Faktura merkatzeko zirrikitu bila

Faktura merkatzeko zirrikitu bila

Imanol Saiz Gomez de Segura

Hilero etxera iristen diren fakturek buruhauste eta egoera konplikatu asko sortzen dute gehienetan, egunerokoari aurre egiteko beharrezkoak diren fakturek bereziki. Pandemiak eta Europa jasaten ari den krisi energetikoak eragin zuzena izan dute herritarren poltsikoetan; askorentzat oso zaila izaten ari da gasaren zein argindarraren faktura horiei ere aurre egitea. Prezioari erreparatuta, historiako altuenetara iritsi dira biak.

Puri-purian dagoen gai hori landu dute aste honetan Errenterian, gai horrekin herritarrak “nahiko arduratuta” ikusi dituelako Lurgorri kultur elkarteak. Hitzaldi praktiko bat egin zuten asteartean, eta jakin-mina piztu zuen herritarren artean. “Denok ordaindu behar ditugun fakturak dira, eta denei mesede egin die hitzaldiak, gazteei zein helduei”, esan du Lurgorri elkarteko Elixabete Muruak.

Oarsoaldea Garapen Agentziako Xabier Sesma Korta izan zen saioaren gidaria. Hark aitortu du oso herritar gutxi direla gai fakturak behar bezala ulertu eta interpretatzeko.”Fakturekin susto handia hartu duten asko etorri dira hitzaldietara zein bulegora, eta zalantzaz beteta, gainera. Zein tarifa aukeratuko dut? Zein da une honetan onena? Zein enpresa aukeratuko dut?”. Kezka eta zalantza horiei irtenbide bat ematen saiatu zen Sesma Fakturen optimizazioa hitzaldiarekin.

Inoizko garestiena

2021ean argindarra izan zen amesgaiztoa, eta iaztik hona gasa izan da. Zaila da jakiten zenbat igo den zehazki, Sesmak esan duenez, merkatuaren eta tarifen arabera prezioak behera edo gora egiten baitu. “Gasaren tarifa, kasu batzuetan, laukoiztu edo boskoiztu egin da, eta argindarra 2021ean hirukoiztu egin zen. Astakeria bat da”.

Gorakadak eragin du lehen postontziko hileroko paper ziren horiei arreta handiagoa jartzea: “Interesa izatea da lehen urratsa; arreta jarri behar dugu, hainbeste zer eta zergatik ordaintzen ari garen ohartzeko. Egungo egoerarekin ezinezkoa da aurreztea, baina gutxiago ordaintzeko badira zenbait gako edo giltzarri, guk geuk bilatu behar ditugunak”, erantsi du Sesmak, Reyna aretoan.

Merkatuari erreparatu dio adituak. Merkatu librearen eta arautuaren artean, merkeena arautua dela azpimarratu du, jauzi hori egitea “irtenbide ona” izan daitekeela. “Jende askok ez du ulertzen bien arteko ezberdintasuna, eta askok ez dakite batean ala bestean dauden ere”. Merkatu arautuan Espainiako Gobernuak arautzen du prezioa. “Librekoan, berriz, igotzen den bezala jaitsi ere egiten da. Prezio horiek alderatu behar ditugu, bakoitzaren neurrira egokitutako merkatua aukeratuta”.

Bestalde, merkatu libreko enpresa handien bezero direnak tarifa merkeagoak bilatzera gonbidatu ditu Sesmak. Horiek kontsultatzeko eta alderatzeko hainbat aplikazio daudela dio. “Eta oso onuragarriak izan daitezke”.

Egunerokoan faktura horien zenbatekoa txikitzeko hainbat keinu egin daitezkeela erantsi du garapen agentziako kideak. Esaterako, ordu garestienetan gailu gehiegi ez erabiltzea gomendatu du. Merkatu libreak ematen dituen aukeren artean, gaua da ohiko ordutegi merkeena: “Merkatu librean, 24 ordu eta prezio daude egunero. 20:00etatik 22:00etara da garestiena, baina horixe da gehien erabiltzen dugun ordutegia”. Sesmaren hitzetan, gomendagarria da tarte horretan gailu handiak ez jartzea, “gaueko ordu txikietarako uztea”, baina onartu du familia askorentzat aldaketa hori “zaila” izaten dela.

Herritarrekin lehen hartu-emana izan zen asteartekoa, eta Errenteriako bulegoan jarraipen zehatza egingo diete orain kasu guztiei. Zalantzak argitzeko, herritarren eskura daukate telefono zenbaki bat: 943-34 41 60.

Ahalduntzeko deia

“Autoefizientzia energetikora” jotzeko garrantzia ere azpimarratu zuen Sesmak asteartean. “Enpresa handi horien aurrean ahaldundu egin behar dugu. Energia komunitateak eta autokontsumoa bultzatu behar ditugu”. Bide horretan, Oiartzualdeko herrietan proiektu interesgarriak martxan jartzen ari direla esan du Oarsoaldea Garapen Agentziako kideak. “Hori da bidea; ziur etorkizun oparoa izango dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.