Txillidaren Legazpiko adarra

Txillidaren Legazpiko adarra

Tere Madinabeitia

Eduardo Txillida jaio zenetik ehun urte beteko dira 2024ko urtarrilean, eta ospakizunak Legazpiraino iritsiko dira. Izan ere, Goierriko herri horretan dago Txillida Lantokia, eskultorearen inguruan sortutako ekosistemaren ezinbesteko osagaia. Legazpira joan zen Txillida (Donostia, 1924-2002), Patrizio Etxeberriaren lantegira, gaur egun mundu osoko hainbat plaza eta museotan ikusgai dauden eskulturak egitera, eta lan haren lekukotasuna jasotzen duen museoak ere bat egin du mendeurrenaren ospakizunekin.

Herriko gainerako baliabide turistikoak bezala, Lenbur fundazioak kudeatzen du Txillida Lantokia. Bertan, eskultorearen paper eta forja tailerrak daude ikusgai, baita Haizearen orrazia bezalako eskultura handiak egiteko Patricio Echeverria lantegiko forja handian erabili zituzten makina batzuk ere. Makina haiek eta artistaren esanetara lan egin zuten langileen testigantzak ere jasota daude museoan. Patricio Elorza paper fabrika zaharrak eskainitako espazioan dago guztia.

OLATZ CONDE

“Kasualitatez” iritsi zen Txillida Lantokia sortzeko aukera, Olatz Conde Lenbur fundazioko teknikariak gogoratu duenez. Abiapuntua “fabrikako langile baten sentsibilitatea” izan zen, bereziak zirelakoan Re-Co altzairu hondarrak urtu egin behar zituztela ohartarazi zielako —Re-Co izenak korrosioaren aurka iraunkorra esan nahi du—. Lenburren berehala egin zuten Txillidarekin lotura. “Material hori erabili zuelako eskulturak egiteko. Baina materiala bakarrik ez, eskultoreak atzera utzitako hainbat burdin zati bihurritu ere jaso zituzten han”, esan du Condek.

Forja tailerra, eskaintzan

Familiarekin harremanetan jarrita, eskultura haien sorkuntza prozesuari eskainitako museoaren ideiari forma ematen hasi ziren elkarlanean. Txillidatarrek lantegian atzera geratutako materiala eta piezak bakarrik ez, artistaren forja tailerra ere eskaini zieten. Artistak grabatuak inprimatzeko erabiltzen zuen Ignacio semearen Hatz tailerra ere utzi zien Ignaciok berak. Lenbur fundazioak fabrikako makina zaharrak berreskuratu zituen, eta eskultorearen ideiak gauzatu zituzten langileen testigantzak ere jaso zituen.

LENBUR FUNDAZIOA

Diskurtsoa osatuta, 2010eko uztailaren 21ean inauguratu zuten museo berria, “Txillida Lekuren osagarria izateko sortutakoa, eta ez konpetentzia”, zehaztu du Condek. Azken finean, Hernaniko museoak Txillidaren obra amaitua biltzen du. “Eta Legazpikoak obra horien lanketaren atzean zegoen prozesu sortzailea eta industriala azaltzen du”.

Txillida eta Lenbur

“Legazpik garrantzi handia izan du aitonaren bizitzan eta lanean”, aipatu zuen Mikel Txillidak, Txillida Lekuko ordezkari eta eskultorearen bilobak, urtarrilean Gipuzkoako hainbat eragile turistikorekin Txillida Lantokira egindako bisitan. Eduardo Txillida, 100 urte ospakizunen hasiera iragarri nahi izan zuten orduan, eta bira bat antolatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzarekin batera, lurraldean eskultoreak utzitako arrastoari jarraikiz. Haizearen orrazia, Txillida Leku bera, Txillida Lantokia eta Tolosako Lizardiren Leihoa eskultura izan ziren geldiuneak. “Txillida ekosistema osatzen dugu guztion artean, eta denok gara beharrezkoak eta garrantzizkoak”, azaldu zuen bisita hartan Mikel Txillidak.

MIKEL TXILLIDA

Arantzazuko (Oñati) santutegiko burdinazko ateak amaitzen ari zela ezagutu zuen Eduardo Txillidak Patrizio Etxeberria errementari eta enpresaria. Ateak bere lekuan jartzeko ezin menderatu zebilen eskultorea, eta Etxeberriak bere lantegira eramateko esan zion, han konponduko zituztela aginduta. Esan eta egin. Etxeberriak bere lantegia, langileak eta haien jakintza jarri zituen eskultorearen eskura, eta hantxe sortu zituen bere lanik monumental eta enblematikoenak. Artea eta industria uztartzen zituen harreman hark urte asko iraun zuen: 1955etik 1970eko hamarkadara, gutxi gorabehera. “Gure aitonak oso harreman ederra izan zuen Legazpirekin, eta benetan beharrezkoa izan zen haren lana egin ahal izateko eta iritsi zen lekura iristeko”, esan zuen Mikel Txillidak.

Handik urte batzuetara, industria ondarea gordetzeko eta zabaltzeko helburuz, Txillida eskultoreak harremana berreskuratu zuen Legazpirekin, Lenburren bidez, eta fundazioaren bazkide sortzaile eta patronatukide bihurtu zen. Luis semeak jarraitu zuen gero haren lekuan, eta lehendakaria da egun. Txillidak eta Legazpik etenik ez duen lotura bat osatu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.