Patxi Olabarria: “Ez dakigu zer ageri den gure sinboloetan”

Patxi Olabarria: “Ez dakigu zer ageri den gure sinboloetan”

Miren Garate

Asteartean aurkeztu zuen Antzuolako armarriaren alardea liburua Patxi Olabarriak (Antzuola, 1971). Uztaileko hirugarren larunbatean egiten dute Mairuaren Alardea Antzuolan, eta Olabarriak azaldu du arma erregeak asmatutako istorio bat duela ekitaldiak. Alardeak izan duen egokitzeko gaitasuna nabarmendu du.

Historialaria ez, baina historiazalea zarela diozu Antzuolako armarriaren alardea liburuaren sarreran. Nondik nora egin duzu lan hori?

2009an, Kultura zinegotzi nintzen Antzuolan, eta Nabarralderen eskaera bat iritsi zitzaigun udalera: armarritik Belateko armarriko kanoiak kentzeko, Gaztelak egindako Nafarroaren konkista sinbolizatzen zutelako. Ikertzen hasi ginen, eta hitzaldi batzuk ere antolatu genituen herrian, armarriaren historia jakinarazteko jendeari. 2011n onartu zuen udalak kanoi horiek kentzea armarritik. Prozesu luzea eskatzen du horrek: Gipuzkoako Foru Aldundiari egin behar zaio eskaera; eskumena Eusko Ikaskuntzak duenez, txosten bat egin behar zaio hari ere hizkuntza heraldikoan… Azken onarpena 2018an iritsi zen, eta urte horietan guztietan egindako bidea eta ikertutakoa erakutsi nahi izan dut liburuan.

Hiru atal ditu liburuak: Antzuola, Armarria eta Alardea izenekoak. Atera duzun ondorio nagusietako bat da Antzuolan egiten den Mairuaren Alardea armarritik sortu zela, eta ez alderantziz.

Pentsatzen zen Mairuaren Alardea oso aspaldikoa dela Antzuolan, armarria baino lehenagokoa, baina ez da hala. Gipuzkoako aurreko armarrian, erregea, hamabi kanoiak eta hiru haginak agertzen ziren. Errege hori Antzuolako armarriko bera da, baina kate bat dauka buruan, eta horrek despistatu izan gaitu urte askoan. Alardean mairua katearekin irudikatzen denez, pentsatu izan da mairua alardetik armarrira eraman zutela. Ikerketaren ondoren, ikusi da alderantziz izan zela: hau da, armarriko kate hori irudikatzen dela alardean.

Jakin duzue nondik ateratakoa den armarriko katea?

Liburuari lotuta, Rosa Aierbe historialaria aipatu nahi nuke. Nabarraldek armarria aldatzeko eskaera egin zigunean, hitzaldi batzuk antolatu genituen, eta haietan parte hartu zuen, Gipuzkoako armarriek izandako aldaketei buruzko liburu bat bai baitzuen. Antzuolako armarriaren historiarekin, hura ere gauzak aurkitzen joan da. Jakin zuen, tarte labur batean, erregea kateekin irudikatu zela Gipuzkoako armarrian ere, eta horregatik ageri dela katea Antzuolako armarrian, kopiatu egin zutelako. Separata bat gehitu zion bere liburuari.

Zergatik uste zen alardea armarria baino lehenagokoa zela? Noizkoak dira alardea eta armarria?

Alarde hitzak eragin izan du nahasmena. Alarde folklorikoak dira Irungo, Hondarribiko, Tolosako nahiz Antzuolako alardeak. Hau da, erreakzio moduan sortu ziren, 1876an Bigarren Gerra Karlista galdu eta foruak deuseztatu izanaren aurka. Aurretik, alarde foralak egiten ziren. Soldaduskara joan beharrik ez zuten euskaldunek, horretarako eskubidea zuten, baina foruek zioten herri bakoitzean armen erakustaldi bat egin behar zutela 18-60 urte arteko gizonek. Horiek ziren alarde foralak. Foruak galdu zirenean eta soldaduska derrigorrezko bihurtu zenean, “guk badaukagu gure soldaduska” esateko modua izan ziren alarde folklorikoak. Antzuolako armarria 1745ekoa da, eta alarde folklorikoa 1880koa.

