Ergelkeria naturala

Ergelkeria naturalak beti ematen du zer esana, horretan ez da aldaketa handirik azkenaldian, eta gerora ere nekez izango da. Baina adimen artifiziala ere gero eta zeresan handiagoa ematen ari da, eta pentsatzekoa da goranzko joera hori luzerako izango dela, handik eta hemendik iristen diren berriak eta han eta hemen geure begi-belarriz egiazta ditzakegun emaitzak ikusita eta entzunda.

Euskarazko poema liburu bat ere eman digu dagoeneko adimen artifizialak, Beñat Erezuma irakasle eta hezkuntza berrikuntzako aholkulariak OpenAI adimen artifizialeko ikerketa-laborategiaren GPT-3 (Generative Pre-trained Transformer-en 3. bertsioa) hizkuntza-eredu auto-erregresiboari “enkargatua”, hala esaterik badago: Artiadi. Adimen artifizialarekin osatutako 40 olerki. Musikan eta irudigintzan egin dira makina bat proba, hemen zein mundu zabalean, gero eta gaitasun eta ahalmen handiagoak ari baitira erakusten gizakiek sortzeaz gain oraingoz behintzat gidatu eta kontrolatu ere egiten dituzten askotariko konputagailu eta robotak.

Lanbide askotan aldaketa handiak ekarriko dituzte segur aski adimen artifizialaren aurrerapen eta erabilera berriek, eta horiei buruzko kezka nabari da hedabideetan eta sare sozialetan. Joan den mendearen bigarren erdian, lan fisikoari lotutako lanbideetan izan zuten eraginik handiena aurrerapen teknologikoek. Hemendik aurrera, bestelako lanbideetara iritsiko da, gupidarik gabe, eragina, lehen liberal zeritzenetara: arlo guztietako arte-sorkuntzak, kazetaritza, itzulpengintza, zuzenbidea, notariotza, arkitektura, ingeniaritza, hezkuntza, medikuntza, enpresa-kudeaketa, aholkularitza, publizitatea…

Era horretako lanbideetako langile batzuen lan baldintzetan izan du dagoeneko eraginik adimen artifizialak, onerako zein txarrerako —ohiko bidetik: lana erraztu, baina aldi berean lan horren beharra eta ordaina murriztu—, eta historiak argi erakusten du horrelako joerek ez dutela etenik izaten, alferrik dela horien aurka ufaka eta purrustaka hastea, oso erreakzio natural eta bidezkoa den arren. Ulertzekoa da, jakina, Nick Cavek Chat GPTk bere sormen-estiloa imitatuz taxututako kantua gaitzestea.”Maitasun eta errespetu osoz esanda, kantu hau kaka zahar bat da, gizakia denari egindako burla groteskoa”. Apokalipsiaren iragarpentzat ere jo omen du artistak makinaren lana. Ulertzekoa baina alferrikakoa.

Ibili-ibili eginda, herri-ordezkaritza politikoan ere ekar dezake aldaketa sakonik adimen artifizialak, hau da, politikarien lanean. Gure agintari politiko ezagunenetako batzuk androide itxurako teknokrata automata gizagabeak baldin badira —eta hala dira, ezta?—, aldaketa ez da hainbesterako izango, eta agian mesedegarri ere gertatuko da.

Ondo pentsatuta, azken batean, geure adimen ustez naturala, laguntza konputarizatuari hain atxikia eta haren hain mendeko gaur eta hemen, ez al da ba aski artifiziala, gero eta artifizialagoa?

Ez dakit halakorik idatzi ote zuen inon, baina aspaldi entzun nion Iñaki Segurola zenari “tonto falta” gero eta handiagoa zuela gure gizarteak, eta aitortu beharko da ez zebilela oso oker. Zenbat eta adimen artifizialaren mendekoago bizi, ez ote dugu, mirespenez eta liluraz, gizakiaren ergeltasun naturalean bilatuko paradisu galduaren azken zantzu hautemangarria?

Leave a Reply

Your email address will not be published.