Bi eredu, maila berean

Bi eredu, maila berean

Unai Zubeldia

2020-2021eko denboraldian, kontrako norabidean baina bidegurutze berean topo egin zuten Gipuzkoa Basketek eta Iraurgik. Oso proiektu umilarekin, aurrenekoentzat ezinezkoa izan zen ACB ligari eustea —sasoi bakarra egin zuten Espainiako liga nagusian—, eta, aspaldiko denboraldirik harrigarriena eginda, lau urte geroago Espainiako Urrezko LEB ligara igotzea lortu zuen Iraurgik. Gipuzkoako bi proiektu nagusiak maila berean ari dira ordutik, eta igandean parez pare ariko dira Azpeitian, 18:30ean.

24 partida jokatuta, 9. postuan dago Gipuzkoa Basket, hamalau garaipenekin. Lehen sailkatua zuzenean igoko da ACB ligara, eta bigarren postutik bederatzigarrenera artekoek kanporaketak jokatuko dituzte; Lauko Finala jokatuta, ACB ligara igoko da irabazlea ere. Iraurgi, berriz, 24 partida jokatuta, 17. postuan dago gaur-gaurkoz, bost garaipenekin. Hiru talde jaitsiko dira Espainiako Zilarrezko LEB ligara, eta une honetan bi garaipenera dauka salbazioa Azpeitia-Azkoitiko taldeak.

Sasoi honetan, lehen itzulian, 8. jardunaldian, Gipuzkoa Basketek 85-76 hartu zuen mendean Iraurgi, Donostian. Aurreko denboraldian, berriz, lehen itzulian, 15. jardunaldian, donostiarrek 80-70 hartu zuten mendean Iraurgi, baina bigarren itzulian, 32. jardunaldian, Iraurgi nagusitu zen Azpeitian, 75-66.

Gipuzkoa Basketen, lau gipuzkoar ari dira orain: Xabi Oroz, Aitor Zubizarreta, Xabi Beraza eta Mikel Motos, eta Iraurgin, beste lau: Ibon Guridi, Ibai Aizpitarte, Manex Ansorregi eta Beñat Hevia.

Urrezko LEB liga

Leave a Reply

Your email address will not be published.