Alardeak ez du zerikusirik, beraz, Antzuolaren independentziarekin?

Antzuola Bergarako parte zen 1629ra arte. Independentzia lortu zuenean, egiten ziren alardeak, baina foralak. Hain zuzen, 1554ko alardeak ere ageri dira Antzuolako dokumentuetan, baina alarde foralak dira.

Zer antzezten du Mairuaren Alardeak?

Armarriak egiteko arma erregea zegoen. Funtzionario bat zen, Madrilen egoten zena, eta hark erabakitzen zuen herri bakoitzak zer armarri izango zuen, ez herri bakoitzak. Eskaera egiten zitzaionean, herrian zer meritu zeuden galdetzen zuen, armarrian hori irudikatzeko, baina Antzuolak ez zuen ezer aipagarririk. Halakoetan, arma erregeak asmatu egiten zuen zerbait. Asmatu zuen antzuolarrak egon ginela Valdejunkerako guduan, eta Nafarroako erregeari lagundu geniola, eta mairu batzuen aurka borroka egin genuela. Valdejunkerako gudua benetan gertatua da, baina arma erregeak asmatu egin zuen antzuolarren istorioa. Istorio hori bihurtu zen alarde.

Bestelako bitxikeriarik aurkitu al duzu liburua egitean?

Alardearen desfilea kalean egiten da, eta jotzen den musika Espainiako ereserkia izan zen. Errege etxeko barneko ekitaldietan jotzen zen: ezkontzetan, hiletetan, atzerriko erregeren bat etorritakoan… Bagenekien Marcha fusilera izena zuela, baina orain jakin dugu Espainiako ereserkia zela. Zeren sinbolo ziren jakinda, armarritik kendu egin genituen kanoiak, eta musika nondik etorritakoa den jakinda, uste dut egongo dela adostasuna kentzeko.

Alde horretatik, Antzuolako herritarrek ondo onartu dituzte azken urteetan alardeari egindako moldaketak, ezta?

Bai. Beste alarde batzuekin konparatuta, Antzuolako alardea oso zabala da, eta ez da arazorik egon eguneraketak egiteko. Arma erregeak asmatutakoa irudikatzen da, eta, hasieran, mairua oso gaizki tratatzen zen; 1976an aldaketak egin zituzten, eta duindu egin zuten trataera. Gerora beste aldaketa batzuk ere egin dira; adibidez, 2009an. Orain, ongietorri moduko bat da alardea, kulturen arteko errespetuaren adierazle moduko bat.

“Memoria historikorik gabeko herria gara”, diozu liburuko ondorioetan.

Nabarmen ikusten da hori liburu osoan zehar. Ez dakigu zer ageri den gure sinboloetan, ez diegu garrantzirik ematen, baina jarri zituenak ondo zekien zer jartzen zuen. Antzuolako eta beste herri batzuetako banderak, adibidez, Borgoinako gurutzea dauka. Borgoinako bandera hori Amaiurko gaztelua suntsitu zuten espainiarrek eramaten zuten.

Mairuaren Alardearen Kultur Elkartea dago Antzuolan, eta, “lan handia” egiten duen arren, alardearen antolakuntzaren gidaritza udalak hartu behar duela diozu liburuan. Zergatik?

Ikusi da Irunen eta Hondarribian zer-nolako arazoak sortu diren; horiek ere udalek antolatuko balituzte, emakumeek parte hartuko lukete. Halako arazoak saihesteko, uste dut komenigarria dela Antzuolako Udalak izatea alardearen gidaritza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.