi behar izan genituen. Horrela egon ginen, eta oraindik hala gaude inguruko biztanleak: jakin barik zer arnastu genuen, zelan dagoen zabortegiko hondoko geruza, zer egingo duten autobide ondoan dagoen jausitako zaborrarekin… Ekitaldiaren zelatari zabortegia izan dugu, gure gizarteak muntatu duen sistemaren oroigarri mingarria.

Aurreko astean ere sistema anker honen beste erakusgarri bat izan dugu Lezetxikin, Arrasaten. Kobazuloan abiadura handiko trenaren tunel bat bertan egin dutelako. Lezetxikin aurkitu dituzte, oraingoz, Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak. Munduko zein herrialdetan gerta liteke halakorik? Gaitza da imajinatzea: halako aztarnategi garrantzitsu baten ondoan, obra erraldoi bat egitea, eta ingurua suntsitu.

Baina Deba ibarrean bertan, Deban hain zuzen, Praileaitz haitzuloan hori gertatzen da. Labar-artea ez ezik, zintzilikario harrigarri batzuk ere agertu ziren, eta arkeologoek pentsatzen dute historiaurreko santutegi bat zela koba, errituak egiteko lekua. Halakorik ere ez dute aurkitu orain arte Euskal Herrian. Baina Sasiolako harrobiak mehatxatzen du: kostata, indusketaren zatia babestuta dagoen arren, ez dago eremu osoa babespean. Arkeologoek uste dute eremu horretan aurkikuntza gehiago egin litezkeela, baina harrobiko lanek aurrera jarraitzen dute, baimena luzatu egin zaielako. Arriskuan jar ditzakete beste deskubrimendu batzuk. Baina nori inporta zaio?

Kilometro batzuk barrurago, ibarrean bertan, Karakaten, oraindik gauzatu ez duten beste mehatxu bat datorkigu, parke eoliko bat eraikitzeko proiektua baitago. Karakate inguruan Elosua-Plazentzia estazio megalitikoan zenbait dolmen eta tumulu daude, eta eskualdeko ondare historiko eta geologikoko parte garrantzitsua dira. Iazko martxoan, gainera, Aranzadik historiaurreko bi hilobi topatu zituen Karakateko tontorretik gertu eta erromatarren kanpamentu bat ere badago han. Baina dena hondatu liteke 178 metroko erraldoiak eraikitzen badituzte.

30 bat kilometroren bueltan daude aurretik aitatu ditudanak, eta aste berean urteurren batek eta aurkikuntza beldurgarri batek harilkatu dute botatako segida, baina denbora lagaz gero, dozenaka aurkituko genituzke Hego Euskal Herrian. Dozenaka obra ingurumena eta ondarea hondatzen dituztenak. Porlana eta asfaltoa progresoaren aitzakian, negozioa helburu. Edozer da sakrifikagarria gizarte eredu krudel honen mesedetan. Edozer irentsi eta suntsitu aurrera doan herrian, hazkuntza etengabean sartuta elur bola zoroan.

Zertarako zaindu, gorde eta mantendu? Zer balio eransten diote gure herriari? Ez da ondare txundigarria, natura ez da basatiena, normaltxoak edo eskastxoak dira. Horrela izanda, ez dakit oraindik gure agintariek nola ez duten proposatu lurralde osoa zementuz betetzea, horrela gigantismoak jota dagoen garapen aseezinak ezinbestekotzat dituen lanak errazago egiteko. Eta ertzetan eukaliptoak sartu, dekoratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.