Egun batetik bostera jauzia eginda, gaur hasiko da Gure Ahotsak jaialdia, Donostian

Natalia Lakuntza ariko da gaur, 19:30ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu Trio eta Neomak ere izango dira.

Unai Zubeldia

Ahotsa emateko saiakera bat da, abiapuntu bat, taularatze bat. Bakarka zein taldean oholtzara igotzen diren emakumezko musikarien plaza bat. Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ardatz hartuta, 2019an sortu zuten Gure Ahotsak egitasmoa, Donostian, eta berrituta dator bosgarren aldia. Egun bakarreko jaialdia izan da orain arte, baina gaurtik asteartera, bost egunetan beste hainbeste kontzertu izango dira aurten Viktoria Eugenia antzokian. Natalia Lakuntza musikari iruindarra izango da oholtzan gaur, 19:30ean, eta Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu Trio eta Neomak bakarlari eta taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da hurrengo lau egunetan.

“Egun batean lau artista oholtzan elkartzea izan zen lehen proposamena”, hasi du azalpena Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak. “Baina proposamen hori agortzen ari zela ikusi genuen, erreta zegoela; aldaketa bat behar genuen. Osotasuna eman nahi genion artista bakoitzari, eta horregatik erabaki genuen bost eguneko jaialdi moduko bat sortzea”. Eurenetik eman ahal izateko, beren espazioa eman diote bost artistetako bakoitzari.

LA BIEN QUERIDA

Lehen urtetik artistek eurek Gure Ahotsak ekinaldiari “oso harrera ona” egin ziotela ziurtatu du Fernandinok. “Martxoaren 8aren bueltan emakumeen sormenari bide ematea da gure helburua, tartean musikari berriei aukera eskainita. Emakumeak indartu egiten gara emakumeekin elkartzen garenean; oso giro berezia sortzen da”. Alde horretatik Donostia Kulturak “hutsune bat” zeukala jabetu zirela argitu du Fernandinok, eta behar horri tiraka sortu zutela ekimena.

Aurtengo jaialdian bila ari ziren hura topatu dutela jakinarazi du Donostia Kulturako musika teknikariak. “Urte batzuetan, izaten da, arrazoi bat edo bestea tarteko, artistaren bat ekarri ezina, baina guztiek baiezkoa eman digute aurten. Oso estilo desberdineko bost emanaldi izango ditugu, bertaratzen den publiko guztia gustura uzteko modukoak”. Pixkanaka bidea egiten ari da Gure Ahotsak, eta Fernandinok aitortu du “gero eta proposamen gehiago” jasotzen ari direla. “Viktoria Eugenia bete egin behar da, ordea, eta eskaintza batzuk atzera bota behar izaten ditugu. Baina interes handia pizten ari da jaialdi hau. Oso pozik gaude, publikoak ere harrera ona egin diolako proposamenari”.

MAITE LARBURU TRIO

Sarrerak, 15-20 euroan

Bost kontzertuetarako sarrerak salgai daude oraindik. Agortzear daude emanaldiren baterako sarrerak, baina eskuratu daitezke oraindik. “Bost saioetarako bonuak sortu, ez sortu zalantzan egon ginen hasieran, baina hain proposamen desberdinak izanda, kontzertu bakoitzerako sarrerak eskaintzea hobetsi genuen”. 15 eta 20 euro artean daude salgai sarrerak.

Natalia Lakuntza iruindarraren gaurko lehen kontzertuari helduta, “pop atsegin batekin” gozatu ahal izango dela azpimarratu du Fernandinok. “Lehen diskoa aurkeztu du jada, eta bere bizitzan izan dituen beldurrak eta gainerakoak islatzen ditu”. Japoniatik bueltan ibili ondoren, Olatz Salvador musikari donostiarrak bere bira amaituko du bihar Donostian. “Artista ezaguna da. Gonbidatu batzuk izango ditu oholtzan. Ilusio handiz hartu zuen gure gonbidapena, eta saio berezi bat egingo duela iruditzen zait”. Etzi, “Espainiako pop musika” iritsiko da Viktoria Eugeniara, La Bien Queridarekin. Bilbotarra da Ana Fernandez-Villaverde, eta Paprica azken diskoa aurkeztuko du. “Estilo desberdinak nahastu ditu disko horretan: bachata, saltsa, runba, boleroak, popa… Oso artista ezaguna da jada”.

NATALIA LAKUNTZA

Astelehenean eta asteartean, berriz, mutur banatan dauden bi proposamen izango dira Viktoria Eugenia antzokian. Astelehenean, hirukotea osatuta igoko da Klub aretora Maite Larburu. “Oso ahots eta proiektu berezia dauka Maitek. Carlos Taroncher, Karlos Aranzegi eta hirurek klarinetea, baxua eta bateria uztartuko dituzte”. Eta asteartean Neomak taldearekin amaituko da aurtengo Gure Ahotsak egitasmoa. “Trikiti tradizionaletik sortutako taldea da, zazpi emakumezkok osatua, baina gaur egungo erritmoak eta teknologia berriak ere baliatzen ditu. Kepa Junkerarekin hasi ziren, eta izugarrizko deskubrimendua izan da talde hau. Gozatzeko kontzertua izango da”.

OLATZ SALVADOR

Gure Ahotsak egiten ari den ibilbidearen erakusgarri, jaialdiaren lehen urtera jo du Fernandinok. “Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izaro izan genituen 2019an, eta, besteak beste, pentsa nolako proiekzioa eduki duen Izarok”. Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaia, Maren eta Belako izan ziren 2020an; Idoia, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado 2021ean —osasun arrazoiengatik, bertan behera gelditu zen Matilda taldearen saioa—; eta Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak iaz. “Sortzen diren proiektuei adi egoten gara urtero, gurean ere ahotsa emateko. Aukera asko daude gaur egun; oso artista onak dauzkagu”.

Emakumezkoak ikusle

Martxoaren 8ak kontzertuei “testuinguru berezi bat” ematen diela adierazi du Fernandinok. “Publikoan, gizonezkoak baino emakumezko gehiago izan ditugu lau urteotan, baina, bost egunekoa izanda, orekatuagoa izan daiteke aurtengoa. Eragin handia dauka, ordea, Martxoaren 8ak”.

Kartelari dagokionez, Paula Estevez musikari eta ilustratzaileak egin du aurtengoa. “Ezagutzen zuen Gure Ahotsak, eta modu librean aritu da lanean. Kartel nagusi bat eta kontzertu bakoitzerako beste bat egin du, bakoitzak erabiliko dituen instrumentuak irudikatuta”.

Etorkizunera begira, “ate guztiak zabalik” dauzka Gure Ahotsak proiektuak. “Saio txikiagoak egingo ditugu, agian; zabaldu egingo dugu, akaso, jaialdia… Aukera asko dauzkagu mahai gainean, eta urtez urte aztertuko dugu aurrekoak zer-nolako emaitza eman duen”. Argi daukate “funtzionatu” egiten duela proposamenak. “Eta bidea egiten jarraituko dugu”.

Argazkiak, ordenean:
1. Neomak.
2. La Bien Querida.
3. Maite Larburu Trio.
4. Natalia Lakuntza.
5. Olatz Salvador.